Diskoiraa “Looking for action again” TOUR III

Aupa gente:

Oraindik bizirik gaudela adierazteko idazten dizuegu. Vienako kontzertu itzelaren ostean, Eslobakiako herrialdea zapaldu genuen. Banska Bystricara joan ginen Irish Pub batean jotzera. Kontzertua arratsaldeko zortzietan hasten zen eta gurekin batera Pascuda eta Crusade of Fanatism taldeak jotzen zuten. Sekulakoa izan zen kontzertua, bai taldeek emantako mailarekin eta baita egondako giroagatik ere. Hala ere konturatu gara, Eslobakian ez dakitela parranda dezente bat botatzen. Gau amaiera nahikoa biolento eta arazotsua izan zen.

Banska Bystrikan jo ostean, Txekia zapaldu dugu bi kontzertu emateko. Egia esan, Eslobakia eta Txekia arteko bidea gogorra egin zaigu, hiru atasko tragatzeaz aparte, herrialde hauetako errepideak ez dira batere egokiak. Txekiako lehen kontzertua, Brnon izan da. Hemen ere izugarria izan da kontzertua. Hiru talde Grindcorerekin jo dugu eta disko batzuk erosteko aukera ere izan dugu. Bigarrena, Liberecek eman dugu, Petraren laguntzaz. Kontzertu hau bertako kampuseko taberna batean izan da. Iritsi eta ikusi dugun lehen gauza, Erasmusekin Liberecen dauden Bilbotar batzuk saltsitsak jaten izan da. Kontzertu honetan bi talderekin jotzeko aukera ere izan dugu. Egun honetako gaua ere mugitua izan da. Taberna utzi dugunean 15 bat lagun bertan lotan geratu dira lotarako zaku ta guzti.

Gaur Liepzigen jotzen dugu, etxe okupatu batean. Aurrerago kontatuko dizuegu nola ibili garen. Eta ahaztu baino lehen esan larunbateko Bordeauxeko kontzertua bertan behera geratu dela eta ondorioz, ez Metralletak ezta Diskoiraak ere ezingo dugula Bordeauxeko ateneoan jo.

Amaitzeko, lerro hauen bidez Ekaitz Sirventen familiari gure animo guztiak eman nahi dizkiogu. Oso gogorra egin zaigu bere atxiloketaren berri izateak. Naiz eta Europan zehar ibili, bere egoeraren berri jakiten saiatuko gara. Espero dugu Zarauzko kaleetan atxiloketa honi erantzun zabala emango zaiela.

Ondo izan eta muxuak Alemaniatik.

Leave a Reply