Humilitate egunerokoa

Antolamendu falta Uztailak 24, Igandea

Ordu nahiko lo eginda esnatu gara Julioren etxean. Atzoko kontzertu eroaren ostean, gaur Los Angeles ezagutzera joateko asmoa dugu. Behin hemen egonda, ezin lotan denbora gehiegi galdu. Atzo, buelta txiki bat eman genuen eta ikusteko asko dagoela ohartu ginen, beraz, gaur zertxobait gehiago ezagutzen saiatuko gara. Guk, ez dakigu ezer LA-ri buruz. Baina tira, tipikoena Hollywood izanik, bertara eramateko eskatu diogu Juliori. Han ibili gara famosoen ibilbidean barrena, lurreko baldosetan dauden izarrak eta ezagunen izenak ikusten. Ziur mila toki interesgarri daudela hemen ikusteko, baina gu, turista tipikoak bezala, hantxe lurreko baldosei begira. Oscar sariak ematen dituzten antzokia eta antzerako toki mitiko asko ikusi ditugu bertan. Ez da beste munduko ezer, baina kuriosoa behintzat izan da ibilbidea. Mendi magalean dauden “Hollywood” hitzekin ere atera dugu argazkia (nola ez!!)

Soto auzoko mexikar batera joan gara bazkaltzera. Bertatik Ritorekin hitz egin dugu. Bera ari zen azken orduan guri kontzertua topatu nahian. Azken egunetan, bere berririk ez dugu izan eta gaur berarekin hitz egitea lortu dugu. Atzo kontzertua antolatu zigutenek, gaur beste kontzertu bat antolatzen zuten beste toki batean, bertan jotzeko gonbitea luzatu digute. Ritok, beste kontzertu bat ere topatu digu. Hasiera batean, biak jotzeko asmoa genuen arren, elkarrekin hitz egin ondoren bi kontzertuak elkartzea onena dela pentsatu dugu. Beraz, LA-ko 6 talde, bi kanadiar eta Texas-eko talde batekin arituko gara zuzenean gaurkoan. Musika tresnak saltzen dituzten denda batean izango da kontzertua eta pinta ona du. Atzo, gure kontzertuan izandako asko joango dira bertara eta gogotsu gaude.

20110724_los_angeles_i_0749

Ritoren etxean egon gara arratsaldean kontu kontari. Kanadiarrak iritsi bitartean, bere taldeari eta hemengo eszenari buruz hizketan aritu zaigu. Kanadiarrak iritsi dira. Texas-ekoak ez. Bidean geratu dira. Gidatzeko gehiegi edan dutela eta ez dira LA-ra iritsiko. Kuriosoa benetan. Beraz, ekipoa osorik gaudenez, bagoaz kontzertuko aretora.

Jende pixkat badago gu iritsi garenerako. Atzoko kontzertua ikusitako jende ugari dago bertan eta asko gerturatu zaizkigu kasu egitera. “españa, españa” esaten digute denek, eta pazientziarekin azaltzen diegu ez garela espainiarrak! (pazientzia ere pixkanaka bukatzen den arren!). Antolatzaileak, bertako talde pare bat hasiko direla esan digu, gerora, jende gehiago gerturatzen denean, gure txanda izango dela. Jende asko dago gu ikusteko gogoz eta gu ere oso gogotsu gaude. Atzoko kontzertu bikainaren ostean gaur ere kontzertu on bat izango delakoan gaude, gainera bolumenarekin ez dugu arazorik izango gaurkoan. Biran gatozen talde denak elkarrekin joko dugu. LA-ko bi taldeen ostean, kanadiarrak hasiko dira eta ondore gu. Kontzertua hasita zegoela, kanadiarrak etorri zaizkigu ea axola zaigun guk beraien aurretik jotzea galdezka. Guri, berdin zaigu noiz jo, beraz, baietz, arazorik ez dagoela esan diegu. Beranduxeago, nekatuta daudela eta ea beraien ostean jo ahal dugun galdetu digute. Nahiko mareatzen ari garen arren, arazorik ez dugula esan dugu beste behin ere. Kontzertua aurrera doan heinean, orden aldaketa dexente izan dira. Bertako talde gehiago agertu dira eta kontzertua luzatzen ari da. Azkenean, lehen kanadiarrak hasi dira eta kontzertu luze xamarra eman ostean, orain arte ikusi ez dugun antolatzaile bat agertu da. Presa handia dagoela eta geratzen diren talde bakoitzak 10 minutu jotzeko erregutu digu. Denak material berarekin eta kantu gutxi batzuk. Hiruzpalau. Bigarren kanadiarrak, asko tardatu dute hasi direnerako. Gu, jada urduri gaude, baldintzak uneoro aldatzen ari dira arratsalde osoan zehar eta ez dakigu kontua nola geratuko den. Antolatzaile batek 25 minutu, gure materialarekin izango ditugula dio, beste batek ezetz, 10 minutu bakarrik. Azkenean, bigarren kanadiarrak luzatzen ari direla ikusita 5-6. Kantuan bukatzeko esan die antolatzaileetako batek (presa zuenak). Guk, dagoen materiala hartu, gure kitarrak hartu eta jotzeko prestatu gara, nola ahala, baina moldatuko gara 10 minututxo jotzeko. Jendea, gu ikusteko gogoz dago eta sekulako gogoarekin gaude. Baina, zoritxarrez, lehen nota jo aurretik, dendako jabea etorri da mikroak kentzera. Kontzertuak ezin duela jarraitu esan du eta gu jo gabe geratu gara. Tonto aurpegia amorruarekin nahasten ari zaigu. Antolakuntza eskasagatik jo gabe geratuko gara. Inoiz baino jende gehiago gure zain dagoenean. Antolatzaile batzuek izan duten fundamentu faltak amorrua sortzen digu, baita bigarren talde kanadiarrak ere. Denborarik etzegoenean, oso mantso ibili direlako. Azkenean, arratsalde osoa zain egon ostean, mila orden aldaketa egin ostean, jendeari noiz jotzen genuen mila aldiz esan ostean, jo gabe gelditu gara. Kitarrak, aurpegi tristez jasotzen ari garen bitartean, “volver , volver” abesten hasi dira zaletu batzuk. Eskertzen da babesa. Amorrua nola ahala tragatzen ari gara gure gauzak jasotzen ditugun bitartean. Bertako lagun asko, denetik egiten saiatu dira, guk pixkat jo ahal izateko. Baina ez da posible izan. Unerik gozoenak eta gogorrena LA-n. Erdi tonto, erdi triste , erdi amorru aurpegiarekin, bagoaz Julioren etxera. Bera ere sekulako bajoiarekin dago. Esan diogu berak errurik ez duela. Beregatik ez balitz, ez genuke atzoko kontzertua jo ere egingo. Beraz, oso eskertuta, bihotzez eskerrak eman, besarkada handi bat, eta lotara goaz.

Barrukaldera beste behin
Uztailak 25, astelehena

10:00etan hitzartu genuen atzo esnatuko ginela. Iratzargailuak jo du eta jaikitzera gindoazenean… falsa alarma! Norbaitek Albixuri mobilera deitu dio eta ez dugu oraindik esnatu beharrik! (hau poza!) Oraindik goizeko zortziak dira! Beste bi ordu ditugu lotarako. Esnatu, Julioren familia penaz agurtu eta bagoaz gosaltzera. Atzo bazkaldutako mexikarrera goaz gosaltzera. Wifi-a dutela eta internet begiratu beharra dugunez gaurko kontzertuko helbidea lortzeko, bertara goaz. Ohikoa dugun gosari-bazkaria egin eta ordenagailua piztu dugunean hartu dugu eguneko sustoa. Ez da ordenagailua pizten. Bertan ditugu birako datu pila bat eta orain arte atera ditudan argazki eta grabatutako bideo guztiak. Lan guzti hori galduz gero… bosgarren pisutik botako naiz! Jeje (bueno, jeje orain…. Goizean ez hainbeste!). Gosaldu eta ordenagailuak konpontzen dituzten denda batera joan eta datuak salbu dira, beraz, dotore! Partizio bat egin eta sistema operatiboa berriz instalatu beharko dugu, baina, Fresnora iristeko, kilometro dexente ditugu beraz, bideari ekingo diogu oraingoz.

Fresnora iritsi eta kontzertuko tokia itxita dagoela ikusi ostean, ordenagailu denda batera joan gara. Zorionez, bertan, dendariari gertatutakoa azaltzen ari garela, ordenagailua piztu egin da. Disko gogor bat erosiko dugu datuen kopia egiteko eta kitto, salbu gara, oraingoz! Jeje (orain bai jeje)

Kontzertua dugun etxean 18etan egina dugu hitzordua eta ordua denez, etxeraka goaz. Bertan, Omar-ek egin digu harrera. Etxea nahiko zikin dago (ohikoa hau ere) eta Omarrek, zikinkeriari erreferentzi eginez, “it is a realy DIY place” esan digu (guztiz Zuk Zeuk Egin filosofia daraman gunea da). Ez dugu ulertzen nola nahasten dituzten bi terminoak. DIY, gauzak norberak egitea da. Narratza izatea narratza izatea da. Baina, hemen, askotan nahasten dituzte bi terminoak (etxe okupatuak, narratzak izan beharra dutela bezala. Ez dut inoiz ulertu eta ez dut inoiz ulertuko).

Ska-punk eta hardcore taldeak hasi dira gure aurretik. 3 taldek jo dute eta ez dabil jende gehiegi gaurkoan. Astelehena da eta normala iruditzen zaigu (nor etorriko da ba inork ezagutzen ez gaituen toki honetara astelehen batean?). Kostaldeko haize freskoa urrun geratu da. Hemen, barrukaldean, bero egiten du berriz. Kontzertu gelan ere bero handia egiten du. Dena prestatu eta gogor hasi dugu kontzertua. Arraroa eta dena egiten da talde guztia elkarrekin berriz. Indartsu sentitu gara zuzenekoan, denok elkarrekin berriz. Kontzertu ederra eman dugu eta gustura bukatu dugu. Ez gara ohitzen oraindik kontzertua bukatu eta oraindik 22ak izatea. Goiz dira hemen kontzertu asko. Bihar eta etzi kontzertu bikainak ditugu. Abrupteko lagunak antolatu dizkigute Oakland eta San Franciscon. Azken hiri honek, interes berezia sortzen dit. Ikusiko dugu nola joaten den. Zerbezatxo batzuk eta kontutxo batzuk kontzertua eman dugun etxe atzeko parkean, gau giro bikaina dago eta.

Leave a Reply