Humilitate Egunerokoa

NY-N ETXEAN BEZALA ekainak 25, larunbata

270623_1837247493238_1302013488_31679563_7534536_n1

Lo pixkat egin eta pixkat deskantsatzea lortuta esnatu gara gaurkoan. Behar genun deskantso pixkat lehen egun luzea eta gero. Gosaltzera jeitsi gara Harlem auzoko “bodega” batera… han ultramarinos deituko genioken antzeko dena horietako batera. Gosari yanki baten ostean, elektronika eta musika denda batera goaz, kontzertuetarako materiala astelehenetik aurrera lortuko dugun arren makilak, adaptadoreak eta minimo batzuk beharrezko ditugulako. Dendara bidean paseo polita eman dugu eta saskibaloi partidu eder bat ere topatu dugu kalean! Gaur ABC NO RIO mitikoan jo behar dugu eta ilusioa nabaria da gure artean.

80. hamarkadako lehen urteetan hasi ze martxan etxe hau. Urte guzti hauetan kontzertu pila antolatu dituzte eta oraindik ere horrelaxe jarraitzen dute. Matinee-ak antolatzen dituzte larunbat arratsaldeetan. Alkoholik eta drogarik gabeko kontzertuak adin guztientzat. Arte eta espresio ezberdinak lantzen diren gune dugu ABC NO RIO. Garai batean “Abogados y Notarios” izeneko eraikina zen eta hutsa gelditu zenean eta hauek hartu zutenean eraikinaren kanpokaldeko kartelean zutik geratzen ziren letrak hoietxek zirelako: ABC NO RIO. Antolaketa txukuna eta jende ezberdina biltzen duen eraikina eta kolektiboa da eta Manhattan-eko hego-ekialdean erreferentzia bikaina da.

Iritsi garenerako lehen taldea hasteko dago. 15:30etan hasi da kontzertua eta screamo talde gazte bat hasi da kontzertua irekitzen. Ondo egiten dute egiten dutena. Amorru asko transmititzen dute, biana niri pertsonalki ez zait gehiegi gustatzen mikro eta instrumentuak ondo ez zaintzea eta bertako abeslariak mikroa lurrera botatzeko joera handia du. Norbere instrumentuekin nahi duzuna egin baina kontzertuko talde denek erabili behar duten materiala ondo zaintzea beharrezkoa iruditzen zait. Jatorrak dira gaztetxoak, eta gure txanda iritsi denean beraien ekipoko pare bat gauza utzi dizkigute. Guk soinu prueba handirik gabe hasi behar izan dugu kontzertua, ordutegiz justu gabiltza eta ez dago denbora gehiegi galtzeko astirik. Atzo baino soinu hobearekin kontzertu txukuna eman dugu. Asko gozatu dugu. Gainera gureak ez diren instrumentuekin eta normalean jotzen ez dugun bezala jotzera moldatu gara eta oso txukun egin dugula uste dugu. Izerdi patzetan bukatu dugu denok kontzertua eta korrika kanpora atera behar izan gara haizea hartzera. Bikaina gaurkoa ere!

Kontzertuan Huasipungo talde mitikoko abeslariarekin topatu gara. Jatorri latinoko talde mitiko hau Los Crudosekin ateratako Split-etik ezagutzen ditugu eta ilusio handia egin digu beraiek ezagutzeak. Gauean, Brooklyn-en jotzen dutela esan digu eta metroan zein bidai egin behar dugun idatzi eta 9ak alderako hantxe geuden Brooklyn-en. Manhattanen antzik ez du auzo honek. Fabrikaz jositako auzoa da. Denda eta tabernarik ia ez dugu topatu ibili garen tokian eta askoz ere lasaigoa da. Industria gunea merketu, gazte punki eta artistek beraien aktibitateetarako hartu eta pixkanaka inguruaren prezioa igotzeko politika aplikatzen ari da hemen ere NY-ko gobernua. Auzoak garestitu eta pijotzeko politika da hau. Manhattan eta beste hainbat auzotan ere egin dute gauza bera. Espekulatzeko modu egokia da. Punki eta artistak erabiltzeko oso modu egokia da hau politikarientzat. Gazte hauetariko asko ez dira honetaz ohartzen eta beste askok gogor salatzen dute jarrera hau. Sistemaren joku horretan eroritzearen alde ez daudenek ez dute oso ondo ikusten gune hauetan aktibitate hauek sortzea. Orain hala ez dirudien arren sistema eta espekulazioa elikatzeko lehen pausua baita. Kontzertua ikustera joan garen fabrika ere ilegalki bizitzeko baimena ezarritako fabrika zahar bat da. Bizitzeko baldintzarik ez duen fabrika hau orain punki eta gazteek betetzen dute. Alkiler garestiak ordaintzen dituzte lau metro eskaseko txoko hauengatik.

Talde asko dira gaur gauean joko dutenak eta gu Huasipungoko lagunekin elkartu gara eta orain kontatutako historia azaldu digute. Hori dela eta ez diete ilusio gehiegi egiten horrelako kontzertuak jotzea. Beraien alkilerra ordaintzeko antolatzen dituzte kontzertu hauek gazte askok. Talde interesgarri asko ari dira jotzen eta hauetariko birekin hizketan aurrez ezagutzen ginela ohartu gara. Batzuek Off minor taldearekin jo zuten getarian eta beste batzuk bistaz ezagutu gaitu gure Putzuzulo maitean zuzenean jotzen aritu zirelako No slogan taldearekin. Zein txikia den mundua! Gaur ere latino jatorrikoekin elkartu gara eta kontu kontari eta zerbeza artean sekulako festa montatzen hasi gara kontzertuko gelako kanpoko pasilloan. Atzoko kontzertuan egon zen gazte bat ere agertu da gaur arratsaldeko kontzertura eta orain ere gauean agertu da. Atzo izandako lagun asko daude gaur ere, baita Washington DC eta Baltimoreko kontzertuan gurekin izango den lagun bat ere… kuadrilan sentitzen gara eta hegoamerikar hauekin umorerik ez da falta. Huasipungokoak beraien materiala montatu eta beraiek jotzen hasi aurretik guk jotzea proposatu digute. Antolatzaileei ez die grazia handirik egin eta Huasipungokoak, guk jo ezean beraiek ere ez jotzkeo prest agertu dira. Azkenean, jotzen utzi ez digutela eta, beraiek hasi dira jotzen eta 6.abestiaren ostean Palestina eta Euskal Herriari buruz hitz egin dute abestia hasi aurretik. Abestia bukatu ostean, jendeari galdetu diete ea guk abesti pare bat jotzerik nahi zuten eta jendearen baiezkoaren ostean hantxe goaz jotzera. Ezer aldatu gabe, beraien kitarrak eta instrumentuak hartu eta 3 kanta jarraian jo ditugu. Gozamen handia izan da Huasipungorekin jotzea, beraien ibilbide luzean zehar mantendutako jarrera bikaina erakutsi du taldeak beste behin.

Azkenean, kontzertu ostean latinoamerikarrekin beste etxe batera joan gara Brooklyn-en bertan eta han jarraitu dugu parranda. Gu iada oso nekaturik. Etxerako bidean eguna argitzen hasi da berriz, bidean galdu garen arren etxera iristea lortu dugu, pare bat hitz eta berriz lo gaude. Goiz etxeratuko ginela suposatzen zuen egunea… goizean goiz itzuli gara etxera! Bihar New Jersey-n jo behar dugu arratsaldeko 15etan, beraz, goiz jaiki beharra dugu. Bihar gauean deskantsatzen saiatu beharko gara… lortuko ote dugu?

Leave a Reply