Humilitate egunerokoa

Bankuetan beti lapurrak eta alperrak Ekainak 29, asteazkena

(Ez, egunak ez dira errepikatzen NY-n. Atzoko “txapa mutturrean” fetxa gaizki jarri nuen eta gaur berriz errepikatzen da! Jejee)

Aski ezaguna da gure artean lapurrek bankuetan lan egiten dutela. Bankuak beraiek lapurrak direla. Baina alperrak direla ere esan beharra dugu. Orain arteko egunik aldrebesena ere beraien erruz gertatu behar. Goizean esnatu, gosaldu eta bagoaz umore honez metroa hartzera Halabeditik deia jaso eta elkarrizketa egin diguten bitartean. Brooklyn da helmuga beste behin ere. Atzo europar ekialdekoekin itxitako tratua gauzatu eta gidatzen itzultzea da asmoa. Horretarako, ordaintzea besterik ez zaigu geratzen. Noski, errusiar mafiari ezin zaio txartelaz ordaindu, eta hor hasi dira gure aldrebeskeriak. Ez txartelaz ordaindu ezin genuelako (hori suposatzen genuen, motzak gara, baina ez hainbeste). Tratua ixterakoan kotxeko papeleo kontuak eta txukun egiteak ematen digu beldur gehien, eskerrak lehen egunetan gure kontzertuetan egon den Mariana, Venezolar jatorriko gure lagunak, kontu guzti hauen inguruan informazio guztia eman digun eta tratua egiterakoan denean lagunduko digun. Hau dena martxan dugularik ordaintzea besterik ez zaigu geratzen. Furgoneta Pedroren tailerrean jaso behar dugu. Goizeko 10ak inguruan iritsiko ginela esan eta 12etan iritsi gara (bai… NY-n ondo moldatzen garela esan izan dugu egunotan, eta gaur metroz nahastu gara berriz… ejjeje eta buelta luzeagoa eman behar izan dugu gure geltokira iristeko. Hiria gehiago ezagutzeko badakizue). Pedrok barre egin digu 10etan azalduko ginela esan geniolako eta berandu gatozelako. Kuriosoa “ahorita”-ren erregeak berandu etorri izana leporatzea!.

20110629_new_york_iii_0118

4 kale beherago daude bankuak eta dirua ateratzera goaz. Bero ikaragarriarekin. Juduz betetako auzo honetan ez dugu arazorik izango diru eta banku kontuekin. Edo ez dugu espero behintzat. Baina txartela sartu orduko hasi dira arazoak. Kutxazaina automatikoak limite kontuak direla eta ez digu diru kopurua eman nahi, 3200 dollar atera nahi eta ezin. Leihatilara joan gara dirua ateratzera. Kutxako gazte kutxa erakustean, barre egin du bankuko langileak. Jostailu bat dela iruditzen zaie denei. (gure herriko Kutxako langileak horrekin dirua ateratzeko inongo arazorik ez dagoela esan zigun arren. Bidai guztietan izan ditugu arazoak ordea). Leihatilan ez da posible eta beste banku batera goaz. Han ere ez, ezin dirua atera. Han ere barre egin digute txartela ikustean. Hirugarrena Banco Santander da. Honek, hangoarekin harreman gehiago duelakoan, konfiantza gehiago eman digu. Berriz barre egin eta dirua atera ezin dugula esan digu. Dirua ea eurotan dugun galdetu eta eurotan badugu ezin dugula atera esan digu. (ez nuen inoiz horrelako aitzakia merkerik entzun). Malaostia ederrean jartzen hasi gara. Mila buelta ostean inork ez digu dirurik atera nahi eta gure txartelek ez dute funtzionatzen. Ez eta Visa famosoak ere!. Hau da hau!. Eguna aurrera doa. 15 minutuko kontua izango zena luzatzen ari da Banku kontuengatik. Kutxara telefonoz deitu, eta makina zikin horiekin hizketan denbora luzea eman ostean, eman diguten irtenbide bakarra internetez txartelen limiteak aldatzea da. Kuriosoa, hori ere guk egin behar, beraiek ezin omen dute hori egin. Orduan zertarako ote daude? Noski, hemen ez da erraza internet dun ordenagailu bat topatzea. Mundu guztiak bere ordenagailua edo mugikorra erabiltzen du eta ez dago lokutoriorik. Urduritasunak handitzen doaz eta soluzioak gutxitzen.

Bertako bankukoak ez digu telefonoa erabiltzen utzi, ez eta internet ere. Dei internazionalik ezin dutela egin eta bla bla bla. Furgonetako jabearengana goaz arazoa azaltzera eta barrez lehertzen hasi da. Espainian izana dagoela eta ederki ulertu digu gizonak. Txorakeri honekin berak lagundu gaitu internet duen txoko bat topatzen eta konfiantza pixkat hartzen hasi gara berarekin. Aurreiritzi gehien ematen ziguna jatorrena azkenean. Lokutorio latino batera eraman gaitu eta limiteak aldatzen saiatu gara. Limiteak ere limitea du ordea.. eta guretzat ez da nahikoa. Kuriosoa hau ere. Lokutorioko nagusiak The Doors jarri du fondotik, hain musika ederrak ere ez gaitu lasaitu. Riders on the storm, love me two times… eta This is the end kantuarekin batera bagoaz kalera. Limitea ahalik eta handien jarrita ditugun txartel guztiak erabilita behar dugun dirua lortuko dugulakoan. Beste banku batera sartu baina hemen oraindik ez digu dirua ateratzen usten. Momentutan dirua norena denaren zalantza ere sartzen zaigu. Ez al da ba gure dirua? Badirudi ezetz! Norbaiti eskatzen ari garela dirudi. Mila buelta ostean, eta Bruno gure lagun errusiarrak, gure furgoneta izango denean eraman gaitu beste banku batera, zorionez han ateratzea posible izan zaigu! AZKENEAN!! Arratsaldeko 18ak dira dagoeneko!

Bruno, txukun ari da bere lana egiten. Papeleo denak txukun egin dizkigu eta dena ia prest dago. Eskuz egindako matrikula ere. Hilabeterako balio duen matrikula. Segurua ere egina dugu eta dena txukun dugu. Pedro mekanikoari atzeko aulkia mugitzeko eskatu diogu. Aurrerago jartzea komeni zaigu kontzertuetako material guztia sartu ahal izateko. Egun osoaren ostean, furgoneta gurea da eta azkenean gidatu ahal dugu. Automatikoak dira hemen kotxeak. Oso handiak. Erraldoiak. Baina kamioilari sena atera eta bagoaz ttor ttor aurrea. Kasette bat dago furgonetan. REM taldearen single bat da. Bi abestiko kasette bat. Broklyn-en barrena bagoaz gure furgoneta berrian “loosing my religion” abestia bso bezala dugularik. Plazer momentu handia benetan.

Orain kitarrak eta ampliak begiratu behar ditugu, bihar dena lortu ahal izateko. Materiala, bigarren eskuan erosi eta saltzearen maixuak bihurtuko gara bi hilabeteotan. Bista pixkatekin eta gauzak ondo eginda oso merke aterako zaigu dena. Ea egia den!

Leher eginda baina pozik gaude. Kosta zaigu baina lortu dugu nahi genuena. East Harlem-era iritsi gara eta etxe ondoko tabernatxo arabe zahar batera goaz arroz pixkat barazkiekin jatera. Merke, goxoa eta asko. Zer gehiago behar dugu? Etxera itzuli garenerako berandu da jada. Ordenagailuan bigarren eskuko materiala bilatzen jarraitu eta lokartzen hasi gara banan-banan. Ni lehena, bihar jaikitzen ere lehena izango bainaiz. Eguneroko hau idatzi eta argazkiak eta bideoak jeisteko hartzen dudan tartetxo lasai hori aurkitu nahian.

Gure aiton amonek bazekitzen zerbait dirua koltxoi azpian gordetzen zutenean. Aixxx, behar baino gauza gutxiago ikasi genituen gure zaharrengatik! Eskuminak hemendik gure artean ez ditugun aiton amona guzti hoiei, eta bereziki zuri Amona Itziar (Rubia!!!)

Leave a Reply