Humilitate egunerokoa

Frank eta bere familia Uztailak 18, astelehena

Furgoneta konpontzea da gaurko zeregin nagusia. Bueno, eta harekin San Antoniora joatea. Bertan, kontzertuaren ostean bideari ekin behar diogu. Agian bira osoan zehar izango dugun biderik luzeena dugu gaur gauean. 1300 kilometro desertuan barrena. Ilusio berezia egiten dit desertuan gidatzeak. Gogotsu nago. Atzo, Frank-ekin egon nintzen gidatzeaz hizketan. Bera ere zaletu amorratua da. Desertuan flipatu egingo nuela esan zidan. Ikaragarria dela izarrak nola ikusten diren bertatik. Gidatzen asko entretenituko nintzela.

Bere tailerrera joan eta bere anaiak egin digu arrera. Aitarena da tailerra eta bi semeek egiten dute lan bertan. Potentzia ikaragarriko motorrak egiten dituzte bertan. Gure furgoneta begiratzen duten bitartean Frank-ek bere kontxea utzi digu disko denda batera joateko. Bertara joan, diskoak begiratu, batzuk erosi, gureak saldu eta bere kotxea arrankatzerakoan arazoak hasi dira. Kotxeak ez zuen arrankatzen. Hau panorama! Utzi diguten kotxea ere izorratu ahal dugu? Carlos Sainz dirudigu! Berari deitu eta normala dela esan digu. Bere kotxea, tailerrean sobratutako piezekin egina dagoela eta trukoa du arrankatzeko. Mila aldiz saiatu ostean (pintzekin eta guzti) ez dugu lortu. Azkenean, furgoneta handi bati lotu behar izan dio arrankatzeko.

Arratsaldea tailerrean pasa dugu. Konponketa, uste baina gehiago luzatu zaigu. Baina furgonetarekin arazoa izateko egunik egokiena zen gaurkoa! Presa handirik ez dugun eguna, eta konfiantzazko tailer batean. Zorionekoak gu. Oso prezio onean egin digu dena gainera Frank-en familiak. Oso eskertuta agurtu gara. Abendu inguruan gurera bisitan etortzeko plana egin dugu berarekin.

20110720_alburquerque_0538

3 ordu terdiko bidaiaren ostean iritsi gara San Antoniora. Kantina antzeko batean da kontzertua eta iritsi garenerako lehen taldea jotzen ari da. Thrash zaharra egiten dute. Oso ongi egin ere. Bigarren taldea, neskek osatutako taldea da, hauek ere kontzertu txukuna eman dute. Hauen ostean, beste talde bat eta gero gure txanda da. Kontzertu beroa izan da. Jendea oso gertu nabaritu dugu eta dantzan bukatu dute gure saioa. Gustura gaude. Baina, hemen ohikoa den bezala, kontzertua bukatu eta tita batean itxi dute taberna. Oraindik ere izerditan gaudelarik, zerbait afaldu, antolatzaileengatik agurtu eta errepidera goaz berriz. Gaur ez dago lo egiterik. 1300 kilometro ditugu Alburquerquera. Beraz, hit the road (jack)!

Desertuan barrena Uztailak 20, astelehena

Furgonetan eman dugu eguna. Gau osoa gidatzen eman ostean, eguna ere, horretan eman dugu. Alburquerquera iritsi garenerako arratsaldeko 18:30ak ziren. Gaur kontzertua arratsaldez dugu. Hiri bertan Canibal Corpse eta Exumed taldeen kontzertua baitago. Jende gehiena bertara joango delakoan, aurreratu dute gure kontzertua. Bidai gogorra bezain interesantea izan da. Gure kasetez gain, irratiak oparitu dizkigun mexikar abestiak, musika klasikoa etab izan dugu bidaide.

Bidean, internet ere begiratzeko astia hartu dugu. Bertan, bi lagun kexaka nituen idazten ditudan egunerokoak luzeegiak direlakoan. Zer pentsatua eman dit honek bidean (denari bueltak emateko denbora dago 1300 kilometroko bidean jeje). Bizitza arinegia egiten ari garela iruditzen zait. Dena geroz eta laburragoa da. Testuak twit dira gaur egun. Argazki pare bat eta hitz gutxi, erraz jan dezagun. Mastikatu gabe tragatu dezagun. Dena lehen kolpean jasotzeko modukoa egiten dugu jada. 8 minutuko bideo bat ikusteko ere jada ez dugu tarterik. Lehen kolpean eta arin sartzen dena bakarrik onartzen dugu. Hau, harremanetara ere pasa dela iruditzen zait, elkarrizketak ere geroz eta arinagoak ez ote diren beldur naiz. Normala iruditzen zait nire “kronika” hauekin aspertzea. Ez naiz idazle abila. Ezta historiak kontatzen abilidade berezirik duena ere. Baina tira, aspertzen bazarete… sentitzen dut. Beti dago ez irakurtzeko aukera!

Desertuak interes berezia sortzen zidan. Baina bide txikiagoak ere espero nituen. Pelikuleroegia zen agian nire aurreiritzia. Baina tira, oraindik , egunotan, ibilbide motzagoa dugunean, bide txikiagoetan galtzeko aukera izango dudan esperantza dut. Autopista antzeko bide batetik etorri baikara uneoro eta Monegros eta inguruaren antzekoegia egin zait paisaia. Lehorragoa espero nuen. Baina asko gustatu zait. Hain bakarrik sentitzea, polita da. Gasolinarik gabe geratzearen beldur hori. Hain gertu laguntzarik ez dagoela jakitea. Bere puntua eman dio.

Kontzertua ere zoragarria izan da. Post-rock talde batek eman dio hasiera gaurkoari. Oso talde interesgarria. Inoreneroni gogoratu dit momentu askotan. Bigarrenak doom musika eigten zuten. Hauek oso astunak egin zaizkit. Bi abesti luzez osatu dute beraien zuzenekoa. Musika mantsoa asko gustatu ahal zait. Baina errepikakorregia egin zait gaurko taldea. Gure saioa ederra izan da. Jendea pixkanaka berotu da eta aretoan zeudenak oso gustura antzeman ditugu. Ez zegoen jende gehiegi. Zaila zen gaurkoa. 4 kontzertu zeuden hiri berdinean eta gu ez gaitu inork ezagutzen. Asteartea da gainera! Baina bertaratu direnak oso ondo pasa dute eta hori asko da guretzat. Bukatu ostean, taldekideak Canibal Corpse eta Exumed ikustera joan dira. Ni, lehertuta nago eta etxera noa zuzenean. Kontzertuan izan diren gazte batzuek beraien etxera garamatzate. Hantxe beraiekin kontu kontari eta musika entzunaz agurtu dut eguna. Egunerokoa idatzi, argazkiak errepasatu eta bihar Tucson-era ditugun 600 kilometroak egiteko gogoz.

Leave a Reply