Humilitate egunerokoa

Barrukalderantz, Boise “euskalduna” Abuztuak 4, Osteguna

Goiz jaiki gara gaurkoan. 800 kilometro ditugu aurretik eta Boisen, Cryss-ekin egindako hitzorduaren aurretik, hiria, zertxobait ezagutu nahiko genuke. Gainera, orain, berriz ekialderaka hasiko gara, eta gaur berriz, ordu aldaketa dugu. Orain arte, bidaiatzeko ordu bete irabazten genuen arren, orain, ordua aurreratu behar dugu, beraz, ordubete gutxiago izango dugu. Goizeko 7terdiak dira eta bagoaz bideari ekitera. Gaur, Boisera goaz, euskaldun komunitatea bizi delako ezaguna den hiriburu honetara (guretzat behintzat)

Kostaldea agurtu dugu eta berarekin berriz haize freskoari ere agur esan behar izan diogu. Berehala nabaritzen da aldaketa. Kilometro gutxi batzuk barrukaldera egin, eta haizea bera ere beroa da jada. Dena den bidaia arin xamar egin dugu.

Hitzordua baina 30 minutu lehenago iritsi gara. Kontzertua jo beharreko aretoa itxia dago beraz, aretotik oso gertu geratzen den euskal street ikustera goaz. Kuriositatea sortzen digu hainbeste aldiz entzun dugun “euskal komunitate” hau hemen nola bizi den ezagutzeak. Iritsi eta berehala topatu dugu “Bar Gernika”. Euskal kultura azaltzen duen mural baten ondoan. Eta hortxe bertan hasten da Euskal street. Ikurrinak daude zintzilik kaleko argietatik. Euskal izenak dituzten taberna eta hotel batzuk ere badira eta museo bat ere bai. Justu museoaren aurrean trikitixa entzun dugu, gerturatu, eta dantzari talde bat euskal dantzak dantzatzen ari da kalearen erdian, turisten gozagarri. Jende dexente dago inguruan argazkiak ateratzen. Guk ezin diogu barreari eutsi. Grazia egiten digu Euskal Herritik hain urrun bertako dantzak ikustea. Ingelesezko speaker eta guzti! Jajaja Kuriosoa behintzat izan da. Ezin izan gara, “euskal” taberna hauetako batera sartu gabe geratu, Gernikara sartu gara eta euskal produktuak daudela ikusi dugu. Kuriosoa benetan. Basque favourites-en barruan kalimotxoa dute menuan. Idiazabalgo gazta kaliforniakoarekin batera, sagardoa (cidre), … kuriosoa “euskaldunak” izateagatik dituzten prezio altuak. Kuriosoa guztiz (jeje).

Paseotxo labur honen ostean aretora goaz. Iada irekita dago eta jendea dabil inguruan. Cryss-ek ongi etorria eman digu eta kontu kontari aritu ostean, lehen taldea prest dago jotzeko. Kontzertu txukuna eman dute gazte hauek. Indarra dute. Geroz eta jende gehiago dago eta giroa berotzen ari da. Gu, bigarrenak gara. Jotzen hasterako, gerturatzeko esan ikusleei eta berehala gerturatu dira. Giroa berotuko denaren pinta du. Lehen abestiak denak segidan jo ditugu eta jendea dantzan hasi da. Azken hilaran ere jendea gozatzen ikusten da eta azkenean sekulako kontzertua atera da. Beste behin, izerditan eta irripartsu bukatu dugu. Kontzertua amaitzeko, Boise bertako, talde gazte batek jo du. Bukatzean, dena jaso eta Cryssen etxera goaz. Afaria prestatuko digu. Aitona Bermeokoa zuen neska bat ere gerturatu da gurekin hitzegitera. Punki itxura du, txupa partxez josia du, eta tartean ikurrina ere bai.

Afari ederraren ostean, ez dugu gehiegi iraun kontu kontari. Oso nekatuta iristen gara iluntzera. Beraz, sakua hartu, esterilla lurrera bota, eta lotara. Bihar Salt Lake City dugu helmuga. 557 kilometro.

Hunger Strikes Abuztuak 5, Ostirala

Beste behin goizean goiz jaikitzea tokatzen zaigu. 7etan jo du iratzargailuak. Gaurko kontzertua 7etan asten den arren, arratsaldeko 3retan Pelican Bay gartzelan gose greban dauden presoen aldeko protesta bat dago eta bertara goaz. Pelican Bay kartzelan, tortura eta tratu txarrak zirela eta 20 lagun gose greban hasi ziren. Gaur egun, kartzela ezberdinetara zabaldu da eta iada 2000 preso baino gehiago daude gose greban. Arrazen arteko gatazkak bilatzen dituen espetxe politika, lizundutako janaria, argirik gabeko geletan 4 hilabeteko egonaldiak, torturak,… egoera jasan ezin honek eraman die azkenean kartzela ezberdinetako presoak gose greban hastera. Preso hauen aldeko jardunaldien barruan antolatu dute gure guarko kotnzertua eta protestan parte hartzera joan gara Salt Lake City-ra.

20110803_seattle_bremerton_1345

Salt Lake City, oraindik ere Mexiko zenean, Mormoiek, bertan bizitzeko baimena eskatu zieten Mexikoko gobernuari. Hauek, denborarekin, mexikar izateko baldintzarekin, bertan bizitzen utzi zieten. Mormoiek aldiz, Estatu Batuarrekin bat egin zuten eta haiekin bat egin zuten inguru dena Estatu Batuak izateko gudan. Orain, Mormoien lurraldea da Salt Lake city. Lege gogorrak daude hemen. Kanpotik etorritakoei geroz eta zailago egiten zaie hemen bizitzea. Gidatzeko eta bizitzeko behar dituzten baimenak debekatu eta kartzelaratu eta kanporatu egiten dituzte. Kaleetan ere, kanpotarrak jipoitzen dituzten talde nazi asko daude. Adibidez, zerbezak ezin du 3 gradutik gora izan. Kanpotik ekarritako zerbezek ere gradu gutxiago dituzte hemen. Mormoien erreinua da hau.

Protestan ez gara jende gehiegi elkartu baina entzun zaigula iruditzen zait. Ondoren, kontzertua egin behar genuen etxera joan gara. Lan eta eskaintza komunitarioak dituen etxea da. Bertan bizi direnek poliziaren aldetik errepresio handia jasan duten arren, hiriko gazteentzat gauza ezberdinak antolatzen dituzte.

Motel joan da arratsaldea. Antolaketan ez da fundamentu gehiegirik nabari eta mikro batzuk lortzeko ordu asko tardatu dituzte. Kontzertua, berandu, baina hasi da. Misouri-ko talde baten ostean izan da gure txanda. Etxeko saloian da kontzertua. Gainezka dago eta jendea muturraren parean sentitzen dugu. Lehen bateri kolpeak hasi direnerako hasi da eromena. Jendea zoro moduan dantzan eta gu gozatzen. Kontzertu bikaina izan da. Arazo teknikoak medio, Arronak, ezin izan ditu azken bi kantak abestu, eta honek pixkat zapore gazigozoa utzi digun arren, kontzertu bikaina izan da. Bertako jendea zoratzen geratu da, eta jendea gerturatu zaigu gasolinarako bere poltsikotik dirua ematera. Oraindik ere keinu hauek harritzen gaituzte. Keinu politak benetan. Beste behin, dena jaso, eta leher eginda bagoaz antolatzailearen etxera deskantsatzera. Bihar 1000 kilometro ditugu eta 7etan jaiki beharra dugu. Beraz, Jorgerekin kontu batzuk etxean eta lotara berehala.

Pueblo, hau bai herria Abuztuak 6, Larunbata

Normala den bezala, lo gehiago egiteko gogoarekin esnatu gara gaurkoan. Azken egunetan lo gutxi egitea tokatu zaigu eta nabari da nekea. Baina tira, bagenekien estatu batuetako erdialdea gurutzatzean lo gutxi eta kilometro asko tokatuko zitzaizkigula, beraz, irripar egin eta aurrera. Gaur, 800 kilometro ditugu Denver-era. Bertan, Catheter eta Capitalist Causalties mitikoko Haroldorekin elkartu eta Pueblora joango gara, beste 200 kilometro. Beraz, bi aldiz pentsatu gabe, furgoneta arrankatu eta errepidera.

Uste baino errazago egin ditugu kilometroak eta 4etarako Denver-en gara Haroldo-ren etxean. Bere kotxea hartu eta Pueblora. Hiri txikia da Pueblo. Txikia, orain artekoekin alderatuta. Gure herriarekin alderatuta handia baita. Bertan, kotxeak konpontzeko tailerra izandako eta gaur egun taberna kuriosoa den aretoan jotzen dugu. Iristerako, lehen taldeak ia dena prest du. Zerbezatxo bat hartu eta jada lehen taldea hasi da jotzen. Heavy mantsoa edo antzerako zerbait egiten dute. Ez zaizkigu batere gustatu. Bigarrenak, Haroldo eta konpañia dira. Ez lehen aipaturiko taldeekin, Dodsfalla taldearekin baizik. Hauek askoz gehiago gustatu zaizkigu. Crust bortitza egiten dute eta kontzertu txukuna eman dute. 3.enak lehen taldeko kide batzuk eta beste berri batzuek osatzen dute. Hauek ere txukun egin dute saioa. Thrash zaharra jorratzen dute eta potente sonatu dute. Luzeegi jo dute gure gusturako eta azken abestiak luze egin zaizkigu. Jendea pixkanaka berotzen ari da. Dena den, tabernak terraza erraldoia du eta jende asko kanpoan dago. Gure kontzerturako ea denak sartzea lortzen dugun. Dena prestatu eta jende asko dago gure kontzertua hasteko zain, lehen kitarreoekin kanpoan dauden asko sartu dira eta pinta ona du. Ez dugu huts egin. Lehen 4 abestiak bata bestearen atzetik jo eta jendea zoratzen ari da. Zerbeza airetik, jendea lurretik, abeslarien pausu bat atzera eta dena egin behar izan dute “babesean” abesteko. Asko gustatu zaio jendeari eta txalo zaparrada handia jaso dugu kantuen ostean. Jende asko gerturatu zaigu eskerrak ematera. Hain herri galdura nolatan etorri garen arrituta, flipatzen geratu dira kontzertuarekin. Gu ere oso oso gustura. Birako kontzerturik ederrenetakoa. Trago batzuk hartzera gonbidatu gaituzte kontzertu ostean, Haroldo-ren etxera itzultzeko nekatuegi gaude eta bertan geratuko gara eskaini diguten etxe batean lotan. Azkenean, etxea, karabana bat zen. Jeje nahiko toki deserosoa eta zikina lotarako, baina tira, biran gaude, beren etxea eskaini digute eta bihotzez eskertu diegu emandako dena. Bikaina gaurkoa eta biharkoak ere pinta ona du. Gainera 200 kilometro bakarrik ditu Denver-en dugun kontzerturako. Ea ba zer moduz doan.

Denver-era Abuztuak 7, igandea

Karabanan esnatu gara. Atzo gauean, oheratzean, Hristok esan zigun goizean sekulako beroa egingo zuela. Eta halaxe izan da. Eguzkiak karabana jo duen momentuan sekulako beroa egin du. Gaur, presa berezirik ez genuen jaikitzeko, eta atzoko bidai luzearen ostean, presarik gabe lo egin nahi genuen. Baina eguzkiak ez digu lotan utzi. Beraz, jaiki eta egunari ekin diogu. Motel hasi gara dena den. Banan bana esnatzen joan gara. Bata gora begira, ni atzeratutako egunerokoak idazten, bestea gainontzekoak esnatu zain,…. Etxeko salan elkartu gara denak pixkanaka. Etxekoak ere pixkanaka esnatu dira. Batek, esnatu eta berehala, gitarra hartu eta kantu bat jo ahal zuen galdetu digu. Baietz esan diogu (onartu behar dut, baiezkoa ematean, gogo gehiegirik ez genuela inor kantari entzuteko, eta ez genuen gehiegi ere espero esnatu berria zen hippiaz). Baina kantari hasi denean, maitemindu gaitu. Sekulako abestia jo du gazteak. Ahots bikaina eta kantu zoragarria. Kamera atera eta berriz jotzeko eskatu diot, kantua ahaztu ez dezadan, eta bueltakoan ikasi dezadan. Hitzak ere eskatu dizkiot Jeremeyri. Jatorra mutila. Artista!

Bi ordu besterik ez ditugu gaurkoan. Hau ez da ezer! Huskeria! Sekulako beroa egiten duen arren, ez zaigu axola. Bidean galdu nuen tripodea erosi dugu bidean eta Denver-era berehala iritsi gara. 4etan genuen hitzordua Haroldorekin. Jatetxe batean lan egiten du eta bazkaltzera gonbidatu nahi gaitu. Sekulako bazkaria gainera. Janari oso goxoa (aukera begetariano askorekin) eskaintzen dute eta dena berak ordaindu digu. Ordaindu nahi geniola esan diogu baina zera erantzun digu: “euskal herrira joan naizen guztietan, jaten, edaten eta dena eman didazue, orain nire txanda da!”. Hurrengo biran, berriz guk sukaldatuko diogula esan diogu. Gaur, bera izan da sukaldaria, fina gainera, bueltan gure txanda izango da.

20110808_denver_1494

Bere etxean eman dugu arratsaldea. Internet duenez, birak exigitzen dituen lanak egiten pasa dugu arratsaldea. Oraindik ere hutsak ditugun egunetarako kontzertuak bilatzen eta emailak idazten. Pixkanaka hasi da jendea gerturatzen. Oso pixkanaka. Familia giroa dago. Lagun asko elkartzen hasi dira eta denak beraien artean ezagunak. Eta lagun artean, etxean duten entsegu lokalean, hasi da kontzertua. Atzo ere gurekin jo zuten Dodsfalla taldea hasi da zuzenean. Haroldoren taldeak atzo baino kontzertu hobea eman duela esango nuke. Nik behintzat gustorago ikusi ditut. Ondoren gure txanda iritsi da. Jendeak harrera beroa egin digu eta dantzan bukatu dute kontzertua. Kontzertu bikaina izan da, dena den, bis-ak aukeratzean eztabaida txikia izan dugu eta zapore goxoa ozpindu zaigu. Dena den, etxean bertan gaude lagun askorekin eta giro polita dago eta zerbezatxo batzuk hartzen agurtuko dugu eguna. Beti bezala, gustura, kontu kontari, eta leher eginda! Jeje bihar berriz 7 orduko bidaia Rapid City-ra arte! Eutxourrei beti!

Leave a Reply