Managaitz taldea Usurbilgo Gaztetxean
Apirilaren 11ean, ostiralean, Usurbilgo Gaztetxean bixitan izango ditugu CITIZEN KANE, MANAGAITZ eta MADELEINE taldeak gaueko 23:00etatik aurrera. Halere, kontzertuaren aurretik 22:00etan NASI GORENG ADIKTION dokumentala proiektatuko dugu, bertan Diskoiraä talde zarauztarraren asiako biraren abenturak izango ditugu ikusgai.
CITIZEN KANE
Urte pare bat zuzenean aritu gabe egon eta gero, martxan da berriz ere Orioko banda. Hc-punk taldea da rock ukitu nabarmenekin, kantu azkar, alai eta laburrekin egurra emateko prest datoz. Gogoekin uzten zaituzten talde horietako bat.
MANAGAITZ
Managaitz, 2011ko urte bukaeran sortu zen taldea da. Zarata barruan beste ‘estilo’ bat jorratu nahiean hasi ziren ideiak sortzen. Pixkanaka taldeari forma ematen hasi ziren eta azkenean horrela gelditu zen, bi kitarra, baxua, bateria eta bi ahots. Bertako partaideak beste proiektu askotan egon dira musikaren munduan nahastuak, Diskoiraa, Metralleta, Erantzun, Mor-more, Zulo, Ernia…… Hardcore punk-a egiten dute kutsu melodiko batekin, abestiak nahiko melodikoak dira eta ahotsa ere bai, nahiz eta zati batzuetan indarrez sartu. Letretan gure inguruan gertatzen edo ikusten duguna isladatzen saiatzen dira, beti ere polítika edo salaketa ahaztu gabe. Proiektu berri honek ere ZarataZarautzeko beste taldeen ildoa jarraitzen du, DIY edo zu zeuk egin filosofian oinarrituta. Zirkuito komertzialetik at.
MADELEINE
Madeleine Donostiako laukotea da. Musika instrumentala jorratzen dute, iturri askotatik edaten duena. Soinuaren bitartez sentsazio ezberdinak sortzeko gai dira. Rockaren arau tradizionaletatik aldenduta, beraien pasarte eta melodia bereziek hegan egitera gonbidatzen dute. Askatu irudimena eta murgildu bidaian.