Juanma eduki genuen ZarataZarautzen

13 uztaila, 2011

Atzoko ZarataZarautz irratsaioan Juanma eduki genuen berriz ere ordu eta erdi luze batez. Juanmaz gain gainera, Mattingunen bisita ere izan genuen, B Jaunaren hutsunea estaltzeko.

3025_discharge

Bertan, 80ko hamarkadako talde Britainiarrak entzuteko parada izan genuen. Discharge, Disorder, Chaos UK, Varukers…

Irratsaioa entzun nahi baduzue, HEMEN duzue. Playlista berrzi HEMEN.

Humilitate egunerokoa

12 uztaila, 2011

Igandean beti igande Uztailak 10, Igandea

Jason-en etxean esnatu gara. Egunero toki ezberdin batean esnatzeak horixe du, esnatu eta batzuetan minutu pare bat behar dituzula non zauden ohartzeko. Gainontzeko kideak lo daudela, goiz esnatu naiz gaur ere. Euskal Herrikoekin hitz egiteko tartetxoa goizetan hartzen dut batzuetan, eta gaur ere horixe egin dut. Gainera, internetera sartzeko aukera dugunetan, birako egunak antolatzeko beharrezkoa dugu errepaso bat egitea. Konfirmatutako egunetako informazioa bildu, egun hutsetarako kontzertuak bilatu, emailak idatzi,… lan handia ematen du bira bat antolatzeak (zer esanik ez bi hilabeteko bira batek) eta horretantxe nabil goizean goizetik. Baina taldekideak ere berehala esnatu dira eta ohikoa den bezala, atzoko kontuan errepasatzen hasi gara, barre asko egiten dugu aurreko eguneko anekdotak eta momentuak gogoratzen.

baltimore_017

Columbia da gaurko helmuga. 350 kilometro besterik ez ditugu, beraz, presa handirik gabe aritu gara goizean. Errepidean dugun bidearen gehiengoa egin eta 100 kilometro faltan geratu gara restop batean bazkaltzen. Hemen jateko kontuan aukera asko dago. Restop ia guztietan duzu, hamburgeseria, jatetxe mexikarra, kamioilarientzako gosari jatetxeak,… eta ia denetan dute aukera begetarianoren bat. Baina denek sukaldatzeko “fritanga” estiloa hautatzen dute eta horrek pixkat nekatzen du. Dena erdi prekozinatua izate horrek jada pixkat nekatu nau. Badut gogoa etxera itzultzean gure estiloko bazkari eder bat prestatzeko. Jejeej biana tira… aguantatuko dugu (ze erremedio!!).

Kontzertua 19:00etan hasten omen zen. Guri, 20:00etako egoteko abisatu ziguten. Baina oso mutil puntualak gara eta lehenak izan gara etxera iristen. Etxekoak bertakoak baino lehenago alajaina! Jada konturatu gara hemen jendeak kontzertuetako ordutegiak nola betetzen dituen, beraz, ez gaitu bereziki arritu. Orokorrean beti joan izaten dira kontzertuetako arratsaldeak motel. Bai taldekide, baita antolatzaileak berandu agertzen dira, baina gaurkoan bereziki motel doaz. 19:00etan etxeko bi nagusiak bakarrik daude hemen. Jendea gerturatu denerako 21:00ak dira dagoeneko. Oso gazteak dira bertaratzen ari diren denak. Baita gainontzeko taldekideak ere. “umedadea!” gure taldekide batek esan duen bezala. Baina pinta ona du. Guri, bigarren jotzeko esan digute. Batzuetan, zaratarekin arazoak izaten dituztela eta guk kontzertua zihurtatu dezagun. Lehen taldea The Clash taldearen antzeko zerbait da. Kontzertu txukuna eman dute eta jendeari gustatu zaio. Salto handia izan da gero gu izatea agian. Jotzen hasi garenean, batzuek 3-4 abesti bakarrik entzun dituzte. Eta kanpoan zeuden batzuei ez zaie sartzeko gogo gehiegi geratu! Jejeje (modernoek esaten duten moduan: “ez dute gure artearen kontzeptua ulertu!!”). Ondoren beste bi taldek jo dute. Batzuek duela bi egun topatu genituen Fraifax-en, Virginian. Gustora hartu dugu berriz elkar ikustea. Besteak, surf musika egiten zuten. Nahasketa bitxia gaurkoa ere. Baina jendea gustora egon da. Gure kontzertuan ez gehiegi, baina orokorrean bai.

Pixkat tokiz kanpo egon garen sentsazioarekin geratu gara. Gogorregia gure musika gaur zegoen ikusleentzat agian. Edo agian, besterik gabe, ez zaie gustatu. Dena den, gure antzerako taldeen kamixetekin zeuden ikusle batzuk ere baziren kontzertuan, haiek gure kontzertua asko gozatu dute. Beste taldeekin sufritu dute gehiago! Jeje. Baina toki polita izan da jotzeko eta egun bikaina pasatu dugu. Bihar, Georgia, estatura goaz. Hain gustoko ditugun Baroness, Kylesa, Black tusk,… taldeen jatorrira. Horrek ere ilusioa egiten digu. Eta astelehena eta asteartea izan arren, Atlanta eta Augustako kontzertuez ongi hitz egin digute. Jotzen dugun tokiak ederrak omen dira eta giro ona izaten omen da. Goizean furgoneta tailerrera eraman behar dugu. Gurpilak ondo ajustatu beharra ditugulako, aurreko ezkerreko gurpila barrukaldetik gastatzen ari baitzaigu. Oraindik ere konpondu ez dugun pedalaren kontua ere egin beharra dugu, beraz, musika denda batetik ere pasa behar gara. Beti dago zer eginen bat biran! Eta azkenean, nahi baino denbora gutxiago! ejeje

Humilitate egunerokoa

8 uztaila, 2011

Errepideak entretenitzen du (nau) Ekainak 4, Astelehena

Gauean zehar, makina aldiz esnatu gara taldekideok. Bero handia egiten du furgonetan, kaleetan zarata asko dago eta jendearen joan etorriek gure hotelean oihartzun handia sortu dute. Izerditan esnatu gara, goizeko 5tak direla esan digu mugikorreko alarmak. “Riders on the storm” kantua dut mugikorreko alarma melodia gisa eta esnatze goxoa izan da. Furgonetan ez da ohe batean bezala deskantsatzen baina badirudi umorea ematen digula. Ordu oso gutxi eta gaizki egin arren umoretsu esnatu ohi gara. Bere grazia ere ematen diolako 4ak eta material guztia furgoneta honen barruan horrela moldatzeak. Motorra piztu eta bagoaz Baltimore aldera. Eguna jada argitu da. 670 km aurretik. Eta egia esan behar bada, ni gidatzeko gogoz nago.

Asko gustatzen zait eguneko lehen orduetan gidatzea. Taldekideak, pixkanaka, lokartzen hasi dira, nik, logurerik ezean, oso gustoko dut denak lo hartuta gidatzea. Ordu hauetan errepideetan dagoen lasaitasunarekin eta irratiaren laguntzarekin oso atsegina egiten zait bidai luzeak gidatzea. Ez dakit kamioilari sen hau nondik atera zaidan. Txikitan, oporretara joatean, aitari hainbeste ordu gidatzen ikustean flipatu egiten nuen. Nola aguantatze ote zuen hainbeste ordu bolantearen aurrean? Orain aldiz, horretaz ere asko gozatu daitekeela ikasi dut. Azken urteetan taldearekin gidatutako bira eta lurralde guztiak asko aportatu didate. Denak lo hartzen dutenean, hausnarketarako atmosfera berezia sortzen da. Nire barrukaldearekin elkartu eta paisaia hauez asko gozatzen dut, nire barruko gauzei bueltak ematen. Irratian, sekulako perlak jartzen dituzten kate bat topatu dut. Gainera, kuriosoa den arren, talde gehienen bi abesti jartzeko ohitura du Bostonen bertan bilatu dudan irratiak. Pearl Jam, Van Halen, Eric Clapton, The police… eta beste hainbat klasiko jarri dituzte lehen kilometroetan. Baina subidoirik handiena Maryland estatura sartzean izan da. Justu muga pasatzean, eta seguraski jada beste irrati batean, Yes taldearen “Roundabout” abestia jarri dute. Bolumena igo eta topera gozatu ditut abesti luze honek dituen doinu eta erritmo guztiak. Duela gutxi, nire lagun canadiar handi batek egindako oparia da abestia hau. Biran zegoela, etxean jarri zidan abesti hau etxean, orduztik momentu asko alaitu dizkit (bai, ez itxaron egunerokoa bukatu arte youtube-n abesti hau entzuteko).

Goiz ateratzeak asko lagundu gaitu. Trafikorik ez dugu harrapatu eta erraz egin ditugu Baltimorerako kilometro guztiak. Bertan, ohikoa bilakatu den pateada jo dugu. Egia esan, eta egiten duen beroarekin, kosta egiten den arren, ohitura ona da. Horrela, hiria ezagutzeko parada dugu. Portua, dabil jende gehiena. Militarren banda bat jotzen eta turistentzat eta haurrentzat atrakzio asko. Baina 3 km hurrunago joan gara gu portua gurutzatu ostean. Edgar Allan Poe idazlearen etxea bisitatzera goaz. Eguzkitan eta izerditan hantxe iritsi gara Poopletown auzora. Etxe txikiz osatutako auzoa. Beltzak dira nagusi hiri honetan, baina auzo honetan bizi dira finantza zentruan lan egiten ez dutenak. Asko gustatu zaigu auzo hau. Kaleetan haurrak urarekin jolasean, etxe atarietan jendea kontu kontari,… Finantzial zentru eta portu inguruko kontsumo ereduarekin alderatuta gustokoagoa dut hemen topaturikoa. Alai kasu egin digute atarietan topatu ditugunak. Edgar Allan Poe-ren etxera iristen ere aitona batek lagundu gaitu. Gaur itxita dago, beraz, bere bizitza laburbiltzen duten kanpoko plaka irakurtzearekin konformatu behar izan gara. Egia esan, barruan topatuko genuenarekiko interes berezirik ez genuen. Etxe arrunt bat ikusiko genuelako azken finean. Bidea eta Poopletown ezagutzea ederra izan da!

Berriz, portu aldera itzuli eta eguna bukatzen ari dela gure lagun Mough-ek Silver Spring herriko helbide bat eman digu. Mough, hurrengo egunetan kontzertuak antolatzen dizkigun laguna dugu. Silver Spring-era joan gara. Bertan, zerbeza lata hutsez, xaguren bat, eta zikinkeria ugari duen etxe batean lo egin dugu. Bertakoekin kontu gutxi batzuk egin, auzoan bueltaxka txiki bat, eta gure gaztetxe eta euskal herrian parte hartzen dugun mugimenduen antolaketa eta hutsuneez luze hitzegiten agurtu dugu eguna. Kanpoan, petardo eta itxaferoak zarataka jarraitzen dute. Zorionez, ahaztua genuen gaur Independentziaren eguna zela bertakoentzat. Ez dugu desfile patriotikorik txupatu behar izan. Kontu kontari banan banan lokartu gara, fondoan oraindik ere itxaferoren bat entzuten delarik.

Washingtonen ere eguzkiak dotore jotzen du Ekainak 5, asteartea

Ederki deskantsatuta jaiki gara zabortegi desordenatua dirudien etxean. Atzo gauean sukaldeko paelan ikusitako xagua iada lotara joango zen. Gauzak jaso eta bart internet zuela ikusi genuen kafetegi senegaldarrera goaz. Kanpotarren komertzioez osatutako auzoa da lo egin dun hau. Honek atmosfera berezia ematen dio, Vietnam, China, Senegal, Mauritania… mundu guztietako txoko ezberdinetatik etorritako jendeak osatzen du auzoa eta denda bakoitzak mundu ezberdin bat dirudi. Egun batzuetan ezin izan dugu internet erabili eta gure egun libreetarako kontzerturik atera den edo ez begiratzea tokatzen zaigu. Gosaldu eta gaurko irteerari ekingo diogu. Gaur, klasiko bat tokatzen da, Washington DC, Estatu Batuetako hiriburua.

Washingtonera iritsi eta berehala topatu dugu Kapitolioa. Ez dakigu garbi zer den, baina aski ezaguna egiten zaigu eraikina. Telebistan, mila aldiz ikusia. Handik gertu aparkatu eta bagoaz eraikin ofizial hauek ikustera. Eraikin guzti hauek erraldoiak dira. Impresio handia egiten dute eta sekulako beroa egiten duen arren, alde batetik bestera ibiltzeko gogoak ez dizkigu erraz kentzen eguzkiak. Kapitolioa ikusi ostean, Etxe zuriaren bila goaz. Denak gertu daude. 3 km-tako eremua antzerako eraikinez josia dago. Historia museoa (Smithsonia), Justizia Palazioa, Estatu Batuetako artxiboa, Natura historiaren eraikina,… Hurrunetik ikusi dugu obelisko erraldoia. Hain ezaguna den monumento honen inguruan dago etxe zuria, bertarantz goaz. Haren frentean dago Lincoln Memorian eraikin mitikoa eta eskubitara dago Etxe-zuria. Gaur ere, lehertuta eta izerdi patzetan (bai, beste behin), 6 bat kilometro egin ostean, bagoaz lo egingo dugun tokira. Takoma Park herrixka lasaiera. Bertan, gure lagun Mough-ekin elkartu gara. 2004en Donostiako Etengabeko Zarata jaialdian elkarrekin jo genuela ohartu gara. Strong Intention taldearekin etorri zen Mough biran, eta guk, Erantzun taldearekin jo genuen urte hartan. Zein txikia den mundua (bai, beste behin). Lehen aldiz, sukaldean afaria prestatuko dugu gaurkoan. Hemen, dena, kanpoan eginda erosteko joera dute, baina gaur sukaldatzeko plana egin dugu Mough-ekin. Dutxatu, labadora jarri eta deskantsatzera goaz. Bihar, Kontzertua dugu Baltimoren. Egun libreak ondo daude, baina kontzertuak behar ditugu guk. Zuzenekoen yonkiak.

20110705_washington_dc_i_0205

Zuritik beltzera Uztailak 6, asteazkena

Beroak lo gehiegi egiten utzi ez digun arren, ondo deskantsatuta jaiki gara gaurkoan. Egun osoan, kontzertuaz gain, zer egin gutxi ditugu, beraz, alarmarik gabe esnatu gara gaurkoan. Gaur ez da “Riders on the storm”-ik egon, gauez, euria egin duen arren. Mough handiak, gosaltzeko ogia eta hainbat gauzak erosi ditu eta aspaldiko partez gure gosarien antzerako zerbait egitera goaz. Hemen, ohikoa, Baggels-ak jatea da. Erroskila formako eta ogi boilo antzeko batean aurkezten den otartekoa da. Arraultza, hamburgesa (begetarianoak ere badira ia txoko guztietan), bacon-a (hau ere begetarianoa topatu dugu), tortilla,… eta antzerakoekin osatzen da. Frijitutako janari asko jaten dute hemen inguruan eta ni iada nekatzen hasi naiz zentzu horretan. Gaurkoan aldiz, Mough-ek ogi frantsesa eskarri digu. Guk, han jaten dugunaren antzeko ogia da. Faltan botatzen genuen egia esan. Europara joaten garenean bezala, ogirik gabe otorduak, ez dira gauza bera. Mermelada, mantekila, fruta, esnea (almendra eta soia esnea), kafea, eta musika ona. Ederra izan da gosaria! Aupa Mough, bost puxtarri hiretzat!

Kontzertura bitartean dugun zereginen barruan bi dira nagusiak: furgonetan piztu den piloto horri buruz tailerren batean galdetzea eta hemen erabili ahal izateko telefono mugikorrerako txartel bat erostea. Tailerra, etxe ondoan aurkitu dugu. Mekanikoan ordenagailura lotu du furgoneta eta berehala topatu du arazoa. Furgonetak, barruan duen ordenagailua da arazoa ematen ari dena. Etxeko ordenagailuek arazoak ematen dituztenean bezala honek ere piztu eta itzaltzea behar du. Hori, jabeak soilik egin ahal du. Jabearekin ez garenez ikusiko, ez dugu horretarako aukerarik, baina mekanikoak, ez kezkatzeko esan digu. Horrek, ez digula arazorik emango bidean zehar. Beraz, arazo bat gutxiago eta aurrera goaz.

20110705_washington_dc_i_0268

Telefonoarena egitea da hurrengo zeregina, baina bidean, lagunek gomendatutako diska liburu batera goaz. Baltimore-n dago, kontzertua dugun hiri berdinean, beraz, bertaratu eta eguna bertan pasako dugu. GPS-arekin berehala topatu dugu denda. Oso denda interesgarria gainera. Liburu pila topatu ditugu eta baita diskak ere. Kompratxoa egin, eta gure diskak ere erosi dizkigu dendariak. Beste liburu dendatxo baten helbidea ere badugu beraz, bertara goaz, han gainera internet omen dago eta jateko ezer ere bai, beraz, bertaratu eta telefonoarena han inguruan egitea erabaki dugu. Denda hau, kafetegi antzekoa da. Janari begano asko dute eta doan erabili ahal diren ordenagailuak. Fanzine eta liburuz josia daude ormak eta giro atsegina dago. Batzuk kontu kontari, eta beste batzuk, liburuak irakurtzen. Txoko goxo honetan aktualizatu dugu kure email postontzia eta lasai-lasai egon gara arratsaldean zehar. Baltimore hiria ezagutu genuen aurrekoan beraz, gaur ez dugu, oinez bueltaka ibiltzeko beharrik. Handik atera eta kontzertuko tokira goaz (bai ohartuko zineten bi egiteko genituela egunaren hasieran… eta jada bat ahaztu dugula. Horrelaxe daramatzagu egun batzuk)

Gaurkoa ere “bassement show” horietakoa da. Etxeko azpiko solairuan egiten diren kontzertu horietakoa. Gaur jo beharreko tokian gure ezagunak diren talde askok jo dute: Strong intention, Cop on fire, Nux Vomica,… Orain arte ezagututakoak baino askoz ere handiagoa da. Kontzertuak egiteko azpiegitura hobea du eta etxearen atze aldean dagoen patioak ere tokia bereziki egokia egiten du. Kontzertua 19:00etan hastekoa den arren, jende gutxi dabil hemendik bueltaka. Etxekoak, inguru garbitzen ari dira, guk, deskantsurako tartetxo bat hartu dugu jateko pizza zati batzuk ekarri dizkiguten bitartean. Nekatuta bezala gaude, erdi lo, aktibatu gabe bezala. Kontu kontari eseri garen gelan ere erdi lo hartu dugu. Pixkanaka, jendea etortzen hasi da, batez ere beste taldeetakoak, baina oso mugimendu gutxi ikusten da.

Zurien auzotik, beltzenera pasa gara. Barclays house, kontzertua eman behar dugun etxea, beltzen auzo batean dago. Auzo nahiko txiroa omen da. Kaleetan jende asko ikusten da. Denak etxeko atariko eskilaretan eserita. Pelikula yankietan, beti erakutsi digute etxe atarian eta kale izkinetan beltzak daudenean, gaiztakeriaren bat egiten ari direla. Kuriosoa da bizi osoan zehar pelikulen bidez sartu dizkiguten aurreiritziak. Nik gustoko dut hainbeste jende, gazte eta heldu, kalean kontu kontari ikustea. Zoritxarrez, guretzat, kaleak alde batetik bestera joateko bide besterik ez dira bilakatu. Kaleak bizitza egiteko gune bat direla ahaztu zaigu. Hemen, oraindik, kalea elkar topatu eta elkarrekin bizitza konpartitzeko guneak dira. Reclaim the streets!

Erdi lo eta motel jarraitzen dugu lehen taldea soinu frogak egiten hasi direnetik. Pixkanaka jendea gerturatzen ari da, baina oso pixkanaka. Mough eta New York-en ezagutu genuen gure lagun Melisa ere etorri dira kontzertura. Hauekin sotanora jeitsi, eta lehen taldea hastera doa. Black metala jorratzen du talde honek. Taldeko 3 kide neskak dira eta egia esan poza ematen du hainbeste mutilez osatutako eszena honetan pixkanaka geroz eta neska gehiago ikustea. Bigarren taldeko abeslaria ere emakumea da. Hauek, asko gustatu zaizkigu. Oso ahots potentez abestutako hc azkarra egiten dute. Interesgarria benetan. Jende dexente elkartu da dagoeneko, eta talde bakoitzak 20 minututxo jotzeko ohitura dagoenez, gure txanda berehala iritsi da. Ekipo guztia montatu (bai, hemen talde bakoitzak bere ekipoarekin jotzen du, ez da apenas ezer konpartitzen). Erdi lo geunden arren, montajea azkar egiteak espabilatu gaitu eta abesti erdi bat proba gisa egin ostean hasteko prest gaude. Kamixetak kendu (bestela gauero izerditan blai bukatzen dute eta ez dugu arropa gehiegirik) eta arratsaldean egin dugun abesti zerrenda berria hastera goaz. Gaur, hasteko: Sua antzokian!

Ikaragarria izan da. Lehen abestiko erdialdetik jendea sekulako pogoa dantzatzen hasi da. Kontzertu aretoa ia beteta dago eta sekulako dantza mugimendua dago. Nik, bateriaren ondora igo behar izan dut kitarra jotzera. Berehala berotu da oraindik ere “fresko” mantentzen zen aretoa eta bigarren abestian ere jendeak dena ematen jarraitzen zuen. Gure abesti guztietan sekulako giroa egon da. Hau da hau gozamena! Izerditan blai gaudelarik, zerrendaren amaierara iristen ari gara. Jendea txoratzen ari da. Municipal Waste-ren bertsioarekin bukatu dgu gaurkoan ere eta ikusleren bate ere gerturatu da gurekin koroak egitera. Gaur, sekulako pogoa egon den arren, ez da biolentoa izan. Eta hori oso gustoko dugu. Ez gara pogo biolentoen zale. Ikusleak aretotik ateratzen dituen pogoen zale. Gaurkoan ordea, denak zeuden dantzan. Kontzertua bukatu eta jende pila gerturatu zaigu kontzertua zoragarria iruditu zaiela esan eta kasu egitera: “awesome guys”, “you kick our ass”, “great show”… izerditan eta irriparre handi batekin gaude denok. Berotasuneik ihesi, terrazara goaz. Bertan eseri eta kontu kontari egon gara denbora luzez kontzertuan ezagututako eta aurretik ezagutzen genituen lagunekin. Erdi lo egotetik, sekulako kontzertua ematera pasa gara. Zuritik beltzera. Egia da, kontzertuak beti aktibatzen zaituela. Baina gaurkoa zoragarria izan da. Bihar Washington DC-n joko dugu. Irrikitan jada!

Down to Agony eta Napalm taldeak Putzuzulon

6 uztaila, 2011

ZARATAZARAUTZEK AURKEZTEN DU…
UZTAILAK 8 OSTIRALA

PUTZUZULO GAZTETXEA
22:30

DOWN TO AGONY
Penintsulako crust iluneko talde onenetarikoa Putzuzulon lehenengo aldiz! Europar biraren azken kontzertuetako bat izango da zarautzen emango dutena. Apocalipsia, ostiral gauean gure gaztetxe maitean biziko duguna, ekarri gas-maskarak eta hilkutxak!! Belarriak berotzen joatzeko…
http://www.youtube.com/watch?v=ZPfMOajXV2Y&feature=related

+
.
NAPALM
Bilbotik Hardcore metal agresiboa. Versus?¿, Non Servium?¿, Soziedad Alkoholika?¿. Egurra!!! Etorri eta  ekarri zure kaputxa! Belarriak berotzen joateko…
http://www.youtube.com/watch?v=rzb8hke6NcA&feature=related

uztailak8-web

Ernia taldeak Getariako Gaztetxean joko du

5 uztaila, 2011

Ernia taldeak Getariako Gaztetxean joko du larunbat honetan, Uztailaren 9an. Bertan, Lasarteko Lili & The Tomboys Punk Rock taldearekin eta Alemaniako Modern Pets taldeekin ariko da.

getaya

Humilitate egunerokoa

5 uztaila, 2011

Tu a Boston y yo … tambien Uztailak 1, Ostirala

New Yorken esnatu gara, azkeneko aldiz denbora apur batean. Gaur, furgonetan sartu eta nomada bizitza hasiko gara. Iada lau kontzertu eman ditugu, baina oraindik ere ez dugu biran gaudenaren sentsazioa. Egunero toki ezberdin bat ikusteak eta egunero furgonetarekin errepidea txupatzeak ematen digu biran egotearen sentsazioa. Atzo, NY-en bizitako trafiko eromena dela eta goiz ateratzeko asmoa dugu. 19:15 arte ez dugu Bostonera iristeko presarik baina trafikoa ekiditeko asmoz goiz ateratzea da asmoa. Dena den, gaur iristen zaizkigu kasette eta Cd-ak. Udaberrian grabatu genituen abesti berriak CD-an editatuko ditugu eta aurrez kaleratu genuen mini-cda kasette formatuan aterako dugu. UPS kompañiaren bitartez iritsiko zaizkigu eta haren zain egon behar NY-tik atera bitartean. Emaila begiratzen, UPS-koak atzo paketea etxera ekartzen saiatu zirela baina etxean inor ez zegoenez gaur berriz saiatuko direla idatzi digute. Jejeje memoria egiten hasi gara, atzo etxe behean gosaltzen ari ginela, banatzaile batek galderaren bat egin zigun, baina bertakoak ez ginela esan genion. Jajajaj gure kasetteak ziren nonbait! CD-ak egunaren amaieran iritsiko direla esan digute, beraz, ez dugu uste gaur eraman ahalko ditugunik. Goiza leihotik begira eman ostean UPS-ko furgoneta iritsi da. Gure kasetteak dira! Hau ilusioa! CD-engatik galdetu diegu eta ez dakiela ezer esan digu. Beste banatzaile batek izan ditzake. Hobeto begiratzeko esan, eta hara! Furgoneta berean daude! Dena eskura dugu! (badirudi bira honetan dena azken unean aterako dela! Baina ateratzen den bitartean, xapo!)

Dena bildu, motxilak jaso, labadoratik erropak jaso eta bagoaz Boston aldera. Aldera izan beharko du zeren eta NY-tik ateratzeko sekulako trafikoa topatu dugu. Eskerrak margen handiarekin goazen. Furgoneta ederki dabil. Sentsazio onak ematen dizkigu. Bidean zehar, trafiko asko topatu dugu. 13 milako kotxe ilara pare bat, 9ko bat aurrerago, margenarekin gindoazen baina azkenean 19:06an iritsi gara Bostonera, Allston herriko O`Brien`s pub irlandes batera. Bera da hemen inguruan kontzertuak egiteko usten dieten toki bakarrenetakoa. Areto txukuna da oso. Sarrerako atearen aurrean aparkatu eta berehala iritsi dira gainontzeko taldekideak. Kromoson taldearekin jotzen dugu gaurkoan, besteak beste. Pisschrist taldeko kideren batek jotzen duela gaur egun enteratu gara. Talde australiar honekin austrian jo genuen 2006ko udan Erantzun taldearekin Europan zehar eginiko biran. Iristean, abeslari bera dela ohartu gara. Bera ere gogoratzen da gutaz! Pixkanaka, bertako taldeak ere gerturatzen hasi dira eta materialez betetzen hasi da aretoa. Punk, crust eta musikazale asko biltzen hasi dira. Denak beltzez, partxez eta tatxas jositako jendez bete da berehala hau. Pinta asko, denak ere oso arropa berriak dituzten arren. Gaurkoak gure ohiko ikusleen pinta gehiago du. Tom antolatzaileak sekulako arrera egin digu. Azken unean gehitu gara kontzertura eta asko eskertzen da horrelako jarrera. Afaria ere ekarri digu eta hemen hori ez da ohikoa. Gure tripek asko eskertu dute makarroi platerkatxoa!

Iada, gure materiala ia osorik dugu eta pixkanak txukun jartzen ari gara. Oraindik ere gure gustura jartzeko puntutxo bat falta zaigun arren horretan gabiltza. Bertako taldeak ireki dute kontzertua eta txukun hasi dira. Ikusleak dantzarako gogoekin daude eta giroa berotzen hasi da. Jendez betetzen ari da eta pixkanaka ez dago tokirik aretoan. 3 taldek jo ostean gure txanda iritsi da. Hemen, oso kantu gutxi jotzeko joera dute taldeek. Batzuk 15 minutu jotzen dute eta gehienez ere 30 minutu. Bihar ere hemen gertu jotzen dugu, beraz, gure ohiko zerrenda bitan banatu dugu. Jotzen hasi eta jendea dantzan hasi da. Materialarekin ez gabiltza gustura, arazo tekniko batzuk, baina gustora ari gara jotzen. Izerditan bukatu dugu gaurko kontzertua eta oso gustura geratu gara. Sekulako indarra ematen du kontzertu bat txukun ateratzeak. Asko aportatzen du egunerokoan. Neke asko elkartzen da bira batean egunerokoan eta kontzertua ondo ateratzeak neke denak ahaztea ekartzen du. Kromoson taldeak ez digu ezer berezirik sentiarazi. Doinu simpleak eta soinu aldetik oso gaizki entzun da. Baina jendeak asko gozatu du. Kontzertu ostean, bertako jendearekin kontu kontari aritu gara, orokorrean oso gustura dago jendea gure kontzertuarekin eta biharko kontzertura etorriko direla esan digute. Lotarako tokirik ez dugu eta gure aurretik jo duten taldekoek beraien etxera gonbidatu gaituzte. Hemen hasi da abentura.

Etxea, jo dugun tabernaren ondoan dago. Kilometro eskasera. Bertaratu eta etxean jende asko dago festan. Musika instrumentuak montatuta daude eta jende ezberdina jotzen ari da… sekulako festa dago. Ez dirudi lotarako aukera handirik utziko digutenik. Gosea dugunez zeoze afaltzera joan eta berriz etxera itzuli gara. Aurrekoan baino jende gehiago dago eta desfasea geroz eta handiagoa da. Etxera gonbidatu gaituenak barkamenak eskatu dizkigu baina ez da bere errua beraz gure kontutik bizitza bilatzea erabaki dugu. Kalean eseri gara zer egin pentsatzeko. Bitartean, etxera gero eta jende gehiago dator, kontzertuan izan diren denak agertzen hasi dira. Desfasea kontrola ezina da dagoeneko. Guk, beste aukerarik ezean, furgonetan egitea erabaki dugu. Material guztia barruan dagoela ez dago toki askorik denok lo egiteko. Bat material artean, bestea erdiko aulkietan, beste bat lurrean eta beste bat kopilotoaren tokian. Jejej hankak luzatu ezinda . Nola hala baina lo egin dugu.

El puto JEFFe! Ekainak 2, Larunbata

Ño! Hankak atrofiatu xamar ditugula esnatu gara. Furgonetako ateak ireki eta banan-banan hasi gara gure hoteletik ateratzen. Nik, pertsonalki, nahiko deskantsatua nagoenaren sentsazioa dut, hanka atrofiatuta sentitzen ditudan arren. Hankak luzatu ezinda lo egiteak horixe dauka. Baina biran gaude eta ezin eskatu etxean bezala lo egitea. Gaur, berriz, Bostonen jotzen dugu, beraz, ez dugu gidatu beharrik. Gure musika ekipoa osatzeko falta zaiguna erostea da dugun helburua. Arratsaldeko 16etan geratu gara Disaster Strikes-eko abeslaria den Jeff jaunarekin. Berak antolatzen digu kontzertua eta arratsaldeko 18:00etan hasten den kontzertuaren aurretik afaritarako geratu gara beraien etxean.

Gosaldu ostean pare bat musika denda bisitatu ditugu. Bakon eta hamburgesa beganoak gosaldu ditugu eta lehen musika dendan ez dugu gustoko ezer topatu. Bigarrenean, aukera gehiago zueden eta aurkitu dugu gustoko zerbait. Behingoz, gure ekipoa osatu dugu! Beraz, Newton herrixkara joatea erabaki dugu, Jeff, bertan bizi da eta oraindik goiz den arren bertaratzea erabaki dugu. Bidean, furgonetako pilotu bat piztu zaigula ohartu gara. 25 bat mila kilometro aurretik ditugula ikusita, kotxeen tailer batera joatea erabaki dugu. Topatu dugun lehenean, ez dela ezer esan digute. Filtroren batek behar baino ke gehiago botatzen usten duela baina beldurrik gabe aurrera jarraitzeko esan digu. Bigarrenak, ordenagailu batekin begiratu eta ezer berezia ez dela komentatu digu. Baina, badaezpada, furgonetaren soinu eta gauzei erreparatzeko. Ezer berezia nabaritu eskero, tailerrera joateko. Bide osoa dugu oraindik aurretik, beraz, furgoneta txukun zaintzea komeni zaigu. Furgoneta geratzen bada, bira ere ia geratu egiten delako.

Konturatzerako 16:00ak iritsi dira eta Jeffek harrera bikaina egin digu etxean. Barbakoa bat prestatu digu bere etxean. Katherine, bere emazteak, ensalada bikaina prestatu digu. Etxe tipiko amerikar batean bizi dira. Boston hiriburutik kanpora geratzen den herrixka lasai batean. Biran egotea zer den oso ondo daki Jeffek. Hori dela eta, ahalik ondoen zaintzen saiatzen ari da. Badaki biran zenbat apreziatzen den jaten eta edaten ematea. Hemen, estatu batuetan gainera, ez dago taldekideei jaten emateko ohitura handirik eta zentzu horretan asko mimatzen ari zaigu Jeff. Eta asko eskertu dugu. Bazkaria bukatu eta erdi lo gaudela bake bakean utzi gaitu Jeffek bere etxeko belardiako itzalean. Nik, kitarrako sokak aldatzeko aprobetxatu det eta bitartean Disaster Strikes taldeko kideak iristen ari dira. Kargatu eta bagoaz kontzertuko tokira. Hemen, oso tipikoak diren “bassement Show” horietakoa dugu gaurkoan. Etxe bateko sotanoan egiten diren kontzertuak dira. Etxe handiak dira hemengoak. 5 taldek jotzen dugu gaurkoan eta iritsi garenean oraindik ere dena zerri zerri eginda aurkitu dugun arren jende asko gerturatzen hasi da. Sekulako etxea den arren, zerrikeria bat egina dute etxe osoa. Ez dugu oso ongi ulertzen horrelako toki bat izanda pixkat gehiago ez zaintzea, baina tira, baikoitzak egin dezala nahi duena bere etxean. Puntuan hasi beharreko kontzertuan pixkat beranduxeago hasi da eta bertako taldeak hasi dira. Etxe batean den arren, kanpoan ez da ezer entzuten, inguruan dauden etxeetan dagoen festak zarata gehiago ateratzen du. Hardvard unibertsitateaz gain munduko unibertsitate kanpusik handienetakoa dago Boston-en. Hori dela eta, gazte jende asko eta ikasle asko dauden hiria da. Hauetariko gehienak Allston auzoan bizi dira eta etxeetan festak egiteko ohitura dute. Gonbidatu bakoitzak edaria eramaten du eta goiko solairua izan ezik, libre ibil zaitezke etxean zehar. Bizitza asko ikusten da auzo honetan. Barkatu, gurasoen kontura bizi diren gazte alper asko ikusten da auzo honetan. Parranda asko.

Materiala kargatzen ari garela “hodei!” oihukatzen entzun dut norbait. Buelta eman eta Euskal Herritik ezagutzen dugun lagun bat topatu dugu. Orain, ikastera etorrita, Boston-en bizi den hondarribitarra. Bertan ezagututako madrildar batzuekin etorri da eta kontzertuaren ostean beraien etxean antolatutako festara gonbidatu gaituzte. Disaster Strike taldeak jo du gure aurretik. Jeff eta bere lagunek sekulako kontzertua eman dute. Betiko hc-rea jorratzen dute baina oso ondo eginda. Ikusleen artean sekulako eromena dago eta pogoa oso biolentoa egin zaigu. Gainerakoek kontzertua lasai ikusi ezin duten pogo horiek ez ditugu gustoko. Baten bat ere odolez ere bukatu du. Gure txanda iritsi da. Behingoz gure ekipoarekin joko dugu eta aurreko egunetan baino arazo gutxiago izango ditugu soinu aldetik. Halaxe izan da. Ampliak topera jarri eta belarriak zulatzeko adinako zarata atera dugu. Izerditan gaude lehen abestitik, eta jendeak oso gustura hartu ditugu lehen abestiak. Berehala hasi da giroa berotzen eta pogo biolentoarekin bukatu da kontzertua. Jendeak gehiago nahi du eta aspaldi jo gabeko Poison Idea-ren “Plastic Bomb” abestiarekin bukatu dugu. Bikaina gaurkoan ere kontzertua. Jende asko gerturatu da gure kamixeta, cd eta kasetteak erostera. Gaua ongi amaitzeko, lehen gonbidatutako festara joan gara zerbeza pare bat hartzera, gehiegi berandutu aurretik, Jeff-en etxera itzuli gara eta gusto handiz prestatutako oheetan lokartu gara. Hainbat egunetan lurrean lo egin ostean gustura hartzen da koltxoi eta maindire garbietan amestea. Jefe hutsa eginda dago gure Jeff!! Aupa hi!!

Euria ez da turistentzat egina Ekainak 3, Igandea

Kontzerturik ez dugunez, alarmarik eta presarik gabe lo egin ahal izan dugu gaurkoan. Gorputzak asko eskertzen du horrelako egun bat. Biran egunerokoa nekagarria da eta tarteka presarik gabe lo egitea zoragarria da. Batez ere, horrelako toki txukunean. Jeff-ek gosaltzera eraman nahi gaitu. Handia gizon hau ematen ari zaigun tratua! Gosaritara gure birako kontzertuen zerrenda eta kalendario batekin etorri da. Estatu batuetako mapa bat ere ekarri du eta gosaria atera bitartean, kontzerturik gabe ditugun egunak aztertzen hasi gara. Egun horietarako kontzertuak topatzeko jende ezberdinaren kontaktuak eman dizkigu, batzuei berak idatzi die momentuan mobiletik, eta beste batzuetarako inguruan dauden herrietako kontaktuak pasa dizkigu. Gu, oraindik begietatik makarrak kentzeko gauden bitartean, bera, gure birako egun libreak antolatzen ari da. Monumentu bat edo kale bat jarri beharko diogu Zarautzen gure lagunari.

Gaur eguna libre dugu eta Boston bisitatzea erabaki dugu. Bihar independentzia eguna da eta festa nazkagarria egongo da kaleetan. Ez dugu festa hori ikusteko kuriositate ez eta interesik ere, beraz, gaur Boston ikusi eta bihar goizean goiz aterako gara Baltimore aldera. Hurrengo kontzertua datorren asteazkenean dugu bertan, beraz, bertara iritsi eta han deskantsatuko dugu. 700 km ditugu bertara, beraz, bihar goizean goiz aterako gara, trafiko handia izango delako eguerditik aurrera. Gaur, Boston bisitatu ostean, atzo ikusi genuen gure lagun hondarribitarraren etxera joateko asmoa dugu.

Boston erdigunera gerturatu gara, baina euria ari du eta ez da egunik egokiena kaletik ibiltzeko. Dena den, Boston-eko erdialdearen gehiengoa pateatu ahal izan dugu. Larri Bird-en zapatilen monumentoa ere ikusi ahal izan dugu. Larri handia! Gauean Allston auzora gerturatu gara gure lagunaren telefonoaren bila. Atzo festan izan ginen etxean ez da inor eta ezin dugu gure laguna kontaktatu. Jajaj kuriosoa da, bira antolatzean beti komentatzen dugu: “egunen batzuk libre ustea ere ondo etorriko zaigu deskantsatzeko”, baina libre ditugun egunetan zer egin gabe bezala geratzen gara. Zuzenekoen yonkiak gara eta furgoneta kargatu, deskargatu, jo eta gauza guzti horien beharra dugula dirudi uneoro. Malabarismo askoren ostean, lortu dugu gure lagunaren telefono zenbakia. Baina, kasualitatea, telefonoa itzalita. Besterik ezean, geroz eta kariño gehiago hartu diogun gure furgoneta moldatu eta bertan lo egitea geratzen zaigu. 5 bat ordu ditugu lotarako. Beraz, ez dugu gehiegi behar. Bihar Baltimore aldera jeitsiko gara. Pixkanaka ekialdeko kosta jeisten hastea tokatzen da. Iparraldea asko gustatu zaigu eta jada hasi gara Jeff-ekin datorren urterako planak egiten. Bere taldea Europara dator eta orduan gure txanda izango da berak egunotan eskainitako maitasun guztia itzultzeko. Hauxe da hainbeste gustatzen zaigun mundu honen gauzarik ederrena. Furgonetako tetrisa egokitu eta lokartzeko ordua da. Ea bihar “Independence day” egun patriotaz aislatzea lortzen dugun. Errepidea izango da gure babesleku.

Uztailean ere ZarataZarautz irratsaioa egongo da

5 uztaila, 2011

Uztailean ere belarriak berotzeko gogoarekin gaude ZarataZarauzko kideak. Gaurkoan, ez dugu gonbidaturik izango baian ohiko hirukotea zarata jartzen egongo gara, nola ez.

erdoiz

Gogoratu zita zaratatsua duzuela Arraio Irratian, gaueko 21:30etatik aurrera.

Humilitate egunerokoa

1 uztaila, 2011

Santa Mariana aingeru guardakoa Ekainak 30 asteazkena

Astea aurreraka doa eta jada kontzertu bezperan gaude. Bihar, biratzen hasiko gara. Orain arte New York-en izan dugu kanpamendu basea eta hemendik joan gara kontzertuetara. 4 kontzertu eman ditugu oraingoz, 3 NY-n eta 1 New Jerseyn. Bihartik aurrera ia egunero gidatu eta mugitu beharko gara. Nomada bizitza hasiko da, egia esan gogotsu gaude. Sarritan, errazago egiten zaigu bizitza mota hori… ohituagoak gaudelako. Horretarako material guztia lotu nahi dugu gaur eta NY hiriko auzo ezberdinetako 4 denda bisitatu eta kotxeko azken papeleoak egin behar ditugu.

20110701_new_york_iv_0138

Manhattango denda bat da lehen geltokia eta aparkatzeak beldurra ematen digun arren, arazorik gabe iritsi gara. Kitarraren ampliko pantalla, baxuko kabezala eta bateriko gauza pare bat lortu ditugu bertan. Hurrengo geltokia, Queens auzoan dugu. Hau topatzea ez da oso erraza. Gertu xamar gaudela uste dugunean, GPS-a erotu zaigu, hemen seinale mordoa dago eta erotu egiten da tarteka. Beraz, old-school! Lehioa ireki eta galdetzera. Galdetu diogun bigarren gazteak gertu gaudela esan digu. Aurrera eta ezkerretara eta berehala topatuko duzue. Helbidea ere eman digu. GPS-ean sartu, eta 40km markatzen dizkigu. Burua gehiegi erabili gabe, bagoaz! Jaja hiri barruan autopista eta dena dago eta bagoaz dendaren bila. Sekulako buelta eman ostean iritsi, bertan galdetu eta beste puntara bidali gaituzte. Berriz autopista hartu eta Brooklyn hegoaldera goaz. Bidean kaosa hasten da. Gu ez gara ohartu, baina astelehena uztailak 4 denez, mundu guztia hiritik atera nahian dabil. Hau eromena! Kilometro gutxi batzuk egiteko ordu pila behar ditugu. 10km ordutik ezin dugu igo. Sekulako beroa, eta denda topatzeko 4 ordu kotxean. GPSak markatutako tokira iristean, bertan denda ez dagoela ohartu gara. Beraz, Yvon lagunarena goaz. Duela 4 urte nire etxean egon ziren NY-eko lagun batzuengana. Bateria eta baxuaren pantalla utziko digute bira osorako, aupa zuek rediox! Beraz, hurrengo pausua, aurrez interneten topatu nuen dendatxo batera joatea da. Aspalditik begia botata diodan kitarraren bila. Auzo lasai bezain bakarti batera iritsi gara. Apenas dendarik ez dagoen toki batera. Hemen ere denda ez egoteko beldurra dugu, baina ez, denda topatu dugu. Denda autentikoa. Bi aitona dira dendaren jabe eta kitarra zaharrak saltzen eta konpontzen dituzte. Hantxe dago nire kuttuna! Jejej. Bibrazio ona transmititzen dit… eta pixkat probatu ostean, erostea erabaki dut. Materialaren gehiengoa, bueltakoan, hegazkinera igo aurretik salduko dugu. Baina kitarra hau nirekin etorriko da. Oso jatorrak bi aitona hauek.

Hurrengo pausua New Jersey-ra joatea da. Bertan gure lagun Venezolar Marianarekin geratu gara. Kotxeko matrikulak lortzen lagunduko digu. Sekulako laguntza eman digu kotxearen kontuarekin. Furgonetako paperak egiten lagundu digu eta aseguru etxe batean egiten duenez lan, aseguru bat ere lortuko digu. 17:00etan geratu gara berarekin, baina 20 km egiteko odisea oso bat igaro behar dugu. Manhattan gurutzatu beharra dugu. Milioika kotxe daude toki guztietan, errepide guztiak kolapsatuak daude eta zaila da metro gutxi batzuk egitea. Ordu asko daramatzagu furgonetan eta egiten duen beroarekin nekatzen hasiak gara. Logureak ere gogor erasotu gaitu! Baina ezin lo hartu bolantean, 10km orduko izan arren. Manhattan-dik atera eta NJ-ra gurutzatzeko, Lincoln tunela hartu behar dugu eta justu sarrerara iristean Polizia bat dugu pasatzen usten ez diguna. Beste zein bide hartu behar dugun galdetu eta “Fucking i dont know, i don´t mind” oihukatu digu. Hau da hau! Bidea itxi bai, baina soluziorik ez digu eman. Hori da hori arazoak konpontzeko gaitasuna, beste norabide batera bidali kotxeak eta kitto. Sekulako eromena sortzen ari da. Tunela hartu behar dugunok beste alde batera joanda ez dugulako ezer lortzen. Azkenean, bertako baten laguntzaz, beste bide batetik lortu dugu tunelera sartzea. Iada 18ak dira. Mariana gaixoa gure zain dago trafikoko zentralean. 19:30etan ixten dute ofizina eta ez dirudi iritsiko garenik. Orduan eta orduan eman ostean, minutu gutxigatik baina iritsi gara. Jejejej ilusoak gu! Iritsi eta sekulako kola dago bertara sartzeko. Jende asko dago matrikulak lortu nahian. Hantxe topatu dugu gure lagun Mariana. Desesperatuta jada. Bakarrik egon da kolan zain, eta ez digute pasatzen utziko. Gainera bere urtebetetzea da gaur, hau da hau oparia egin dioguna!

Beraz, matrikularena ahaztu eta beste musika denda bategatik galdetu diogu. Gertu dagoela esan digu. Beraz, furgoneta hartu eta bagoaz bertara. Jajaj ilusioak gu beste behin. Hemen “gertu” esatean, ez da guretzat “gertu”. 40 km autopistan zehar! Denda 21:00etan itxiko dute eta bidean goazela deitu egin behar izan diegu pixkat itxoiteko. Dena azken unean, jajaj badirudi bira honetan horrela egingo dugula dena! Dendara iritsi gara, azken unean. Behar ditugun gauza asko topatu ditugu eta gaitzerdi. Kuriosoa da, denda hauetan, sartu eta berehala datorkizu jator saltzailea. Aurkeztu eta asko laguntzen dizu. Gaur 5 langile izan ditugu gainean. Erosketa kontua ematean konturatu gara hori zergatik den. Zergatik denek beren izena esateari horrenbesteko garrantzia ematen dion. Hantxe hasi dira bostak salmentek bakoitzari ekartzen dion dirua kalkulatzen. Denda hauetan soldata txiki bat dute, eta gero, saltzen duten gauza bakoitzeko portzentaia bat irabazten dute. Jajaja GOD BLESS UNITED STATES OF AMERICA.

Oso berandu da. Goizeko 12tatik ia furgonetatik atera gabe gaude eta leher eginda. Baina Marianaren urtebetetzea da eta ospatu beharra dugu. Gau batea ezagutu eta furgonetaren papeleo dena egin digu, asegurua trapitxeatu digu, furgoneta bere izenean jarri digu, telefono mugikor bat lortu digu, instrumentuak lortu dizkigu eta hala ere gu aguantatzeko pazientzia du!! Santa mariana gure aingeru guardakoa! Gainera, zein txikia den mundua, berarekin hizketan eta bere Venezuelako lagun bat gure lagun handia da! En fin, bizitzaren kontuak!!

Afari eder baten ostean, gure lagunengatik agurtu eta abuztu bukaerarako egin dugu zita. Bira amaieran elkartuko gara berriz. Aspaldiko lagunak garela dirudi. Konfiantza handia eman digu lehen momentutik eta asko ikasi dugu gure lagun hauengatik. Zoragarria da kanpoan zaudenean horrelako jendea topatzea. Inongo aurreiritzirik gabe laguntzen duen jendea. Guk, ikasi, eta gure etxean gauza bera egiten jarraitzea besterik ez zaigu geratzen. Santa Mariana gure aingeru guardakoa!

Disko gomendioa: Terrible Feelings – Diskografia

1 uztaila, 2011

Orain dela gutxi Getariako Gaztetxean jo zuen talde baten diskografia laburrarekin uzten dizuegu. Suediako Terrible Feelings taldeaz ari gara, emakume ahotsez bustitako Punk Rock talde bikaina da. Maketa bat eta bi Ep dituzte kaleratuak oraingoz

Maketa

terriblefeelings_demo

Abestiak

01 Trash & Burn

02 Blank Heads

03 The Moon

04 Hollow

Maketa hau jeitsi nahi baduzue, HEMEN duzue.

Tied Up

terriblefeelings_tiedup

Abestiak

01 Tied Up

02 No Meaning

Tied Up 7 hatzbetekoa, HEMEN duzue.

Impeding Doom

impendingdoom_ep-1

Abestiak

01 Impeding Doom

02 Death to Everyone

Impeding Doom jeitsi nahi baduzue, HEMEN duzue.

Entzun Juanmarekin egin genuen azken saioa

30 ekaina, 2011

San Pelaioen iltzearen ondorioz, Juanamarekin egin genuen azken irratsaioa berandu jarri dugu blog honetan. Aste honetako saioan, bateriajoleek abesten duten taldeen kantuak entzun ahal izan genuen. Hellnation, Rouse, Overthhhrow, Hard-ons…

hellnation

Saioa entzun nahi baduzue, HEMEN duzue. Playlista berriz HEMEN.