Humilitate egunerokoa

Kaliforniarantz Uztailak 22, Ostirala

Sekulako beroarekin esnatu gara Las Vegasen. Atzoko kontzertua oso ona izan zen. Lehen aldiz, beste taldeetako musikari, ikusle eta zaletuak, denak elkartu ziren gure kontzertuan. Hemen, ohitura handia dago, nobere taldeak jo ostean alde egiteko. Atzo ordea, kontzertuko lehen bi taldeetan ez zen jende gehiegi sartu tabernara, jende gehiago zegoen kanpoan barruan baino. Baina gure kontzertua hasi zenean, denak sartu ziren eta eromen handia egon zen kontzertuan. Musikari kasu gehiegi egin gabe oso biolento dantza egiten zuenik ere bazen arren kontzertua ederra izan zen.

20110722_las_vegas_0797

Beroa hemen jada jasanezina da, baina, zorionez, bagoaz Kaliforniara. Pazifikoko haize freskoa jotzen duen kostaldera! San Diegon jotzen dugula suposatzen da. Suposatzen da esaten dut, zeren, oraindik ere kontzertua konfirmatzeke dugu. Azken unean erori zitzaigun aurrez konfirmatua genuen kontzertua, eta beste lagun batek zerbait topatu ahal digula esan digun arren, ez dugu ezer jaso eta gaur gauean kontzertua izanda… ez dut uste ezer aterako denik.

Zorionez egia da, Kaliforniara gerturatu ahala, haizea freskoagoa nabari dugu. Ederra oparia! San diegora iritsi gara, 5-6 orduko bidaiaren ostean. Hiri interesgarria dirudi. Kostaldeko hiria da, Mexikoren muga oso gertu dagoelarik. Zentrura gerturatu gara, internet begiratzera. Ea kontzertuaren berririk dugu. Zoritxarrez, ez dugu berririk, beraz, ez dugu ez kontzertu, ez lotarako tokirik. Aparkatu eta San Diego ezagutuko dugu, zerbait afaldu eta eguna lasai hartu. Bihar, goizean goiz mugitu beharra gara, Legoland bisitatzeko asmoa duelako taldekide batek. Beraz, gauen hiritik buelta bat eman ostean, bideari ekin eta bideko atseden gune batean geratuko gara lotara. San Diegoko erdigunean jende pila dabil. Diru asko dagoela nabari da hemen inguruan. Turismo asko. Baina afalostean, besteak kafea hartzen zuten bitartean, erdigunetik atera eta bueltaxka bat ematera joan naiz. Eskale mordoa ikusi ditut kalean lotan. Orain arte ikusi ditudan gehienak. Minutu batzuk lehenago, antzoki batetik ateratzen ari zen abeslari ezagun bati bidea itxi diote trafikoarekin arazorik izan ez lezan. 10-15 maromok errepidea moztu dute, artista hau lasai irten zedin. Kuriosoa, batzuei errepidea ixten diote lasai ibil dadin eta beste batzuei hiriko gune guztiak ixten dizkiete, kalean lo egin behar dutelarik.

Los Angeleseko eromena Uztailak 23, Larunbata

Legolandera bidean geratu ginen auzoan esnatu gara. Belardi batean egin dugu lo. Etxerik gabe batek esnatu gaitu, bertan lotan harrapatzen bagaituzte isuna jarri ahal digutela esanaz. Beraz, esnatu , gosaldu eta Legolandera goaz. Bertan utzi dugu taldekidea eta gainontzekoak hondartzara goaz. Uda osoan lehen aldiz goaz hondartzara. Eguzkiak gogor jotzen duen arren ederki sartu da pixkat hondartzan etzan eta bainu bat hartzea. Birako bigarren bainua, honek uda sentsazio gehiago ematen digu (jejej zarauztarrak gera gero!).

20110724_los_angeles_i_0703

Eguerdiko hiruretan Los Angelesko aireportura joan gara. Bertan jaso dugulako Humilitateko bigarren abeslaria. Lana dela eta ezin izan du bira hasieratik etorri eta gaur iristen da, geratzen den hilabetea gurekin egiteko. Gogotsu dator eta indar eta haize freskoa ekarriko digu Arrona jaunak. Hilabete goaz 24 ordu elkarrekin eta ederki etorriko da falta izan den abeslariaren indar freskoa.

Juliok, bere etxean hartu gaitu. Bere familiak sekulako ongi etorria egin digu. Mexikarrak dira denak. Aspaldi hona etorriak dira. Beraien etxea, gure etxea dela errepikatu digute. 3 urte dituen Ashley-k ere horixe bera esan digu. Asko eskertzen da horrelako goxotasuna etxetik kanpo zaudenean. Los Angeleseko auzo japonesa ezagutzera eraman gaitu eta ondoren beraien etxean afari oso goxoa eman digute. Flipatzen ari gara familia hau zein jatorra den. Ilusioa egiten die gu bertan egoteak. Ea egunen batean Euskal Herrira etortzen diren eta afari eder bat eskaini ahal diegun.

Kontzertua etxe baten atzeko patioan da. Iritsi eta jende pila bat dagoela konturatu gara. Kontzertua emateko tokiak azpiegitura oso eskasa duen arren, jende asko dago eta giro bikaina egongo dela dirudi. Lehen taldea jotzen ari da eta inork gutxi egin die kasu. Ska-punk taldeak dira gaurko gehienak. Bigarren taldean hasi denerako jendez gainezka dago ingurua. Ska doinuak jotzen hasi dira eta jendea dantzan hasi da. Giroa berotzen hasi da. Momentu batean, argiak itzali eta denak isiltzeko esaten hasi dira. Aurrez, abisatu digute, polizia etortzen bada horixe egiten dutela. Argiak itzali eta jende dena isilarazi. Festarik egongo ez balitz bezala egiteko. Egia esan kuriosoa da. 10-15 lagunekin logikoa izan daiteke. Baina 100 pertsonatik gora dauden kontzertu batean, hau nahiko xelebrea iruditzen zaigu. 5 minutuz “isilik” egon ostean, kontzertuak aurrera jarraitu du. Bolumenarekin arazoak izango ditugula ikusten dugu jotzen hasi aurretik. Jotzen ari den taldeari bolumena jaisteko esan diete eta guk askoz ere altuago jotzen dugu. Beraz, soinu frogarik egin gabe, dena prest utzi eta zuzenean hastea erabaki dugu. Julio gure lagunak, gure saioa aurkeztu nahi du. Dena prest dugula ikusi duenean, jendeari oihuka, gure taldea aurkeztu du eta jotzen hasi gara. Erritmo mantso samar batekin hasi gara, baina lehen minutuan doinu azkarra sartu dugun momentuan eromena lehertu da. Mundu guztia dantzan hasi da. Gure gainera erori dira asko, ni ampliaren gainera erori naiz eta abeslariak ere bateriaren gainera erori dira. Lurreko hautsa ere botatzen hasi dira batzuk eta arnas hartzea ere kostatzen da. Ni, ampli atzean jarri behar izan naiz, besteen aurrean lagun batzuk jarri dira babesten saiatzeko. Batzuk zuhaitzetatik saltoka, besteak mahai gainetik saltoka… inoiz jo dugun kontzerturik eroena izan da. Bolumena inoiz baino baxuagoa izan den arren… kontzertua eromen galanta izan da. Sekulako gozatua hartu dugu. Azken kanta ezin izan dugu bukatu, gure abeslarietako bat 4 bat ikuslerekin batera bateri gainera erori delako eta bateri guztiak lurretik bukatu duelako. Eskerrak lagun batzuek gure ekipoa heldu pixkat zaindu duten,… bestela gaurkoan ampli gabe itzuliko ginateke etxera.

Leave a Reply