Humilitate egunerokoa

Irene eta konpañia Abuztuak 29, astelehena

New Jersey-ko kontzertuaren ostean idatzi behar nizuela esanaz agurtu nuen azken egunerokoa. Etxera itzultzeko egun gutxi zirela eta, opor egun pare bat NY-n, 49. Kontzertua NJ-n eta hegaldia hartzea zen gure plana. Huraxe zen gure plana, Ireneren bixita jaso genuen arte. Hegaldia baina pare bat egun lehenago hasi ginen Ireneren berri izaten. Bahamas-en eta Florida inguruan eginiko txikizioen ostean iparralderuntz zihoala eta, iganderako NY-era iritsiko zela zioten. Sekulako txikizioa izango zela eta lehen aldiz NY-ko metroa itxi, zubiak itxi, autobus zerbitzua gelditu eta denda guztiak ixteko agindu zuten agintariek. Oraindik ere Gloria erauntsiak eginiko txikizioak gogoan dituzte hemengoek eta panikoa sartu zaie.

humiliate-7


Beraz, sekulako mugimendua hasi da. Denda guztiak ixten hasi dira Ostiral gauean. Zirrikitu denak ongi tapatu eta askok egurrarekin ere tapatu dituzte ate eta lehioak. Azken metroan itzuli gara etxera. 12pm-tik aurrera ez dago metrorik iada. Etxeetako lehioetan ere zelo zatiak jarri dituzte (hautsi ezkero ere pusketetan ez erortzeko). Irrati eta telebista kate guztiak Ireneren azken pausuen berri ematen ari dira 24 orduz. Ez dute datu gehiegirik, baina kontu berberarekin eta panikoa zabaltzen, egun osoa ematen dute. Honek jendea supermerkatuetara eraman du. Mundu osoa, ura, janaria eta hain beharrezkoak ez diren beste hainbat gauza erostera doaz zoro moduan. Gu, supermerkatu batera gerturatu gara eta jendez gainezka dago. Baina oraindik ere produktuak badira apaletan. Beste lau supermerkatu iada hutsik geratu dira. Supermerkatuko kolan gaudela barre egiten zuen Puerto Rico-ko amona batek. Euri pixkat besterik ez duela egingo eta ez dela kezkatu behar, barre egiten du konpultsiboki erosten ari direnei. Guk, tonto tonto, gauza asko erosi ditugu. Pare bat egun etxean emango ditugula esan digute eta zerbeza, ardoa eta janari pixkat hartu dugu (pixkat… ejeje). Konturatzerako guk ere gauza askotxo erosi ditugu.

Gu ere Puerto Rico-ko jatorria duten bi lagunekin gaude, Taina eta Javier. Hauek ere barre egiten diote hurakanari. Tainak barrez esaten digu: “esto no sera mas que un xiri miri para vosotros”. Baina, udalak, badaezpadako neurriak hartzea erabaki du eta inoiz gelditzen ez den hiria gelditu egingo da behingoz. Metroa, ferryak, dendak, aireportuak, zubiak,… eta KONTZERTUAK bertan behera gelditu dira. Horrek, 49 eta azkena izan behar zuen kontzerturik gabe usten gaitu. Jende asko elkartzekoa zen New Jerseyko kontzerturik gabe usten gaitu. Despedidakoa, azkena, izan behar zuen kontzerturik gabe.

Larunbata da. Gaur iritsiko dela suposatzen da. Aurreikuspenek, gauerako esaten dute, oraingoz euria besterik ez dabil. Haizerik ez. Hurakanari buruzko notiziak oso graziosoak dira benetan. Ikusgarria da nola detaile txikienari ere zein garrantzia jartzen dioten. Eta horrelaxe pasa dugu larunbata. Etxean sartuta, zerbeza, ardoa eta janariarekin kontu kontari. Musika entzuten. ACDC eta Panteraren bideoak ikusten jardun gara, pixkat lokartu diguteen arren. Azkenean, Ruben Vlades, Oscar de Leon eta Hector lavoe jarri eta gure etxekoak ere alaitu dira. Honek berpiztu gaitu! Jeje. Pelikula bat gauerako eta hurakanaren zain geratu gara. Bihar goizean iritsiko delakoan.

Igande goiza da. Haizeak gogorrago jotzen du. Baina ekaitz arrunt bat bezala. Guk dena den, lo egiten pasa dugu goiza. Eguerdirako jeitsi da haizea, euria geratu du, eta hori zen dena. 3 egun alerta eta panikoa zabaltzen egon ostean, ekaitz bat besterik ez da izan. Hemen, alkantarilak eta ez daude oso ondo eta berehala betetzen da dena putzuz, baina ez da beste munduko ezer izan (jeje kotxeak eta behiak hegan ikusiko genituelakoan eta… xiri miri xistrin bat azkenean!!!). Beraz, gure hegaldiak bertan behera geratu dira. Konpañiara deitu dugu eta irailaren 2ra bitartean ezin gara itzuli. Bi hilabete eta aste bete etxetik kanpora eta bidai luze honen ostean, hasieran bajoi handia eman digu etxera ezin joanak. Gure jendearekin elkartzeko gogoak handiak dira eta planak aldatzen dizkizu bat-batean horrelako aldaketxo batek. Baina tira, NY izeneko hiri zoragarri honetan beste aste bete egoteko aukera irabazi dugu, beraz, ahalik eta gehien gozatzen saiatuko gara. Orain arte ikusi gabekoa ikusi eta gauza berriak topatzeko ordua da. Bueltarako planak ere planak martxan daude… Azkena izan nahi zuen egunerokoaren kapitulu honek, baina, ez du plazer horretaz gozatu ahalko. Hegaldia etxera iritsi arte, Humilitate “hurricane” tour 2011-k bizirik dirau.

Leave a Reply