Archive for 2011

Hirukotea berriro ere ZarataZarautzen

asteartea, 16 abuztua, 2011

Uda lasaia izaten ari gara aurtengoan zarata kontzertu eta mugimendu aldetik. Baina ZarataZarauzkoek geratzeko intentziorik ez dugunez, belarriak astintzen jarraitzeko asmoa dugu. Abuzutaren 16ko saioan, Etsaiak, Anfack, Kontrasocial eta beste hainbat talde entzuteko aukera edukiko duzue.

anf

Gogoratu Arraio Irratia sintonizatzea, bihar, gaueko 21:30etatik aurrera.

Humilitate egunerokoa

astelehena, 15 abuztua, 2011

Baten faltan, BI! Abuztuak 12, ostirala

Kontzerturik gabe esnatu gara Ryan-en etxean. Presa handirik gabe eta lasai xamar. Ryan, atzo Maritime-n kontzertua antolatu ziguna eta etxeko nagusia, bueltaka dabil. Buelta hauetako batean notizia eman digu: “ei gazteak, Madisoneko taberna batean kontzertua lortu dizuet!”. Sekulako notizia izan da. Kontzerturik ez genuen egun bat zen gaurkoa eta kontzertua lortu dugu Madison hiriko taberna batean.

Ohitura onak ez galtzeko, Appleton agurtu aurretik, bertako musika denda bat bisitatu dugu. Diska batzuk erosi (hegazkinean diska guzti hauek nola itzuliko ditugun ez gara pentsatzen jarri oraindik… egingo dugu zer edo zer), eta Madison aldera goaz. Bertan, Earwax records-era joan nahi dugu. Diskak begiratzen ari ginela, gu aritutako taldeen diskak ere topatu ditugu: Erantzun, Trigger Travis,… ilusioa egiten du munduko beste puntan norbere diskak ikustea (saldu ez direnaren seinalea izan arren, jejej). Euria ere hasi du, beraz, tabernara goaz zuzenean. Bertan harrera bikaina egin digu tabernariak. Gaur gauean jo behar dugun taldea garen galdetu eta zerbeza atera digu. Gaur bertan komentatu diotela kontzertuaren kontua eta gu bakarrik arituko garela jotzen esan digu. Ez dakiela jende gehiegi etorriko den etab… kontzerturik gabeko egun batean, ordu batzuk lehenago kontzertua antolatzera animatzearekin nahiko egin du berak, eta guk bihotzez eskertzen diogu. Dena prest utzi eta kontzertua hasteko zain geratu gara, kontu kontari, beisball-a ikusten. Gustoa hartzen hasi gara kirol honi.

Nick, kontzertuaren berri tabernari eman diona ere etorri da. Guri buruz gauza onak entzun dituela esan digu eta gustura animatu dela guri kontzertua antolatzera. Pena dela azken unean antolatu izana eta ez dakiela jende gehiegi etorriko denik. Gaurkoan berdin zaigu zenbat jende etorriko den. Noski, beti nahiago jende asko gerturatzea, gutxi batzuentzat jotzearekin kontentu! Kontzertua hasi aurretik billar partida bat botatzen ari garela Nick etorri da korrika. Madison bertan, beste areto batean kontzertua dagoela eta kontzertu hartako talde batek deitu diola guk bertan jotzea nahi dutela esanez. Guretzako dirua ere bildu dutela esan diote. Taldea zein den galdetu eta, Screaming Chinchin and the pons direla esan digu. Talde honekin, Salt Lake City-n jo genuen. Hirian geundela jakin zutenean, Nick-ekin kontaktuan jarri ziren guk beraiekin jotzeko. Beraz, tita batean jo dugu lehen kontzertua eta oraindik ere izerdi patseta gaudela joan gara bigarren kontzertura. Lehen kontzertuan ez da jende gehiegi egon baina egon direnei asko gustatu zaie gure kontzertua. Batzuk, gurekin datoz bizikleta dendara (bizikleta denda batean da bigarren kontzertua). Iritsi garenean sekulako jendetza topatu dugu. Moderno itxurako jende asko. Asko asko. Gure kideak jotzen ari dira eta gustura hartu dugu beraiek berriz ikustea. Beraiek, Madison bertakoak dira, eta birako azken kontzertua dute. Beraz, beraien ostean, jendeak alde egingo duenaren beldur gara. Sekulako kontzertua eman dute Screamin-ekoek. Jende guztia dantzan eta beraien abesti guztiak abesten jardun dira. Ea gurekin ondo pasatzen duten. Beraz, presaka, inor aldegin aurretik dena prestatu, kalean dauden denei “the show is going to start! Come everybody inside please!” oihukatu eta “one , two , three , four” kaña emateari ekin diogu. Espero ez genuen arren, denak sartu dira barrua eta dantzari ekin diote. Gure gainean sentitu ditugu uneoro, oihuka eta saltaka. Sekulako kontzertua izan da. Harrigarria! Bikaina! Sinestu ezinda bukatu dugu denok. Leher eginda, baina, gustura. Kontzerturik ez genuen egunean, azkenean, baten faltan bi! Eta nolakoa gainera!

20110813_madison_i_1662

Eguna ondo bukatzeko, Shane, Screaming-eko abeslariaren etxera goaz, gaur ezagututako lagun batzuekin, beraiek zerbeza batzuk hartzeko asmoz. Gu ordea, 5.minutuan lokartu gara.

Chicagoko Elizan Abuztuak 13, Larunbata

Gaur Chicagora goaz. Bira osoan zehar atentzioa deitzen digun hiri horietakoa da Chicago. Ez dakigu, Michael Jordan, Los Crudos,… zergatik izango den, baina hiri honek energia ona transmititzen digu. Beraz, interes bereziarekin goaz gaurkoan errepidean (gaur ere!)

Indiar auzora joan gara bazkaltzera. Buffet begetariano batean bazkaldu dugu oso ondo jan ere. Handik, Chicago Bulls taldearen kantxara joan gara. Talde honen zaletuak izanak gara taldekide batzuk eta bertan dagoen Michael Jordan handiaren estatua ikusi nahi dugu. Inoiz egon den kirolari onenetarikoa asko gustatzen zaigu eta ilusioa egiten digu Airo Jordan jaunarekin argazkitxoa ateratzeak (bai, turistak gara eta zer! Jeje). Euritan bada ere, atera dugu argazkia Jordan jaunarekin. Downtown aldera joan gara ondoren. Chicago pixkat gehiago ezagutzeko asmoz. Estatu Batuetako eraikin handiena dago bertan. Hirugarren hiririk handiena da eta erdigunea handia den arren, oso txukuna iruditu zaigu. Orain arte ikusi ditugun hiriekin alderatuta, oso garbia da. Erreka ere pasatzen da erditik eta oso polita iruditu zaigu. Hurrena, denbora gehiagorekin etortzeko gogoarekin agurtu dugu erdigunea. Hegoaldera goaz, kontzertuko tokira.

Iristean, First Lutheran Church ikusi dugu. GPS-an sartutako helbidea eta elizako helbidea berberak direla ikusi eta zerbait gaizki dagoelakoan gaude. Baina ez, Show is upstairs, jartzen duen kartel bat ikusitakoan, eliza batean jotzen dugula ikusi dugu. Berehala etorri da Karlos, Shaman Records-eko arduraduna, eta kontzertuko antolatzailea. Sarri antolatzen dituztela kontzertuak bertan esan digu. Beraz, gaurkoan ez dugu pizzeria, takeria, zerbezeria, etxe edo areto batean joko, gaur, bizitzan lehen aldiz, eliza batean joko dugu (jeje).

Jazz talde batek hasi du kontzertua. Musikari bikainak hiru gazteak. Ondoren Minneapolis-eko death metal talde batek jo du, False. Kontzertu bikaina eman dute, sekulako ahotsa du Alli abeslariak. Etxeko talde bat eta ondoren gure txanda iritsi da. Atzoko kontzertuaren ostean, konfiantza handiarekin hasi gara. Jendeari gerturatzeko oihukatu eta abesti azkar batekin ekin diogu. Berehala erantzun du jendeak. Beraiek esaten duten bezala, sekulako “slam”-a sortu da eta kontzertu eroa beste behin. Kariñoa hartzen hasi gara latino hauei! Jeje.

Kontzertua bukatu ostean Phobia ikustera joan nahi genuen. Chicagon jotzen zutelako beste toki batean, baina, azkenean ez digu denborarik eman eta lagun batzuekin Karlos-en etxera joan gara. Chicago iparraldera. Kontu kontari gaua luzatu zaigu gaurkoan. Goizeko 4ak aldera arte egon gara bertan hitz egiten lehenak lotara joan diren arte, gaur, azkenak 6etan erretiratu dira. Bihar, Indianapolis-en jotzen dugu eta 3 ordu bakarrik ditugunez, presarik gabe lo egingo dugu.

Egun beltzak ere badira Abuztuak 14, Igandea

Indianapolisen jotzen dugula eta bidea 3 ordukoa dugularik, presa gabe esnatu gara. 13:00tak dira Fresek esnatu gaituenean. Karlos-ek bazkaria egin nahi digula eta gaurkoan dugun bidea motza izan arren, egin beharra dagoela eta, mugitzen hasteko garaia ere badugu. Atzo, afaltzeko, burrito mexikar-amerikarrak prestatu zizkigun Karlosek. Gaurkoan, %100 janari mexikarra prestau nahi digula esan digu. Batzuk bazkaria presatzen laguntzen, beste batzuk internetez datak errepasatzen… lasai egon gara eguneko sustoa hartu dugun arte. Gaur, Indianapolisen jotzen genuela uste genuen arren, nahastuta gaude, gaur, Nashvillen dugu kotnzertua. 3 orduko bidea izan orde, 8 orduko bidea dugu (geldiunerik egin gabe). Honetaz konturatu garenean, eguardiko 3ak dira. Beraz, ia ezinezkoa dugu kontzertura iristea. Kontzertu antolatzaileari deitu diogu, kontzertua tokiz aldatu eta beranduago bukatu daitekeen areto batean egingo dugula esan eta bideari ekiteko esan digu. Bi aldiz pentsatu gabe, dena jaso eta bagoaz errepidera. 800 kilometro egitera.

Bidean, istripu bat dela eta ia ordubete galdu dugu trafiko ilara batean. Gure kezka handitzen doa. Kontzertua jotzeko aukerak geroz eta txikiagoak dira eta oraindik ere kilometro piloa ditugu egiteko. Beranduxeago etorri da bigarren sustoa. Bat-batean, mugikorreko ordua aldatu zaigu. Ekialderantz goazenez, ordu bete aurreratu da mugikorra. Beraz, uste baino ordu bete beranduago iritsiko gara. Honek iada gure plan guztiak pikutara bidali ditu. Ezinezkoa izango da goizeko 2ak aurretik iristea eta igande batean ezin dugu ordu horretan jo. Antolatzaileei deitu, barkamenak eskatu, eta bidean geratu behar izan dugu. Biharko kontzertuko hiritik nahiko gertu gaude eta alferrik da Nashville-raino jeistea. Triste, eta gure akatsa izan den atsekabearekin, errepide bazterrean moteltxo batean lotan geratu behar izan dugu. 41.ena izango zen kontzertu gabe geratu gara, pena handiz. Baina tira, horrelakoak ere gertatzen dira eta ezingo gara triste jarri. Eutxourrei bat elkarri eta momentuaz gozatzea geratzen da. Bihar, Lexington-en joko dugu… bitartean…. Eutxourrei! Beti! Baina beti eh!

Humilitate egunerokoa

ostirala, 12 abuztua, 2011

spakizunetan Abuztuak 9, asteartea

Abuztuaren 9a dugu, atzo esan bezala, gaur goizeko 6etan jaiki gara. Rashmore mendia ikustera joan nahi dugu eta ondoren 1000km gidatuko ditugu Minneapolis-era iristeko. Gaur, ez dugu kontzerturik. Arrona abeslariaren urtebetetzea da eta berak gonbidatuta afari eder batekin ospatu nahi dugu.

20110809_mt_rashmore_1524

Eguneko lehen izpiekin esnatu eta bagoaz Keystone-ra. Presidenteen aurpegiak harrian tallatuak egoteagatik ezaguna da mendi hau. Eta sekulako negozioa montatua dute honen inguruan. Kuriosoa da mendialdeko herrixka hau. Kuriosoa ere presidenteen aurpegiena. Ongi eginak daude, dena onartu behar bada. Baina mendi magalean aurpegiak egiteko puskatutako harri denak oraindik ere jaso gabe egotea… ez da oso polita geratzen! Turista tipikoenak bezala argazkiak atera eta bagoaz Minneapolisera. (kuriosoa ere dirua jarri zuten empresa guztien zerrenda aurpegiak ikusten diren miradorearen ondoan. Bakoitzak jarritako diru kopurua eta guzti gainera! Jaja)

1000km uste baino errezago egin ditugu. Jada hilabete eta bi aste goaz egunero gidatzen eta ohitura ere hartu dugu. Hau kamionero kuadrila. Motel batean egingo dugu lo gaur. Iritsi garenean, igerilekuan bainutxo bat, relax pixkat, erropak garbitu, oraindik libre ditugun egunetarako kontzertuak bilatzen jarraitu, batzuk aurkitu, eta bagoaz afaltzera. Gaur oporrak bezala dira guretzat eta Arronaren urtebetetzea ospatzeko gogoz gaude. Minneapolis erdigunera gerturatu gara afaltzera eta afari bikaina egin dugu. 32 urte bete ditu Arronak. Sekulako betekadarekin bukatu dugu denok, ia oinez ibiltzeko gai ez garela… bihotz bihotzez eskerrik asko eta urte askotarako Arrona! ZORIONAK!

Azken unean Abuztuak 10, asteazken
a

Presa handirik gabe esnatu gara. Ez dugu, printzipioz kontzerturik. Kontaktu askori esan diegu ea kontzerturik antolatua dagoen eta gu bertara gehitu gaitezkeen, baina oraingoz, ez dugu ezer. Rapid City-n ezagututako lagun bat eta bira osoan zehar ezagututako lagun batzuk ere ari dira beraien kontaktuei deika guri zerbait lortzeko. Beraz, ezer berezirik ez dugu, eta lasai deskantsatuta jaiki gara.

Ohikoa den bezala, diska denda pare bat fitxatuak ditugu Minneapolis-en, baita artista galeria bat ere. Internetez jarraitu izan dugun arte galeria bat. Hantxe aritu gara bueltaka, diska pila erosi ditugu gaurkoan. Lehen diska dendatik atera eta kalean tipo bat etorri zaigu kasu egitera. Ea Humilitate ginen galdetu digu. Myspace-ean ikusi zigula eta Allan eta Haroldo (aurreko egunerokoetan agertu diren pertsonaiak hauek) deitu diotela guri laguntzeko eskatzen. Guretzat janaria erosi eta etxeraka dijoala esan digu. Kontzertua bilatzen saiatzen ari dela ere komentatu digu. Arratsalderako hitzordua egin dugu eta gure turismo bidaiarekin jarraitu dugu. Eta horrelaxe jardun gara egunean zehar, kalean topatu dugun gazteak, Joseph-ek, deitu digun arte. Kontzertua lortu digu “Meduse” aretoan (handia!). Atzo oporretatik etorri eta 4 ordutan kontzertua lortu digu. Lagun guztiei mezuak idazten pasa duela arratsaldea esan digu. Bere etxean afaldu eta aretora goaz.

20110809_mt_rashmore_1538

Somaliako errefuxiatuak bizi diren auzo batean kokatzen da “Meduse”. Modu kolektiboan antolatutako aretoa da. Ia egunero egiten dituzte kontzertuak. Aurreko bi egunetan ere kontzertuak izan dira eta horregatik jendea etortzea zaila izango dela esan digute. Ondoko kalean Madball talde ezagunak jotzen du ere. Baina tira, azken unean lortutako kontzertua izanda bi pertsonentzat jotzea ere ederra da guretzat gaurkoan!

Kontzertura gerturatu direnak, denak, lagunei idazten ari dira. Kontzertua eta Euskal Herriko talde bat dagoela zabaldu dute sms bidez. Brasildar batzuekin joko dugu gaur, Minneapolisen bizi diren Fabela Rise taldearekin. Gure lagunak diren lagunak dira eta mundua zein txikia den ohartu gara. Kontu kontari ari garela, Meduse, jendez betetzen hasi da. Konturatzerako kopuru ederra elkartu eta kontzertua hasi da. Pare bat edo hiru etorri zaizkigu gure Los Angeles-eko bideoa Youtube-n ikusi dutela esanaz eta oso gustoko dutela. Ederra da azken unean kontzertua izango dela ohartu eta halare gure berri bilatzen jardun direla ikustea.

Ez genuen espero, baina azkenean, kontzertua lortu bakarrik ez, sekulako kontzertua atera da. Jendea gu hasteko desiatzen zegoen eta lehen abestietatik dantzan hasi dira. Izerdi asko bota dugu biran, baina gaurkoa, kontzerturik izerditsuenetakoa izango zen. Oso eskertuta gaude. Azken unean horrelako harrera egin eta denek egin duten saiakera eskertzekoa da benetan. Beren poltsikotik ere dirua jarri dute batzuek gure bidairako. Azkenean, Joseph-en etxera goaz, lagun brasildarrak gurekin datoz, hauek parrandako gogoarekin, baina gu, 5.minutuan lokartu gara.

Sagardoaren hiria Abuztuak 11, osteguna

4 ordu besterik ez ditugun arren, 10etan jaiki gara. Zeregin gutxi batzuk ditugu eta Denborarekin ibiltzeko. Gasolina bete eta Appleton aldera goaz. Gasolindegitik atera orduko poliziak geratu gaitu. Gasolinerara sartzean guri begira nabaritu dugu eta ez gaitu harritu egia esan. Ez gara urduri jarri, normalean, horrelakoetan, urduri jartzea ohikoa da. Polizia azken finean polizia baita. Gainera, guk matrikula eta seguro asuntoa nola ahala moldatuak ditugu. Baina gauzak txukun eginak ditugu eta lasai esan diogu “goodmorning” sheriff-ari. Egunonak eman eta ea matrikulen legea nolakoa den ez dakigun galdetu digu. Turista aurpegia jarri eta ingelesa oso ondo ulertzen ez dudanaren aurpegia jarri diot, nongoak garen galdetu, “Spain” erantzun eta barre egin du. Harritu egiten diete hain urrutitik etortzea. Motelago azaldu digu matrikula hori ez dela legala estatu batuetan. Baina hilabete barru bagoazenez ez dugula arazorik izango esan digu. Bertakoek izaten dituzte arazo gehiago. Seguroko papera ere begiratu digu eta dena zuzen dugula eta zorte ona opatu digu. (jaja jakingo balu). Beraz, seguro eta matrikularekin egindako jokaldia dotore atera zaigu! Eskerrak gure lagun venezolarrari.

Appleton, Madison inguruan dagoen hiri txiki bat da. Sagardoa dagoela bertan esan digute. Ez dugu bertako sagardoa dastatzeko gogo berezirik baina tira. Bidaia interesgarria izan da. Judu komunitate bat ikusi dugu bidean, oraindik ere karroan eta aintzinako erropekin ibiltzen dira, Amish-en antzekoak. Egiteko genituen zereginak egin, eta kontzertuko tabernara joan gara. Maritime tabernan joko dugu gaur. Kontzertu asko egiten dituzte bertan. Iritsi eta denbora pasa moduan billar partida bat botatzen ari garela etorri da Ryan, antolatzailea. 3 taldek jo dugu gaurkoan. Batere gustatu etzaigun herriko talde bat, Arizona Drone Throne talde bikaina eta ondoren gu. Kontzertuan ez da jende gehiegirik bildu baina jendeari asko gustatu zaio gure saioa. Kamixeta guztiak saldu ditugu eta iada cd eta kaseteak bakarrik geratzen zaizkigu. 100 kamixeta dagoeneko, ez dago gaizki!

Humilitate egunerokoa

asteartea, 9 abuztua, 2011

Rapid Cityko sorpresa Abuztuak 8, astelehena

Olioa aldatu behar geniola eta Arrona eta biok jaiki gara besteak oraindik lotan daudelarik. Furgoneta hartu eta olioa aldatzera joan gara. Formula unoko pit stop bat ematen zuen joan garen tailerrak. 6 pertsona zeuden gure furgonetarekin lanean eta 8 minutun aldatu diote olioa eta filtro guztiak! Harrigarria! Haroldoren etxera itzuli, gainontzekoak esnatu, furgoneta kargatu eta abiatzeko prest. Gaur, berriz, 7 ordu ditugu bidean, beraz… ezin gehiegi luzatu. Dena den, Haroldok prestatutako gosari ederra dastatu ahal izan dugu etxetik atera aurretik. Aupa hi!! Hoi da hoi ondo zaintzea!! Gogoa dugu bera europara biran etorri eta guk faborea itzultzeko. Plazer bat da lagunak zaintzea! (zaindu maite duzun hori, batek abesten zuen bezala). Tripa bete, eta errepidera!

20110809_rapid_city_1500

Goiz iritsi beharra dugu Rapid City-ra. Ezerezaren erdian dagoen hiria da. Moteroen hiria. Bidean, milaka motorista gurutzatu ditugu. Sekulako motoak gainera. Ordu aldaketa ere egin digu mobilak. Beraz, bestela ere berandu bagindoazen, orain ordu bete beranduago. Ekialdera goazen honetan ordu aldaketa gure aurka dator. Kontzertuko aretora iritsi gara, eta zarata entzuten da barruan. Kontzertua hasi delakoan sartu gara barrura eta musika jotzen ari diren 3 lagun besterik ez daude areto erraldoi batean. Harrituta geratu gara. A ze kontzertua biziko duguna gaur… jejeje. Beraiekin hizketan hasi eta kontzertua atzeratu egin dela esan digute… beraz, aretoak dituen sofetan etzan eta pixkat deskantsatu dugu. Antolatzailea ere etorri da beranduago. Kontzertua egiteko arazoak daudela komentatu dizkigu. Duela bi aste, herriko gazte batek, polizia tirokatu zuela eta 2 hil zituela esan digu. Poliziak bera tirokatu omen zuen eta gaztea hil zutela. Kontzertua, berari egingo dioten omenaldia omen da. Baimenik eman ez duten arren, nola ahala aurrera aterako dela. Eta halaxe izan da.

Jendea gerturatu da pixkanaka, ez gehiegi egia esan. Lehen taldea batzuk ikusi dute eta bigarrenean ia aretoa hustu da. Astelehen gogorra aurretik genuelakoan hasi gara gure musika tresnak prestatzen. Baina dena prestatu dugunerako aretoan zegoen jende dena sartu da barrura. Kontzertua hasi eta denak dantzan jarri dira. Kontzertua erokeria izan da. Bikaina! Eta bideoan grabatua geratu da. Denek erosi dute zerbait eta ia kamixeta gabe geratu gara. Eskerrak eman dizkigute etortzeagatik eta sinadurak ere eskatu dizkigute (ajajaj eta ez da lehen aldia! Ohikoegia bilakatzen ari da gure gustorako… ez gara komodo sentitzen). Sekulako harrera egin ostean, kontzertuko lagun batzuk eta antolatzailea bere etxera joan gara. Zerbezak erosi dituzte guretzat eta afaria prestatu digute. Gaueko 12ak dira. Bihar goizeko 6etan jaiki beharra dugu, beraz, ezin nahi bezainbeste luzatu… Bihar, estatu batuetako presidenteen aurpegiak dauden mendia ikustera goaz. Eta atsaldean Minneapolis-era!

Zaragozako taldeei errepasoa ZarataZarautzen

asteartea, 9 abuztua, 2011

Aste honetan, Zaragozako talde batzuen errepasoa egingo dugu ZarataZarautzen. Inguruan gainera ez dugu kontzertu gehiegi azken aldian beraz kontzertuen errepasoa datorren asterako utziko dugu.

mistkafer

Gogoratu asteartero bezala, zita zaratatsua duzuela gaueko 21:30etatik aurrera Arraio Irratiko uhinetan.

Humilitate egunerokoa

astelehena, 8 abuztua, 2011

Barrukalderantz, Boise “euskalduna” Abuztuak 4, Osteguna

Goiz jaiki gara gaurkoan. 800 kilometro ditugu aurretik eta Boisen, Cryss-ekin egindako hitzorduaren aurretik, hiria, zertxobait ezagutu nahiko genuke. Gainera, orain, berriz ekialderaka hasiko gara, eta gaur berriz, ordu aldaketa dugu. Orain arte, bidaiatzeko ordu bete irabazten genuen arren, orain, ordua aurreratu behar dugu, beraz, ordubete gutxiago izango dugu. Goizeko 7terdiak dira eta bagoaz bideari ekitera. Gaur, Boisera goaz, euskaldun komunitatea bizi delako ezaguna den hiriburu honetara (guretzat behintzat)

Kostaldea agurtu dugu eta berarekin berriz haize freskoari ere agur esan behar izan diogu. Berehala nabaritzen da aldaketa. Kilometro gutxi batzuk barrukaldera egin, eta haizea bera ere beroa da jada. Dena den bidaia arin xamar egin dugu.

Hitzordua baina 30 minutu lehenago iritsi gara. Kontzertua jo beharreko aretoa itxia dago beraz, aretotik oso gertu geratzen den euskal street ikustera goaz. Kuriositatea sortzen digu hainbeste aldiz entzun dugun “euskal komunitate” hau hemen nola bizi den ezagutzeak. Iritsi eta berehala topatu dugu “Bar Gernika”. Euskal kultura azaltzen duen mural baten ondoan. Eta hortxe bertan hasten da Euskal street. Ikurrinak daude zintzilik kaleko argietatik. Euskal izenak dituzten taberna eta hotel batzuk ere badira eta museo bat ere bai. Justu museoaren aurrean trikitixa entzun dugu, gerturatu, eta dantzari talde bat euskal dantzak dantzatzen ari da kalearen erdian, turisten gozagarri. Jende dexente dago inguruan argazkiak ateratzen. Guk ezin diogu barreari eutsi. Grazia egiten digu Euskal Herritik hain urrun bertako dantzak ikustea. Ingelesezko speaker eta guzti! Jajaja Kuriosoa behintzat izan da. Ezin izan gara, “euskal” taberna hauetako batera sartu gabe geratu, Gernikara sartu gara eta euskal produktuak daudela ikusi dugu. Kuriosoa benetan. Basque favourites-en barruan kalimotxoa dute menuan. Idiazabalgo gazta kaliforniakoarekin batera, sagardoa (cidre), … kuriosoa “euskaldunak” izateagatik dituzten prezio altuak. Kuriosoa guztiz (jeje).

Paseotxo labur honen ostean aretora goaz. Iada irekita dago eta jendea dabil inguruan. Cryss-ek ongi etorria eman digu eta kontu kontari aritu ostean, lehen taldea prest dago jotzeko. Kontzertu txukuna eman dute gazte hauek. Indarra dute. Geroz eta jende gehiago dago eta giroa berotzen ari da. Gu, bigarrenak gara. Jotzen hasterako, gerturatzeko esan ikusleei eta berehala gerturatu dira. Giroa berotuko denaren pinta du. Lehen abestiak denak segidan jo ditugu eta jendea dantzan hasi da. Azken hilaran ere jendea gozatzen ikusten da eta azkenean sekulako kontzertua atera da. Beste behin, izerditan eta irripartsu bukatu dugu. Kontzertua amaitzeko, Boise bertako, talde gazte batek jo du. Bukatzean, dena jaso eta Cryssen etxera goaz. Afaria prestatuko digu. Aitona Bermeokoa zuen neska bat ere gerturatu da gurekin hitzegitera. Punki itxura du, txupa partxez josia du, eta tartean ikurrina ere bai.

Afari ederraren ostean, ez dugu gehiegi iraun kontu kontari. Oso nekatuta iristen gara iluntzera. Beraz, sakua hartu, esterilla lurrera bota, eta lotara. Bihar Salt Lake City dugu helmuga. 557 kilometro.

Hunger Strikes Abuztuak 5, Ostirala

Beste behin goizean goiz jaikitzea tokatzen zaigu. 7etan jo du iratzargailuak. Gaurko kontzertua 7etan asten den arren, arratsaldeko 3retan Pelican Bay gartzelan gose greban dauden presoen aldeko protesta bat dago eta bertara goaz. Pelican Bay kartzelan, tortura eta tratu txarrak zirela eta 20 lagun gose greban hasi ziren. Gaur egun, kartzela ezberdinetara zabaldu da eta iada 2000 preso baino gehiago daude gose greban. Arrazen arteko gatazkak bilatzen dituen espetxe politika, lizundutako janaria, argirik gabeko geletan 4 hilabeteko egonaldiak, torturak,… egoera jasan ezin honek eraman die azkenean kartzela ezberdinetako presoak gose greban hastera. Preso hauen aldeko jardunaldien barruan antolatu dute gure guarko kotnzertua eta protestan parte hartzera joan gara Salt Lake City-ra.

20110803_seattle_bremerton_1345

Salt Lake City, oraindik ere Mexiko zenean, Mormoiek, bertan bizitzeko baimena eskatu zieten Mexikoko gobernuari. Hauek, denborarekin, mexikar izateko baldintzarekin, bertan bizitzen utzi zieten. Mormoiek aldiz, Estatu Batuarrekin bat egin zuten eta haiekin bat egin zuten inguru dena Estatu Batuak izateko gudan. Orain, Mormoien lurraldea da Salt Lake city. Lege gogorrak daude hemen. Kanpotik etorritakoei geroz eta zailago egiten zaie hemen bizitzea. Gidatzeko eta bizitzeko behar dituzten baimenak debekatu eta kartzelaratu eta kanporatu egiten dituzte. Kaleetan ere, kanpotarrak jipoitzen dituzten talde nazi asko daude. Adibidez, zerbezak ezin du 3 gradutik gora izan. Kanpotik ekarritako zerbezek ere gradu gutxiago dituzte hemen. Mormoien erreinua da hau.

Protestan ez gara jende gehiegi elkartu baina entzun zaigula iruditzen zait. Ondoren, kontzertua egin behar genuen etxera joan gara. Lan eta eskaintza komunitarioak dituen etxea da. Bertan bizi direnek poliziaren aldetik errepresio handia jasan duten arren, hiriko gazteentzat gauza ezberdinak antolatzen dituzte.

Motel joan da arratsaldea. Antolaketan ez da fundamentu gehiegirik nabari eta mikro batzuk lortzeko ordu asko tardatu dituzte. Kontzertua, berandu, baina hasi da. Misouri-ko talde baten ostean izan da gure txanda. Etxeko saloian da kontzertua. Gainezka dago eta jendea muturraren parean sentitzen dugu. Lehen bateri kolpeak hasi direnerako hasi da eromena. Jendea zoro moduan dantzan eta gu gozatzen. Kontzertu bikaina izan da. Arazo teknikoak medio, Arronak, ezin izan ditu azken bi kantak abestu, eta honek pixkat zapore gazigozoa utzi digun arren, kontzertu bikaina izan da. Bertako jendea zoratzen geratu da, eta jendea gerturatu zaigu gasolinarako bere poltsikotik dirua ematera. Oraindik ere keinu hauek harritzen gaituzte. Keinu politak benetan. Beste behin, dena jaso, eta leher eginda bagoaz antolatzailearen etxera deskantsatzera. Bihar 1000 kilometro ditugu eta 7etan jaiki beharra dugu. Beraz, Jorgerekin kontu batzuk etxean eta lotara berehala.

Pueblo, hau bai herria Abuztuak 6, Larunbata

Normala den bezala, lo gehiago egiteko gogoarekin esnatu gara gaurkoan. Azken egunetan lo gutxi egitea tokatu zaigu eta nabari da nekea. Baina tira, bagenekien estatu batuetako erdialdea gurutzatzean lo gutxi eta kilometro asko tokatuko zitzaizkigula, beraz, irripar egin eta aurrera. Gaur, 800 kilometro ditugu Denver-era. Bertan, Catheter eta Capitalist Causalties mitikoko Haroldorekin elkartu eta Pueblora joango gara, beste 200 kilometro. Beraz, bi aldiz pentsatu gabe, furgoneta arrankatu eta errepidera.

Uste baino errazago egin ditugu kilometroak eta 4etarako Denver-en gara Haroldo-ren etxean. Bere kotxea hartu eta Pueblora. Hiri txikia da Pueblo. Txikia, orain artekoekin alderatuta. Gure herriarekin alderatuta handia baita. Bertan, kotxeak konpontzeko tailerra izandako eta gaur egun taberna kuriosoa den aretoan jotzen dugu. Iristerako, lehen taldeak ia dena prest du. Zerbezatxo bat hartu eta jada lehen taldea hasi da jotzen. Heavy mantsoa edo antzerako zerbait egiten dute. Ez zaizkigu batere gustatu. Bigarrenak, Haroldo eta konpañia dira. Ez lehen aipaturiko taldeekin, Dodsfalla taldearekin baizik. Hauek askoz gehiago gustatu zaizkigu. Crust bortitza egiten dute eta kontzertu txukuna eman dute. 3.enak lehen taldeko kide batzuk eta beste berri batzuek osatzen dute. Hauek ere txukun egin dute saioa. Thrash zaharra jorratzen dute eta potente sonatu dute. Luzeegi jo dute gure gusturako eta azken abestiak luze egin zaizkigu. Jendea pixkanaka berotzen ari da. Dena den, tabernak terraza erraldoia du eta jende asko kanpoan dago. Gure kontzerturako ea denak sartzea lortzen dugun. Dena prestatu eta jende asko dago gure kontzertua hasteko zain, lehen kitarreoekin kanpoan dauden asko sartu dira eta pinta ona du. Ez dugu huts egin. Lehen 4 abestiak bata bestearen atzetik jo eta jendea zoratzen ari da. Zerbeza airetik, jendea lurretik, abeslarien pausu bat atzera eta dena egin behar izan dute “babesean” abesteko. Asko gustatu zaio jendeari eta txalo zaparrada handia jaso dugu kantuen ostean. Jende asko gerturatu zaigu eskerrak ematera. Hain herri galdura nolatan etorri garen arrituta, flipatzen geratu dira kontzertuarekin. Gu ere oso oso gustura. Birako kontzerturik ederrenetakoa. Trago batzuk hartzera gonbidatu gaituzte kontzertu ostean, Haroldo-ren etxera itzultzeko nekatuegi gaude eta bertan geratuko gara eskaini diguten etxe batean lotan. Azkenean, etxea, karabana bat zen. Jeje nahiko toki deserosoa eta zikina lotarako, baina tira, biran gaude, beren etxea eskaini digute eta bihotzez eskertu diegu emandako dena. Bikaina gaurkoa eta biharkoak ere pinta ona du. Gainera 200 kilometro bakarrik ditu Denver-en dugun kontzerturako. Ea ba zer moduz doan.

Denver-era Abuztuak 7, igandea

Karabanan esnatu gara. Atzo gauean, oheratzean, Hristok esan zigun goizean sekulako beroa egingo zuela. Eta halaxe izan da. Eguzkiak karabana jo duen momentuan sekulako beroa egin du. Gaur, presa berezirik ez genuen jaikitzeko, eta atzoko bidai luzearen ostean, presarik gabe lo egin nahi genuen. Baina eguzkiak ez digu lotan utzi. Beraz, jaiki eta egunari ekin diogu. Motel hasi gara dena den. Banan bana esnatzen joan gara. Bata gora begira, ni atzeratutako egunerokoak idazten, bestea gainontzekoak esnatu zain,…. Etxeko salan elkartu gara denak pixkanaka. Etxekoak ere pixkanaka esnatu dira. Batek, esnatu eta berehala, gitarra hartu eta kantu bat jo ahal zuen galdetu digu. Baietz esan diogu (onartu behar dut, baiezkoa ematean, gogo gehiegirik ez genuela inor kantari entzuteko, eta ez genuen gehiegi ere espero esnatu berria zen hippiaz). Baina kantari hasi denean, maitemindu gaitu. Sekulako abestia jo du gazteak. Ahots bikaina eta kantu zoragarria. Kamera atera eta berriz jotzeko eskatu diot, kantua ahaztu ez dezadan, eta bueltakoan ikasi dezadan. Hitzak ere eskatu dizkiot Jeremeyri. Jatorra mutila. Artista!

Bi ordu besterik ez ditugu gaurkoan. Hau ez da ezer! Huskeria! Sekulako beroa egiten duen arren, ez zaigu axola. Bidean galdu nuen tripodea erosi dugu bidean eta Denver-era berehala iritsi gara. 4etan genuen hitzordua Haroldorekin. Jatetxe batean lan egiten du eta bazkaltzera gonbidatu nahi gaitu. Sekulako bazkaria gainera. Janari oso goxoa (aukera begetariano askorekin) eskaintzen dute eta dena berak ordaindu digu. Ordaindu nahi geniola esan diogu baina zera erantzun digu: “euskal herrira joan naizen guztietan, jaten, edaten eta dena eman didazue, orain nire txanda da!”. Hurrengo biran, berriz guk sukaldatuko diogula esan diogu. Gaur, bera izan da sukaldaria, fina gainera, bueltan gure txanda izango da.

20110808_denver_1494

Bere etxean eman dugu arratsaldea. Internet duenez, birak exigitzen dituen lanak egiten pasa dugu arratsaldea. Oraindik ere hutsak ditugun egunetarako kontzertuak bilatzen eta emailak idazten. Pixkanaka hasi da jendea gerturatzen. Oso pixkanaka. Familia giroa dago. Lagun asko elkartzen hasi dira eta denak beraien artean ezagunak. Eta lagun artean, etxean duten entsegu lokalean, hasi da kontzertua. Atzo ere gurekin jo zuten Dodsfalla taldea hasi da zuzenean. Haroldoren taldeak atzo baino kontzertu hobea eman duela esango nuke. Nik behintzat gustorago ikusi ditut. Ondoren gure txanda iritsi da. Jendeak harrera beroa egin digu eta dantzan bukatu dute kontzertua. Kontzertu bikaina izan da, dena den, bis-ak aukeratzean eztabaida txikia izan dugu eta zapore goxoa ozpindu zaigu. Dena den, etxean bertan gaude lagun askorekin eta giro polita dago eta zerbezatxo batzuk hartzen agurtuko dugu eguna. Beti bezala, gustura, kontu kontari, eta leher eginda! Jeje bihar berriz 7 orduko bidaia Rapid City-ra arte! Eutxourrei beti!

Disko Gomendioa: Falsa Ilusion – 10 A.M.

ostirala, 5 abuztua, 2011

Disgalerna jaunari lapurtu diogun maketa mitiko bat jarri dugu gaurkoan, Zarauzkoak ziren Falsa Ilusion taldearen maketa hain zuzen ere.

portada_falsa_ilusion

Abestiak

01 Da igual
02 Dentro de mi
03 La decision (la ventana)
04 Reflexiona (somos semillas)
05 Sensaciones, sufrimientos, deseos y amor
06 Planeta frio
07 El inconformista
08 Vacio

Maketa hau jeitsi nahi baduzue, HEMEN duzue.

Humilitate egunerokoa

ostirala, 5 abuztua, 2011

Etxean bezala Abuztuak 2, asteartea

Canadiarren zaratek esnatu gaituzte gaur goizean. Ez dugu feeling berezirik izan talde honekin, eta goizean atera duten zarata guztia eta denontzat zegoen gosaria ia osorik jateak ere ez du lagundu (jeje). Baina tira, zer egingo diogu ba…. Egunotan gurekin dabilen lagun batek, gure furgonetak soinu arraroa egiten duela eta aurreko larunbatean jo genuen tokira furgoneta eramateko esan digu. Larunbatean, kotxeen desguaze eta tailer batean jo genuen kontzertua, The Assasinators taldeko kitarjolea bertan bizi baita. Beraien artean hitz egin dutela eta bihar, asteazkena, bertara eramateko plana antolatu digute. Guk, soinu arrarorik ez dugu entzun ere egin, eta hauek dagoeneko mekanikoarekin plana egina dute, aupa zuek (beste behin). Beraz, bihar Seattle bixitatzera egin beharreko plana, gaur egin beharko dugu, beraz, jaiki, soberan geratu diren apurrak jan, eta bagoaz hainbeste atentzio deitzen digun hiri honetara.

Ez dakigu, Jimmy Hendrix, Bruce Lee, Pearl Jam, Consume, … .zergatik izango den… baina hiri honek atentzioa deitzen digu. Fama ona du. Bira osoan zehar azpimarratu izan digute hiri hau bisitatu beharra dagoela. Eta guk, turista tipikoak bezala, bagoaz bertara. Iritsi eta bertako torre tipikora zuzenean (musika denda batetik pasa ostean noski). Garesti iruditu zaigu eta ez gara igo. Beraz, hiritik buelta bat eman dugu. Denbora gehiegi gabe aritu gara, beraz, nahi baino gauza gutxiago ikusi ditugu. 18etarako joan behar dugu Bremertonera, kontzertuko tokira, beraz, alde egin aurretik, Lake view izeneko hilerrira goaz. Bruce Lee-ri bisita egitera. Argazki pare bat eta Bremertonera.

humilitate_9245

Kuriosoa izan da Bremertonera iritsiera. Egunotan, lagun asko izan dira gure kontzertuetan. Kilometro gutxitan kontzertu asko egin ditugu eta jende asko errepikatzen ari da. Askorekin konfiantza eta dena dugu. Beraz, tokira iritsi , eta ia bertakoak bagina mundu guztiari kasu egiten hasi gara. Jajaj etxekoak dirudigu. Paul eta bere semeetako bat ere bertan daude. Ramon bakarrik etorri da, John txikia etxean geratu da. Baina Paulek notizi ona eman digu, kontzertu ostean bere etxera joango gara lotara. Beraz, hain maite dugun, gure lagun John txikiarekin elkartuko gara berriz! Aufi!!

The Assasinatorsekin jo dugu kontzertua. Ez dira danimarkarrak, hasieran uste genuen bezala. Jeje ea onartu behar dugun arren hasieran bajoi pixkat eman zigula, talde honetakoak biran zehar ezagutu ditugun pertsona magiko horietakoak izan dira (aupa zuek berriz ere!). Kontzertuan ez da jende gehiegi elkartu gaurkoan. Asteartea da ere, jeje guri egunero asteburua dela iruditu arren. Ederra da kontzertuan jende asko ezagutzea, bata eta bestearekin hitz egiteko aukera izatea. Etxean bezala sentitu gara. Telebista batekoak ere etorri dira kontzertua grabatzera. Bukatzean, gauzak jaso eta Paulen etxera goaz. Gure etxera itzultzea bezala izan da. Etxetik hain urrun eta etxean bezala.

Seattlen ere babarrunak Abuztuak 3, Asteazkena

Atzo, etxera iritsi ginenerako John txikia lo zegoen. Gaur, gu lotan geundela jaiki da eta zarata egiten hasi da gu esnatzeko asmoarekin. Aitak, ixilik ibiltzeko esan dion arren, esnatu gaitu. Guk pozik hartu dugu. “Get Down” oihuarekin erantzun diogu eta irriparrea atera zaio. Gustora hartu du gure itzulera. Kanpoan egon garen egunterdian aitari ea berriz etorriko ginen galdezka aritu omen da. Ilusio berezia egin digu eta goiza berarekin jolasean pasa dugu. Bera eta Ramon, Paulen semeekin. Dena den, gaurko plana mekanikora joatea da, furgonetari guk antzeman ez diogun zarata hori begiratzera.

Mekanikoa, atzo kontzertuan zegoen mekanikoa. Bere bi semeekin kontzertua ikusten egon zen. Larunbatean izan ginen hemen bertan jotzen, beraz, gaur ere etxean bezala. Furgonetarekin kilometro egitea nahikoa izan du mekanikoak zer duen asmatzeko. Gurpilen atzeko ejeak olioa galtzen du. Arazoa, ez da handia, guztiz lehortzera iristen ez den bitartean. Zentzu horretan oso gutxi galtzen digu beraz, oraingoz salbu gara. Gutxiago galtzeko pieza bat aldatu eta tartean behin pieza horretako olioa kontrolatu beharko dugu (“ameriketara joan nitzan, mekanika ideiarik gabe, handik etorri nitzan maitia ia mekaniko! Jejeje)

Bertako lanak bukatu eta bagoaz presaka Seattle-ra. Ferryan joan nahi genuen ibilbidea aldatzeko baina ordutegi arazoak medio, errepidez goaz. Allan-ek, bere etxean hartu gaitu. Barbakoa begetarianoa prest du guretzat eta asko eskertu dugu ongietorria. Goxoak benetan babarrunekin egindako hanburgesak. Kontzertuko aretoa ere, etxetik gertu dago bera, tita iritsi gara. 5 taldek jo dugu gaurkoan, 4 biran geundenak eta bestea etxekoak. Antolaketa oso txukuna, azpiegitura ona, ordutegi puntuala, soinu teknikariak ere fundamentuarekin,… Gustora aritu gara. Azkenak izan gara jotzen, eta ohikoa den bezala beste taldeetako askok jo eta beste inor ikusi gabe alde egin dute. Kuriosoa egiten zaigu hau. Ikusleak zorionez, geratu dira, eta gustura egon direla iruditzen zaigu. Kontzertu ederra eta bizia eman dugu.

Bukatzeko, ohikoa den bezala bagoaz antolatzailearen etxera, lagun batzuekin. Bertan, beti bezala, musika jarri digute eguna kontu kontari agurtzeko. Gaur suaren ondoan, eta soinu banda bezala: Bap, Monstruacion, Rip,… Spanish hc deitu dion arren, gustura hartu dugu keinua.

Gaur ere belarriak zulatuko ditugu

asteartea, 2 abuztua, 2011

Gaurko ZarataZarautz irratsaioan ez dugu gonbidaturik izango baina hala ere ohiko hirukotea belarriak zulatzeko gogoz sartuko da Arraioko gela arroxean. Amenaça, KaosarenerasoaK, Estricalla…

est

Gogoratu zita zaratatsua duzuela gaur gauean, 21:30etatik aurrera.

Atzoko irratsaioa entzun nahi baduzue, HEMEN duzue. Playlista berriz HEMEN.

Disko gomendioa: Absurdo – Demo (2010)

astelehena, 1 abuztua, 2011

Atzo bertan bigarren aldiz izan genituen Absurdokoak Putzuzulon. Nere iritziz, lehen aldiz etorri zirenean kontzertu hobeagoa eman zuten. Hala ere, 2010ean kaleratutako maketa hau sarean aurkitu dugu gozatu nahi baduzue.

absurdo12

Abestiak

01 Mundo decadente
02 Confianza
03 Incorregible
04 Invisibles
05 Lazos de sangre
06 Rota
07 Barcelona de plastico
08 Monstruos de hierro
09 Muros
10 El tabaco apesta
11 Miedo
12 Nunca es tarde
13 En esta ciudad

Maketa hau jeitsi nahi baduzue, klikatu ezazue HEMEN.