Archive for 2011

Ernia Zarauzko Pelaiosanetan

asteartea, 28 ekaina, 2011

Bejondeigula Produkxionsen eskutik Ernia talde Zarauztarrak aurtengo Pelaiosanetan emandako kontzertuaren bideo batzuk ditugu sarean. Ikusi nahi badituzue,  jarraian dituzue:

Humilitate egunerokoa

asteartea, 28 ekaina, 2011

Autosufizientziaren bila Ekainak 27, astelehena

20110625_new_york_ii_0090

Ahal dugun moduan eta ahal duguna deskantsatuta jaiki gara. Guk ez dugu hiltzerik, baina ezin du gauza bera esan Tainak. Ez da atzo etxera nola itzuli ginen ere gogoratzen. Gu fresko gaude eta Montclair, New Jersey-ra joateko gogoz. Estatu aldaketa da eta Manhattan-etik aterako gara gaur. Gauza berriak ikusteko gogoa dugu, gauza berriak ezagutzen New Yorken oraindik urteak pasa ahal ditugun arren.

Urruti ez dagoen arren Cojoba taldekideekin kotxe familiar handi bat alokatu behar izan dugu kontzertura iristeko. 50 mila diren arren, gaur ezin gara metroan joan. 7 lagun eta materiala kotxean nola ahala sartu eta bagoaz New Jersy-ra. Bidean Manhattan-en skyline-a ikusi ahal izan dugu. Bufff bertatik bezainbesteko impresioa egiten du urrunetik. Zerua ikutzera iritsi nahi duten eraikinak. Natura baina indartsuago dela erakutsi nahi dutela dirudi batzuetan. Bestela zaila da hemen dauden eraikuntzak ulertzea. Bidean galdu garen arren iritsi gara kontzertu aretora. Jatetxe frantsez baten azpian, lur azpian, dagoen areto ilun batetan da. Pinta ederra du eta arratsaldeko 15:00etan hasten den arren kontzertua jende pixkat badago iada. Gaztetxoak dira ia denak. Oso gazteak. 6 taldek osatzen dugu kontzertua eta gu 4. Garela esan digute. Gure Cojobako lagunen ostean. Lehen taldea hasi bezain pronto jatetxekoak bolumena jeisteko esan du. Gure txanda iritsi aurretik kontzertua bertan bera geldituko denaren beldur gara… Egunotan ezagututako lagunak ere gertutatzen hasi dira kontzertura. Ostiralean gure kontzertuan izan ziren batzuk egunero datoz gure kontzertuetara eta eskertzekoa da. Konfiantza handia hartu dugu beraiekin eta latino kuadrila osatu du. Atzoko parranda komentatzen hasi gara eta denak ere hiltze handiarekin daude… baina bizirik!

Hemen kontzertuetan talde bakoitzak bere materiala jartzen du. Ez dute gauzak konpartitzeko ohitura handirik. Afaria eta edaria emateko ohiturarik ere ez dute, beraz, beste taldekideekin harremana mugatuagoa da. Gu, ohituta gaude kontzertuetan materiala elkarbanatzean eta afaritan beste taldekideak ezagutzen eta hemen zentzu horretan hori zailagoa da. Taldekideak taulara igo arte ez dakizu zein den musikaria eta zein ez.

Cojobaren txanda iritsi aurretik, kontzertuko antolatzaileak kontzertuak areto horretan jarraitu ezin duela esan du. Beraz, gauzak jaso eta guk eta Cojobak jo ahal izateko areto berak duen atzeko gela txiki batera sartu behar izan gara. Bertan gutxiago entzungo delakoan han jotzea erabaki dute. Oso gela txikia da. Zikina dago. Aspaldi ezertarako erabili ez denaren usaia dago eta alturaz ez da 2 metrora iristen. Eskoba pasa eta materiala prestatu dugu. Bentiladore handi bat ere jarri dute haizea pixkat mugitu dadin, sekulako beroa egiten duelako. Egia esan gustoko dugu toki berria. Jendea gainean izango dugu eta hori beti gustatu izan zaigu. Cojoba hasi direnean jendea zoroa bezala hasi da dantzan eta buruko kolpe eder batzuk ere ikusi ditugu tuberien kontra. Gelatxoak duen alturarako eta egin duten “pogo”-rako kolpe gutxi izan dira dena den. Sekulako zoramena dago gelatxoan. Hainbat aldiz esan behar izan du Taina abeslariak kontuz ibiltzeko musikariekin. Jotzeko tokirik gabe daude eta hamaika aldiz erori da jendea beraien gainer. Kontzertu bikaina eman dute gure lagunek eta orain gure garaia da. Egunotan izan dugun soinurik txukunena dugu gaurkoan. Toki txikia izaki soinu muro bat sortzea lortu dugu behingoz, gure materiala ez den arren pixkanaka moldatzen ari gara.

Dena tita batean prestatu eta lehen abestiko sarrera jotzearekin batera gerturatu dira haizea hartzera joan diren ikusleak. Gelatxoa berehala bete da eta lehen doinu azkarra jotzearekin batera ikusleak zoro moduan dantzan hasi dira. Buruko ederrak hartu ditu batek baino gehiok eta pixkanaka pogozaleak lasaitzen ari dira… egia esan beraien osasunak eskertuko die. Baten batek odoletan ere bukatu du. Gelatxoan dagoen kondensazioa eta beroa zaila dira aguantatzen. Kamixeta gabe eta izerditan blai gaude, baina kontzertuaz gozatzen ari gara. Izerdi elkartrukatzea dirudi honek. Bikaina gaurko kontzertua, deskarga handia izan da. Materiala jaso eta bagoaz kanpora korrika oxigeno pixkaten bila. Gosaldu dugunetik jan gabe gaude eta bagoaz jateko zerbaiten bila. Alokatutako kotxea 23:00etako itzuli beharra dugu beraz, berriz Manhattan aldera atera aurretik zerbait afaldu nahi dugu.

Azkenean ez digu afaltzeko denborarik eman. Afaria eramateko jartzeko esan eta materiala jaso orduko bagoaz New Yorkera. Igandea da eta 21:00ak inguru dira. Sekulako trafijoa dago Time Square inguruan dugun ensaio lokalera iristeko. 12 pixutako eraikina da. Pixu guztiak lokalez josita daudelarik. Madonnak ere hemen ensaiatzen omen zuen garai batean. Horrelako kuriositatez josita dago New York. Glamour puntu hori ematen dioten horrelako mila historia kontatzen dabiltza uneoro… iraganean bizitzen ote dauden pentsatzen dut batzuetan. Dena deskargatu eta metrora goaz, leher eginda eta beroa gainetik kendu ezinda. Metroan goaz etxera. Etxean, afaldu eta biharko plana egin beharra dugu. Bihar biraren bigarren zatia hasiko da. Gure furgoneta erosi, kitarra , baxu , bateria eta instrumentu guztiak lortu eta bira osoan zehar izango dugun ekipoa osatu behar dugu ondorengo egunetan. Badugu autosufiziente izaten hasteko gogoa. Gure kontura martxan jartzeko gogoa. Zaila izango da, lan asko suposatuko digu, baina gogotsu gaude. Etxean, afaldu ostean, interneten helbide eta furgonetak topatzen hasi gara. Myspace-a eta webgunean eguneratu eta konturatzeko 01:45 markatzen du erlojuak, begiak ixten zaizkit ordenagailu aurrean. Esterila eta lo zakua hartu eta deskantsatzeko unea da. Bihar autosufizientziaren bila hasiko gara.

Bronx Auto Sale Ekainak 27, Astelehena

Autosufizientziaren bila hasteko eguna da. New York-era iritsi garenetik Puerto Ricoko Cojoba taldeko lagunekin egon gara. Alde guztietara eraman gaituzte eta orain arte ez gara gehiegi fijatu hiri erraldoi honetan nola mugitu. Gaur, atzo gauean aurkitutako helbideak bisitatzeko garaia iritsi zaigu, beldurra ematen digu ea behar dugun furgonetan topatuko dugun edo ez oraindik ez jakiteak. Abentura guztian asko eragingo duen kontua delako. Baina goizean jaiki, atzoko egunerokoa idatzi eta bagoaz etxe beheko “bodegara”, gosaldu eta Bronx auzora goaz furgoneta bila. Bronx auzoa da New York-en bigarren eskuko autoak topatzeko egokienetakoa. Merke aurkitu nahi izan eskero behintzat. Queens-en ere topatu daitezke autoentzat aldatzeko piezak, baina furgonetak edo kotxeak topatzeko Bronx-era joateko gomendatu gaituzte lagunak. Egia esan behar badugu, Bronx-era joateak ere ilusio handia egiten digu. Badu zerbait berezia auzo honek.

Metrora sartu eta uste baino errazago moldatu gara Harlem auzotik Bronx-era iristeko. Gelditu beharreko geltokian atera eta berehala topatu dugu atzo gauean interneten topatutako auto denda. Iritsi eta gustoko furgoneta bat topatu dugu. Gure material guztia sartuko ote denaren duda dugun arren, saltzailearekin tratuan hasi gara. Palestinar jatorria duen saltsailea gogor hasi da tratuan. Guk ere gogor egin diogu eta salneurri interesgarri bat lortu dugu. Seguruaren kontua ere lotzeko tramite batzuk egin beharko ditugu baina aukera ona da. Hain aukera ona, hain azkar topatzeak asko lasaitu gaitu. Hau topatu badugu… beste aukera gehiago topatuko dugu. Baina ez da horrela izan. Bronx-eko alde hau guztia oinez gurutzatu ostean beste pare bat denda bakarrik topatu ditugu. Zaila da hemen furgonetak topatzea. Azkenean, 3 furgoneta ezberdin ditugu aukeran. Eguardiko 15:00ak dira iada eta gaurkoz hemen utziko dugu. Oraingoz, Manhattan-era itzuliko gara kaleetan zehar galtzera eta etxera goiz itzuliko gara beste auzoetako aukera berriak bilatzeko asmoz.

20110626_new_york_ii_0072

Time square geltokian gelditu eta alde komertzial honen kaleetan galdu gara. Argi eta pantalla disdiratsuak impresio handia egiten dute. Pare bat argazki atera eta komik denda bat ikusi ostean Grisley eraikina ikusteko gogoa dugu eta eraikin hau eta Empire State ikustera goaz. Gaur oinez ibiltzeagatik eman digu. Gustora jarduten gara hiri honetako kaleetan galduta. Etxera metroz itzuli ordez, oinez itzultzea erabaki dugu. 30 kalean gaude eta 112.era iritsi behar gara… beraz, bide luzea dugu aurretik. Oso nekatuak gaude, baina gauzak ikusteko gogoz gaude. 5.avenida hartu eta bagoaz iparraldera, Harlem-era. Dendarik garestienetatik, Central Park pasa eta bide interesgarria dugu etxera iritsi bitartean. Bidean goazela “kaixo, Kaixo” entzun dugu. Buelta eman eta mutil bat topatu dugu. Euskaldun bat zelakoan euskaraz agurtu dugu, baina berak ingelesez jarraitu du. Duela bi egun gure kontzertua ikusten egon zela esan eta ezagutu gaituelako kaso egin dugu. Euskal etxean euskara ikasten ari den gazte honek kasu egin izanak ilusioa egin digu. Ez da erraza horrelako hiri handi batean ezagunekin topatzea, baina egia esan polita izan da berarekin topatzea. Euskal Herrian izan zeneko pare bat kontu egin agurtu gara. Abuztu bukaeran topatuko garelakoan.

Bide luzea goxatzeko afaltzen geratu gara Harlem auzora iritsi aurretik. Afari oso goxo baina juxtu xamar baten ostean etxeraka goaz. Egun polita izan da. Leher eginda ditugu hankak… goizeko 11:00etatik 22:00ak arte gelditu gabe jardun gara. Afaltzeko bakarrik gelditu gara. Carolina del Norte eta Floridaren arteko partidua ikusten egin dugun afari deskantsua ta gero etxera iritsi eta furgonetako kontuekin jarraitzeko asmoa dugu. Malafaki elkarteko Jorgek furgoneta bat lortu digunaren mezua jaso dugu etxera iritsi orduko. Biharko begiratzeko geratu gara Queens auzoan. Etxean bezala sentitzen gara hiri erraldoi honetan. Gustoa eta dana harrapatuko diogu martxa honetan. Ea pare bat egunean furgoneta eta materialaren kontuak bukatu eta birari ekin ahal diogun hiri erraldoitik kanpora. Cojobakoekin zerbezatxo batzuk eta kontutxo batzuekin bukatuko dugu gaur eguna, nekatuta, baina oso gustura. Ondo lo egin.

Humilitate Egunerokoa

astelehena, 27 ekaina, 2011

NY-N ETXEAN BEZALA ekainak 25, larunbata

270623_1837247493238_1302013488_31679563_7534536_n1

Lo pixkat egin eta pixkat deskantsatzea lortuta esnatu gara gaurkoan. Behar genun deskantso pixkat lehen egun luzea eta gero. Gosaltzera jeitsi gara Harlem auzoko “bodega” batera… han ultramarinos deituko genioken antzeko dena horietako batera. Gosari yanki baten ostean, elektronika eta musika denda batera goaz, kontzertuetarako materiala astelehenetik aurrera lortuko dugun arren makilak, adaptadoreak eta minimo batzuk beharrezko ditugulako. Dendara bidean paseo polita eman dugu eta saskibaloi partidu eder bat ere topatu dugu kalean! Gaur ABC NO RIO mitikoan jo behar dugu eta ilusioa nabaria da gure artean.

80. hamarkadako lehen urteetan hasi ze martxan etxe hau. Urte guzti hauetan kontzertu pila antolatu dituzte eta oraindik ere horrelaxe jarraitzen dute. Matinee-ak antolatzen dituzte larunbat arratsaldeetan. Alkoholik eta drogarik gabeko kontzertuak adin guztientzat. Arte eta espresio ezberdinak lantzen diren gune dugu ABC NO RIO. Garai batean “Abogados y Notarios” izeneko eraikina zen eta hutsa gelditu zenean eta hauek hartu zutenean eraikinaren kanpokaldeko kartelean zutik geratzen ziren letrak hoietxek zirelako: ABC NO RIO. Antolaketa txukuna eta jende ezberdina biltzen duen eraikina eta kolektiboa da eta Manhattan-eko hego-ekialdean erreferentzia bikaina da.

Iritsi garenerako lehen taldea hasteko dago. 15:30etan hasi da kontzertua eta screamo talde gazte bat hasi da kontzertua irekitzen. Ondo egiten dute egiten dutena. Amorru asko transmititzen dute, biana niri pertsonalki ez zait gehiegi gustatzen mikro eta instrumentuak ondo ez zaintzea eta bertako abeslariak mikroa lurrera botatzeko joera handia du. Norbere instrumentuekin nahi duzuna egin baina kontzertuko talde denek erabili behar duten materiala ondo zaintzea beharrezkoa iruditzen zait. Jatorrak dira gaztetxoak, eta gure txanda iritsi denean beraien ekipoko pare bat gauza utzi dizkigute. Guk soinu prueba handirik gabe hasi behar izan dugu kontzertua, ordutegiz justu gabiltza eta ez dago denbora gehiegi galtzeko astirik. Atzo baino soinu hobearekin kontzertu txukuna eman dugu. Asko gozatu dugu. Gainera gureak ez diren instrumentuekin eta normalean jotzen ez dugun bezala jotzera moldatu gara eta oso txukun egin dugula uste dugu. Izerdi patzetan bukatu dugu denok kontzertua eta korrika kanpora atera behar izan gara haizea hartzera. Bikaina gaurkoa ere!

Kontzertuan Huasipungo talde mitikoko abeslariarekin topatu gara. Jatorri latinoko talde mitiko hau Los Crudosekin ateratako Split-etik ezagutzen ditugu eta ilusio handia egin digu beraiek ezagutzeak. Gauean, Brooklyn-en jotzen dutela esan digu eta metroan zein bidai egin behar dugun idatzi eta 9ak alderako hantxe geuden Brooklyn-en. Manhattanen antzik ez du auzo honek. Fabrikaz jositako auzoa da. Denda eta tabernarik ia ez dugu topatu ibili garen tokian eta askoz ere lasaigoa da. Industria gunea merketu, gazte punki eta artistek beraien aktibitateetarako hartu eta pixkanaka inguruaren prezioa igotzeko politika aplikatzen ari da hemen ere NY-ko gobernua. Auzoak garestitu eta pijotzeko politika da hau. Manhattan eta beste hainbat auzotan ere egin dute gauza bera. Espekulatzeko modu egokia da. Punki eta artistak erabiltzeko oso modu egokia da hau politikarientzat. Gazte hauetariko asko ez dira honetaz ohartzen eta beste askok gogor salatzen dute jarrera hau. Sistemaren joku horretan eroritzearen alde ez daudenek ez dute oso ondo ikusten gune hauetan aktibitate hauek sortzea. Orain hala ez dirudien arren sistema eta espekulazioa elikatzeko lehen pausua baita. Kontzertua ikustera joan garen fabrika ere ilegalki bizitzeko baimena ezarritako fabrika zahar bat da. Bizitzeko baldintzarik ez duen fabrika hau orain punki eta gazteek betetzen dute. Alkiler garestiak ordaintzen dituzte lau metro eskaseko txoko hauengatik.

Talde asko dira gaur gauean joko dutenak eta gu Huasipungoko lagunekin elkartu gara eta orain kontatutako historia azaldu digute. Hori dela eta ez diete ilusio gehiegi egiten horrelako kontzertuak jotzea. Beraien alkilerra ordaintzeko antolatzen dituzte kontzertu hauek gazte askok. Talde interesgarri asko ari dira jotzen eta hauetariko birekin hizketan aurrez ezagutzen ginela ohartu gara. Batzuek Off minor taldearekin jo zuten getarian eta beste batzuk bistaz ezagutu gaitu gure Putzuzulo maitean zuzenean jotzen aritu zirelako No slogan taldearekin. Zein txikia den mundua! Gaur ere latino jatorrikoekin elkartu gara eta kontu kontari eta zerbeza artean sekulako festa montatzen hasi gara kontzertuko gelako kanpoko pasilloan. Atzoko kontzertuan egon zen gazte bat ere agertu da gaur arratsaldeko kontzertura eta orain ere gauean agertu da. Atzo izandako lagun asko daude gaur ere, baita Washington DC eta Baltimoreko kontzertuan gurekin izango den lagun bat ere… kuadrilan sentitzen gara eta hegoamerikar hauekin umorerik ez da falta. Huasipungokoak beraien materiala montatu eta beraiek jotzen hasi aurretik guk jotzea proposatu digute. Antolatzaileei ez die grazia handirik egin eta Huasipungokoak, guk jo ezean beraiek ere ez jotzkeo prest agertu dira. Azkenean, jotzen utzi ez digutela eta, beraiek hasi dira jotzen eta 6.abestiaren ostean Palestina eta Euskal Herriari buruz hitz egin dute abestia hasi aurretik. Abestia bukatu ostean, jendeari galdetu diete ea guk abesti pare bat jotzerik nahi zuten eta jendearen baiezkoaren ostean hantxe goaz jotzera. Ezer aldatu gabe, beraien kitarrak eta instrumentuak hartu eta 3 kanta jarraian jo ditugu. Gozamen handia izan da Huasipungorekin jotzea, beraien ibilbide luzean zehar mantendutako jarrera bikaina erakutsi du taldeak beste behin.

Azkenean, kontzertu ostean latinoamerikarrekin beste etxe batera joan gara Brooklyn-en bertan eta han jarraitu dugu parranda. Gu iada oso nekaturik. Etxerako bidean eguna argitzen hasi da berriz, bidean galdu garen arren etxera iristea lortu dugu, pare bat hitz eta berriz lo gaude. Goiz etxeratuko ginela suposatzen zuen egunea… goizean goiz itzuli gara etxera! Bihar New Jersey-n jo behar dugu arratsaldeko 15etan, beraz, goiz jaiki beharra dugu. Bihar gauean deskantsatzen saiatu beharko gara… lortuko ote dugu?

Humilitate egunerokoa

astelehena, 27 ekaina, 2011
BAGOAZ Ekainak 23, asteazkena

Eta iritsi da eguna azkenean. 9 hilabete antolatzen, irudikatzen, amesten, eztabaidatzen eta txukuntzen egon ostean, iritsi da ekainaren 23a. Urruti geratzen da entsegu lokalean amesten ideia sortu genuen eguna. Mobileko iratzargailuarekin etxeko salan esnatu naiz, aurreko egunean ordu txikiak arte azken detalleak prestatzen egon ostean, bidaiari ekingo diogu. Taldekoei sms bidez 6:45ean jasoko ditudala esan eta abiatu gara.

Erdi lo, baina irripartsu gaude denok, ilusioz, urduritasunarekin (lagun batek esango lukeen bezala: “urduri ez, tentsiyo puntuakin”). 7:50 Donostian autobusera igo eta bagoaz Bartzelonara. Bertan 20:25ean irtengo da Ginebrara (suiza) eramango gaituen hegazkina. Gure maletak zuzenean New Yorkera doazen arren, guk Ginebran egingo dugu lehen geldialdia, lehen geldialdia eta lehen kontzertua. Bartzelonara iritsi eta bazkaltzeko zerbait erosten gabiltzan bitartean gure lagun Pako Disundead-en deia jaso dugu. Ahots berezi hori entzuteak umorea piztu du veste behin gure artean… eta konturatzerako hantxe genuen furgonetarekin gure zain. Metroa ez hartzeko eta bera arduratuko dela guri aireportura eramateaz. Beraz, Hospitaletera eraman gaitu bere etxera bazkaltzera. 2004ean Erantzun-ekin lehen aldiz Euskal Herritik atera ginenean ezagutu genuen Pakito Disundead. Bere auzoan igande batean emandako kontzertu ahaztezin hartan. Urteetan, taldearekin bueltaka, jende asko ezagutu dugu, eta askorekin iada ez dugu harremanik, baina batzuekin oraindik ere harreman estua mantentzen dugu eta Pakitok beste behin sekulako erakustaldia jo digu. Txiste artean eta barrezka iritsi gara bere etxera eta bertan, Nalle, gure beste lagun mexikarrarekin elkartu gara. Jateko zerbait prestatu digu eta hantxe bazkaldu dugu, Lehiotik kaleko kotxe batek bolumen altuan duen Los Chichosen musika entzuten da, zoragarria da berriz Hospitaleten egotea, ongi etorri etxera, Hospitalet Ciudad sin Ley.

Bazkari axkar eta kontu txiki batzuen ostean, garaiz abiatu gara aireporturat. Hegazkinak ez omen itxoiten, eta gauzak lasai egiteko denboraz goaz. Kuriosoa, gu ordurako prest ginen… baina hegazkina ez. Hegazkinera igo berritan, gidariak ongi etorriarekin batera, hegazkinak matxura bat duela esan eta 15 min atzeratuko dela esan digu. 15 minuturen ostean 30 minutu gehiago beharko dituztela esan du ezer ulertzen ez den bozgorailutik. Atzeratze honek Ginebrako kontzertura iristea zailduko digu. Konponketaren iraupena goraka doan bezala birako lehen kontzertua galtzeko aukerak ere goraka doaz. Agian kontzertua lapurtuko digu atzeratzeko honek, baina sekulako ilunabarra oparitu digu. Hegazkineko lehio txikitik eguneko azken argi izpiak ikusten ditugu. Hiriak gauez margotzen dituzten lehen argiekin nahasten. Zoragarria!

Hegazkinak lur hartu bezain laixter korrika atera gara, Ginebrako zentrora eramango gaituen trena hartu eta bagoaz kontzertua dugun aretorat, oraindik ere iristeko esperantza txikiren batekin, oso txikiak tamales. Geltokitik 4 minutura dago aretoa eta berehala topatu dugu. Sekulako pinta du eta kanpoan jende asko dago. Taberna gurutzatu eta aretora goaz korrika, baina sartu garenerako iada materiala jasotzen izerditan dauden taldekideak topatu ditugu. Kontzertua bukatu da! Eta iada ez dago jotzeko aukerarik! Sekulako pena, amorrua, egun osoan eserita bidiaitzen egon ostean, musika tresnak hartu eta izerditzeko gogoz ginen… beste batean beharko du. Robertito Moshu Rayako baxularia topatzen saiatu gara, berak antolatzen zigulako kontzertua. Tabernariak, Amsterdamen dagoela esan digu eta zerbezatxo bat eskaini digu. Pena aurpegiz begiratzen digu jendeak hegaldiarekin izandako arazoa kontatzen diegun bitartean. Kontzertu eta afari gabe geratu gara eta ez dakigu lotarako tokirik izango dugun… pena eta amorruarik kezka gehitu zaio. Zer egin erabakitzen ari garen bitartean Daniel ezagutu dugu. Kontzertua ikustera etorri den gazte bat. Gu ezin ikusi izana pena dela adierazi digu eta kontu kontari hasi gara. Suizan ea sarritan jo dugun galdetu digu. Jotzen aritu garen herriak zerrendatzen ari ginela, 2006ean Erantzun-ekin Schwiz herrian jo genuela komentatu diogu. Jaja eta kasualitatea, 16 urte zituela, bizi izan zuen lehen Hardcore kontzertua izan zela esan digu! Erantzun taldea ikusi zuela eta ikaragarria iruditu zitzaiola esan digunean barrez hasi gara. Bira hartan Fres-ek abestu zuen gurekin beraz, kontzertu ikaragarri hartan elkarrekin izan ginen… eta orain hemen topatu berri gara 5 urte beranduago kasualitate hutsez. Polita da urte guzti hauetan egindako bidaiek nonbait marka txiki batzuk usten dituztela ikustea. Zoragarria. Honek pixkat alaitu gaitu eta Daniel agurtu ostean Stephan gerturatu zaigu, lotara bere etxera goazela esanaz, tabernariak ere taberna itxi ostean bertan zerbeza batzuk hartzera gonbidatu gaitu eta horrelaxe igaro dugu gaua, kooperatiba moduan gazteek eramaten duten taberna interesgarri honetan Suitzako lagun hauekin kontu kontari. Ondoren, Stephanek etxera eraman gaitu, jatekoa eta dena erosi digu bidean eta bihar aireportura joateko egin beharrekoa ere garbi azaldu digu. 5 puxtarri hiretzat Stephan, gaua salbatu diguk!. Ia 24 ordu bueltaka eman ostean lehertuta etzan gara. 4 ordutxo ditugu lotarako eta berehala lokartu gara denok.

Putzua gurutzatzeko garaia ekainak 24, osteguna

20110625_new_york_0013

Lo gutxi eginda baina pixkat deskantsatuta jaiki gara. Ordenagailuan New Yorkera iritsitakoan egin beharrekoa ondo begiratu, bertan bilduko garen lagunen datuak hartu eta bagoaz aireportura. Umoretsu gaude. Gaur New Yorken lehen kontzertua emango dugu. Niretzat putzua gurutzatuko dudan bigarren aldia da. 2008an Erantzun-ekin Hegoameriketako bira izan zen Atlantikoa gurutzatu nuen lehen aldia eta egia esan hegaldiak alperkeri pixkat ematen duen arren ilusioz goaz.

Gaur hegazkina handiagoa da, eta aulkiak ere uste baino erosoagoak. Nik, bidaiako tartetxo hau aprobetxatu dut idazten ari naizen eguneroko honi hasiera emateko. Ez pentsa beti hainbeste idatziko dudanik, jeje, behin biran buru belarri hastean ez dakit zenbat denbora izango dudan… beraz, batzuetan luze idazteko aukera izango dut eta beste askotan ez, baina tira, saiatuko naiz abentura hau ahalik eta txukunen kontatzen. Asmoa ez da egunero egunero idaztea, baina saiatuko naiz sarri idazten. Oraingoz hemen utziko dut gaurkoa, hegazkina laixter iritsiko da JFK aireportura eta gailu elektronikoak itzaltzeko esan berri digu gidariak bozgorailutik. Gaur Cojoba taldearekin elkartuko gara 3 egunez elkarrekin jotzen aritzeko. Indarrik geratzen bada gaur gauean kontzertu ostean kontatuko nola bukatu den eguna.

Eta ez dut indarrik izan kontzertu ostean ordenagailu aurrean jartzeko. Jeje eta orain hemen nago ekainaren 25 goizean, taldekideak oraindik lo daudela atzoko egunaren errepasotxoa egiten. Hegazkinak lur hartu du, arazorik gabe, hegaldi lasaia izan da eta egia esan behar bada nahiko zerbitzu ona eskaini digute. Hegazkinetik jeistean, poliziak gurekin izango zuen jarrerak kezkatzen zigun, sartzen utzi ez diotenenen historia gehitxo entzun ditugu azken hilabeteetan. Hau ere arazorik gabe iragan dugu. Galdera pare bat besterik ez dizkigute egin eta guk Route 66 egitera gatozen turistak garela esan diogu. Berehala NY erdigunera eramango gaituen trenean gaude..irrikaz! 2 tren hartu ostean Metrora iritsi gara eta Manhattan aldera 53.enerako bidea hartu berri dugu. Bertan gelditzeko esan digu Cojoba taldeko Taina gure lagunak. Egunotan bere etxean izango gara eta Cojoba taldearekin jotzen arituko gara. Duela urte asko Euskal Herrian ezagutu genuen taldea. Metrotik atera orduko aho zabalik gaude. Eraikin erraldoien artean txiki sentitzen gara. Inguru guztiarekin flipatzen hasi gara. Tainari deitu eta Spanish Harlmen auzora joateko esan digu, beste 6 parada Bronx aldera. Han metrotik atera garenean beste paisaia bat topatu dugu. Puerto rico eta inguruko biztanleria bizi den auzo batean gaude, eraikin askoz ere zaharragoak eta ia gaztelania bakarrik entzuten den auzoan. Kalean sekulako bizitasuna ikusten da. Haurrak eta helduak denak kalean dabiltza eta auzo kuriosoa dirudi. Henri Fiol, Willi Colon eta antzerako artisten kantuak datozkit burura etxeraka goazen bitartean. Hau zoragarria da, oraindik flipatzen jarraitzen dugu. Gure lagunen etxera iritsi eta ongietorri bikaina egin digute gure lagunek eta beraien txakurrak, Leitxuk! Dakizkiten euskerako hitzak praktikan jarri dituzte ta zerbeza hotz batzuekin kontu kontari jardun gara. Kontzertura Joan behar dugula esan eta plana komentatu digu Javierrek: Aurrena beraien ensaiatzeko lokalera joango gara material bila eta handik batzuk taxian joango gara Piramide Club aretora eta besteok metros gerturatuko gara.

80-90 hamarkadetan punk eta hc kontzertuz josia zegoen auzo batera iritsi gara, oraindik ere Manhattan auzoan. The clash, sex pistols eta talde guztiek bertan jotzen zutela kontatu digute aretora bidean. Tamalez, gaur egun, jatetxe eta tabernatxoz josia dago eta parrandarako gune bat besterik ez da, hainbeste gogoko ditugun kontzerturik gabe. Guk Piramide Club aretoan joko dugu, Lur azpiko aretoan. Lehen pisuan aldiz Gay eta Lesbianen festa bat dago. Ekainaren 28a gainean dagoela ikusirik ospakizunez beteta daude inguru denak.

Kontzertu aretoa zoragarria da. Eskilara ixtu batzuk jeitsita iristen zaren areto ilun txiki horietakoa. Zoragarria. 60 hamarkadatik martxan dagoen taberna dugu Piramide. Europan zehar topatutako aretoak ekarri dizkit gogora. Iritsi bezain pronto antolatzaileekin egin dugu topo. Denak ere jatorri hegoamerikarrekoak dira eta denak gazteleraz hitz egiten ari dira. Hegoameriketan zehar egin genuen bira gogora ekarri dit momento askotan gaurko kontzertuak. Baita kontzertua hasteko puntualitateak ere… hegoamerikarrak ez dute ezertarako presarik. Pizzak eta zerbezak ekarri dizkigute lehen taldea oraindik iritsi ez den bitartean. Beraientzat oraindik 22:00ak diren arren… guretzat iada goizeko ordu txikiak dira eta oso nekatuak gaude. Gaua luze egingo zaigulakoan gaude… jeje gure ordutegian goizeko 4ak edo baitira guretzat eta 4 taldeen artean azkenak gara. Lehen taldea oraindik iritsi ez dela eta bigarrenak jotzen hasi dira. Hc-punk nahasketa arina egiten dute. Indartsua eta energía biziarekin, hauen ostean Cojobakoak hasi dira eta hauek ere kontzertu ederra eman dute. Gure txanda iritsi da, nekeak utzi eta gogotsu gaude. Gurea ez den materialarekin jo behar dugu eta moldatzea zaila egingo zaigun arren, eta soinuak batere laguntzen ez duen arren, gogotsu ekin diogu kontzertuari. Jendeak oso erantzun ona eman du eta izerdi patzetan bukatu dugu kontzertua. Kontzertu oso ona izan da. Ez bereziki jendetsua, baina etorri direnak dantza asko egin dute eta denak etorri dira zoriontzera. Asko gozatu dugu eta dugun nekea ahazteko balio izan digu. 24 ordu esna gaudela taxi baten taldeko 4rak Javier eta Taina sartu eta etxeraka goaz… leher eginda baina irripar handi batekin aurpegian… biharko plana zehazteko ordenagailuan kontsulta azkar bat eta berehala lokartu gara denok. Bihar ABC Non Rio areto mitikoan joko dugu, arratsaldez, hasi da abentura!

Humilitate U.S.A. Tour 2011

ostirala, 24 ekaina, 2011

Humilitate 2008ko urte bukaeran sortutako taldea da. Talde ezberdinetan aritutako lagunak elkarrekin aritzeko gogoa zutela elkartu eta jotzen hasi ziren. Ira et Decessus, eta beste hamaika taldeetan aritutako Fres, Erantzun taldeko Murray eta Hodei, Folkcore eta Burux Lee taldeetako Albixu eta Arronak osatzen dute taldea. Hardcorea eta thrash-a oinarri hartuta hainbat musika estilo jorratu dituzte beti ere abiadura eta amorrua bidelagun. Ibilbide motz bezain bizi honetan, zuzenekoak lehenetsi dituzte, Europatik 2 bira, (frantzia, alemania, holanda, txekia, italia…) Estatu espainoetik hainbat bira eta Euskal Herriko txoko gehienetan kontzertuak eman eta gero.

Orain erronka berri baten aurrean daude. EEUUtatik bi hilabeteko bira dute udaran, New Yorken hasi eta estatu gehienetako hiri garrantzitsuenetan jotzera doaz. Osotara 40 kontzertu izango dituzte baina gainera bertan ere maiatzean grabatutako haien bigarren diskoa izango dena argitaratuko dute. “Do it yourself “ (“Zuk zeuk egin”) lema soinean bost lagun hauek haien bizitzetako ametsa beteko dute.

humilitate_1

Entzun atzo Aritzekin egin genuen irratsaioa

asteazkena, 22 ekaina, 2011

Atzo esan bezala, gonbidatu berezi bat eduki genuen ZarataZarautzen. Aritz etorri zitzaigun ABC No Rio aretoaren inguruan sorturiko taldeak jartzera. Citizens Arrest, Bad Trip, Absolution…

citizens

Irratsaioa entzun nahi baduzue, HEMEN duzue. Playlista berriz HEMEN.

Disko gomendioa: Achtung! – Tumbando aguja

asteartea, 21 ekaina, 2011

Achtung!, Afonia eta Dune Buggy taldeetako partaideek sortutako taldea da. Punk Rocka jorratzen dute gehienbat eta aurten argitaraturiko maketa da Tumbando Aguja izena duen hau.

achtung

Abestiak

01 Cianuro
02 Limpieza Total
03 20 contra 1
04 Ti darl Kuen?
05 Punkrockys
06 La carniceria del norte
07 Tu
08 Cerebros de semen
09 Crisis
10 Llora yankee

Diska jeitsi nahi baduzue, klikatu ezazue HEMEN.

Getariar bat ZarataZarautzen

asteartea, 21 ekaina, 2011

Gaurko ZarataZarautz irratsaioan, gonbidatu berezi bat edukiko dugu. Getariatik Aritz etorriko zaigu gustuko duen musika jarriaz. 80 eta 90 hamarkadetan New Yorken sorturiko taldeen abestiak entzun ahalko ditugu, ABC No Rio inguruan sorturikoak alegia.

hardc

Gogoratu beraz, zita zaratatsu bat duzuela gaur gauean, 21:30etatik aurrera.

Disko gomendioa: 25th Coming Fire – Zinc

igandea, 19 ekaina, 2011

Atzo Putzuzulon jo zuten bi talderen elkarbanatua duzue honakoa. 25th Coming Fire eta Zinc taldeen elkarbanaturiko LPa alegia.

25th Coming Fire, Donostialdetik datoz eta Ira Et Decessus, Ruido de Rabia, Rouse edota HHH taldeetan ibilitako jendeaz osaturik dago. Zinc berriz, Madrildarrak ditugu eta blog hau jarraitzen duzuenok badakizue ze taldez ari naizen, Zarautzen makina bat aldiz jo dutelako eta beraien diskaren bat hemen ere eskegi dugulako. Elkarbanaturiko LP hau, Rumble Recordsek kaleratu du.

portada2

Abestien zerrenda

25ht Coming Fire

01 Intro

02 Inexistent

03 Small Ideas

04 Comfort

05 Anachronisty Necessity

06 The Method

Zinc

07 Adelante

08 5 Minutos

09 Black Night

10 Destroy Rock & Roll

Diska jeitsi nahi baduzue, HEMEN duzue.

Astebukaera honetako kontzertu sorta

ostirala, 17 ekaina, 2011

Jarraian duzue astebukaera honetan Putzuzuloko eta Zarauzko taldeen kontzertuen informazioa:

Ekainaren 17an, ostiralean, zarata kontzertu itzel bat edukiko dugu Idiazabalgo Txominoenean. Bertan, Zarauzko Diskoiraa taldeaz gain, Urretxuko Zaborra taldeak eta Egur Jaunak taldeak ere joko dute.

txominoenea

Ekainaren 18an, sekulako kontzertua edukiko dugu Putzuzulon:

ANTI  SAN PELAYO TXIKI    FEST!!!!!
“pelayosanak 2011 berotzeko kontzertua eta festa!!”

Ekainak 18, Larunbata
18:00etan

KANDINSKY
(free jazz , Lyon)
www.myspace.com/chefouichef
Frantziatik datorren taldea. Lyondik zuzenean eta lehen aldiz gurean jazz oso pertsonala jorratzen duen taldea. Begiak itxi eta hegan egiteko musika.

ZINC
(hc-aren maixtrak, Madrid)
www.myspace.com/zincmyspace
25th Comming Fire taldearekin ateratako split berria aurkezten izango ditugu berriz ere gurean inguruko HC talderik mitikoenetakoa. Madrildik zuzenean, emakume ahotsa paregabeaz zuzeneko zeharo basatiak deskargatzen dituen talde bikaina!

25th COMMING FIRE
(hc-a Donostitik)
www.myspace.com/25thcomingfire
Lehen aldiz Putzuzulon Ira et decessus, Antihero, HHH,… eta beste mila taldeetan aritutako musikariz osatutako HC talde donostiar mitikoa! Zuzenean ikusteko oso aukera gutxi dagoen taldea, beraz, galdu ezineko talde benetan interesgarria. Hauek ere Zinc-ekin ateratako split berriko abestiak aurkezten.

ADRENALIZED
(hc-melodikoa, Donostia)
www.myspace.com/adrenalized
Hc melodikoaren maixuak. melodia bortitzak eta doinu oso azkarrak taularatzen dituen talde gazte bezain esperimentatua. Hell divission edo Iron batasuna bezalako taldeetako musikariekin osatua.

MULTA
(punk, Ermua)
www.myspace.com/multataldea
Hauek ere lehen aldiz Putzuzulon. Ermuatik datorren talde gaztea. Putzuzulon lehen aldiz, Kuraia, Nofx, Ume gaiztuak eta antzerako taldeen bertsioak egiten, denok dantzan jartzeko moduko abestiez gozaraziko digute.

INSOMNIO
(hc-metal, Ermua)
Ermuako beste talde bat. lehen aldiz putzuzulon zuzenean!!

+ DJ SIKARA

Eta Ekainaren 21ean, asteartean, hau ere Putzuzulon…

IÑOR EZ

http://www.aldanmoun.net/inorez

+

MORNE

http://www.myspace.com/mornecrust

morne_inorez_web