Salaketa faltsuen inpunitateari STOP!!

30 ekaina, 2010

Gaurkoan berri tamalgarri batekin gatoz. Zarauzko bi lagunek Audientzia Nazionaletik pasa beharko dute Uztailaren 14an gezurrezko akusazio batzuen ondorioz.

Gure aldetik, babes osoa eman nahi diegu bi lagun hauei eta beraien alde egingo diren ekintzetara gonbidatu nahi zaituztegu. Hemen behean, bidali diguten testua jartzen dizuegu.

2009. urteko irailaren 26an, Zarauzko Musika Plazan baimendua zegoen ekitaldi bat burutu zen. Ekitaldi publiko hau, urtero bezala, Gudari Eguna dela eta ospatu zen. Ondoren, dantzariek eramandako ikurrinaren atzetik parte hartzaileak gudarien monolitora joanez. Lore eskaintza egin eta bukatutzat eman zen istilurik gabe eguna.

Bost hilabete beranduago ordea, bi zarauztarrek jasotako salaketak bestelako bertsioa eskaintzen zuen. Herritar anonimo batek zioenez, plazatik monolitora bidean talde batek etengabe lelo konkretu batzuk oihukatu omen zituen: “gora ETA” eta “euskadi ta askatasuna” eta oihu horiek bi zarauztar hauen ahoetatik irteten omen ziren.

Ertzain baten idatziak beste bertsio bat azaltzen zuen berriz. Ez omen zituen lelo hauek etengabe entzun. Agian oihu bakarren bat, eta berak ez zuela inor identifikatu.

Bi zarauztarrek Azpeitian deklaratu behar izan zuten guzti hau ukatuz. Egun horretan ez zeuden taldetxo berdinean. Ez zuten deskribatzen diren moduko oihurik bota.

Bazirudien guztia ezerezean geldituko zela, herritar anonimo honen salaketan ez baitzegoen froga grafikorik, eta dena berak ikusitakora soilik mugatzen zelako.

Audientzia Nazionalaz ari garenean ordea, logikak ez du bere bidea egiten. Zoritxarrez Euskal Herrian ohituak gaude auzitegi honen funtzionamenduarekin. Oraingo honetan ere ez gaitu sorpresaz hartu epailearen erabakiak. Kasua fiskalari igorri eta epaiketa izango da uztailaren 14an Madrilen, “enaltecimiento del terrorismo”gatik izango dira epaituak. Eskaera fiskala berriz, ez da edonolakoa:

Urte eta erdiko kartzela zigorra
Bost urtez Zarauztik kanpo bizi behar
Hamar urtez inhabilitazioa erakunde publikoetan lan egiteko
Bozkatzeko debekua
Berriz ere, herri honetan batzuk duten obsesioa agerian gelditu da. Hamaika dira ezkerreko eta abertzale izateagatik honen moduko salaketak jaso dituzten herritarrak. Hamaika dira epaitegietan deklaratzera joan behar izan dutenak.

Oraingo honetan ere ez da kasualitatea bi zarauztar hauek izatea epaituak. “Testigo protegido” izendatu duten herritarrak bazekien nor salatu. Biek dute 9 hilabeteko zigor bat suspentsioan Zarauzko udaletxean egindako desobedientzia ekintza batengatik. Honela, oraingo eskaera fiskala beteko balitz kartzelara joango lirateke.

Harrigarria da herritar baten hitza nahikoa izatea bi zarauztar kartzelaratzeko. Harrigarria ere, salatariak frogarik aurkeztu behar ez izatea eta salatuek berriz modu guztietako frogak azaldu beharra bere errugabetasuna adierazteko.

Guzti honegatik, behean izenpetzen dugunok zera adierazten dugu:

Ez gaude ados bi herrikide hauek jasotzen ari diren tratuarekin eta guzti honek ekar ditzakeen ondorioekin
Oinarri sendorik gabe pertsona batek inpunitate osoz edonor salatu ahal izatea eta honen ondorioz berau kartzelan sartua izateko arriskuan aurkitzea salatzen dugu.
Honelako kasuen aurrean herritar guztiak mobilizatu eta isiltasuna haustera animatu nahi ditugu.
Horretarako, uztailaren 12an arratsaldeko 8etan udaletxe paretik hasiko den manifestaldian parte hartzera gonbidatu nahi ditugu herritar guztiak. Manifestazioaren leloa “Salaketa faltsuen inpunitateari STOP“ izango da.
Honelako salaketa faltsuak errepikatu ez daitezen, guztion bultzada beharrezkoa da.

Erantzun taldeak Amurrioko La Kuadran joko du

25 ekaina, 2010

Erantzun taldeak, Amurrioko La Kuadra etxean joko du Uztailaren 1ean, ostegunean.

Beraiekin batera, Europar birari amaiera emango dioten Ursus Galiziarrek ere joko dute. Gogoratzen bazarete, Zarauzko Arrano tabernan eman zuen birako lehen kontzertua Crust talde honek.

erentxun

Entzun atzo egin genuen irratsaioa

23 ekaina, 2010

Kosta izan bazitzaigun ere, irratsaio duin bat egitea lortu genuen atzokoan. Lehen hamar minutuak nahiko kaotikoak izan baziren ere, doinu berriak entzuteko parada izan genuen. Hala nola, Cerdos Compases, Estigia, Escombro, Human Compost, Cinder edo Lobo Electrico bezalako taldeen abestiak entzun genituen.

1277279096366_f

Irratsaioa entzun nahi baduzue, klikatu ezazue HEMEN. Playlista berriz, HEMEN duzue.

Gaurkoan gure txanda da

22 ekaina, 2010

Denbora batean gustoko musika jarri gabe egon ostean, Lagun Izoztuaren eta B jaunaren txanda heldu da. Gaurko ZarataZarautz saioan azken aldian lortu ditugun nobedadeak eta klasiko batzuk errepasatuko ditugu.

1277125957350_f

Gogoratu zita zaratatsu bat duzula FMko 99.3an (Zarautzen bazaude) edo interneten.

Entzun Victoriarekin eginiko irratsaioa

16 ekaina, 2010

Benetan interesgarria izan zen atzo Victoriarekin egin genuen irratsaioa. Poloniako talde mordoa entzuteko parada eduki genuen eta beste hainbat gauzetaz hitzegin genuen ere.

1276594171433_f

Irratsaioa entzun nahi baduzue, klikatu ezazue HEMEN. Playlista berriz HEMEN duzue.

Poloniako taldeei egingo diegu errepasoa gonbidatu batekin

15 ekaina, 2010

ZarataZarautz saio berezi bat izango dugu gaurkoan. Berezia, Poloniako taldeei errepasoa egingo diegulako. Eta berezia ere, gonbidatu bat izango dugulako. 4 urteren ostean, lehen emakume ahotsa izango dugu gure ordutegian. Bilbotik etorriko den Victoria edukiko dugu gurean. Beraz, aukera paregabea izango da gaurkoa FMko 99.3a sintonizatzeko. Gogoratu, gaur gaueko 21:30etatik aurrera zita zaratatsu bat duzula Homomilitia edota Post Regimen bezalako taldeekin.

homo

Gogoratu ere, interneteko konexioa konpondu dugula eta entzungai egongo dela ekaitz honek uzten badigu. Internetez entzun nahi baduzue, HEMEN klikatzearekin nahikoa duzue. Telebista ere seguruenik prest egongo da gaur gauerako.

30% taldeak Putzuzulon joko du

14 ekaina, 2010

Kontzertu itzel baten berri eman behar dizuegu. Ekainaren 18an, ostiralean eta gaueko 22:30etatik aurrera hardcore kontzertu mundial bat edukiko dugu Putzuzulo Gaztetxean. Bertan, 30% Andoaindar talde mitikoak joko du. Andoaingo Gaztetxearen urteurrenerako elkartu ziren berriz ere eta orain Zarautzen izango ditugu. Beraiekin batera, Zarauztarrak diren Burux Lee eta Dirtaa taldeek joko dute.

burux-lee-kartela_web

Disco gomendioa: Escombro – Hijo del deshecho (1993)

10 ekaina, 2010

Denbora luzez disko hau lortu nahian ibili nahiz eta gaur arte ez dut lortu. Escombro taldearen, Hijo del deshecho diskataz ari naiz. Buenawistako talde mitiko horietako bat da Escombro, 90. hamarkadakoa. Bertan, Anestesia taldean ibilitako baten batek jo zuen.

escombro011

Abestiak

01 Patxanga
02 Dep
03 Siento el sol
04 Ultimo sueño
05 Vives
06 Compartiendo
07 Soy cadaver
08 Quizas mañana
09 Extraño
10 Urbildu
11 Viaje sin regreso
12 No me creo ni la mita
13 Vida eterna
14 Nire hileta
15 No podras salir
16 Miriam
17 Sin rumbo fijo
19 Loco

Diska jeitsi nahi baduzue, HEMEN duzue.

Ahhhh!! eta diska hau ere lagun bati lapurtu diot blog honetatik.

CopriFest jaialdia ospatuko da Putzuzulon

9 ekaina, 2010

Kontzertuz beteriko astebukaera dugu Putzuzulon beste behin ere. Hiru egunetan zehar II. Copri Fest jaialdia ospatuko da Gaztetxean. Iker Venereal zenaren omenez burutzen den jaialdia da hau eta hiru egun hauetan talde hauek joko dute:

Osteguna, Ekainaren 10ean eta 20:30etan:

MADELEINE (Donostia)
COHEN (Urnieta)
BOUGWOULE (Poitiers)

Ostirala, Ekainaren 11ean eta 22:00etan:

VACIO(Punk gordina Bilboti)
PELIGRO DE MUERTE(D-Beata Izar Beltz ateneotik)
SUB-RATS(Gitarra eta bateriarekin eginiko Grind Crust bortitza Portugaletetik)
INZESTO(Horror Punka Sodupetik)

Larunbata, Ekainaren 12an eta 21:00etan:

WILD DÖGS(Emakume ahotsez eginiko Hardcore azkarra Madrildik)
ULTIMA NEURONA(Punk doinuak Udondotik)
J.A.N.(Hardcore klasikoa Alonsotegitik)
DISTURBANCE PROJECT(Grindcore Brutala Madrildik)
SENE(Punk-Crusta Holandatik)

Larunbatean gainera, Middle Finger Response fanzine Madrildarraren aurkezpena egongo da eta kontzertuan bertan lortu ahalko da.

coprifest_web

Barcelona Käos Compilation bildumari errepasoa egingo diogu

8 ekaina, 2010

Ekainaren 8ko ZarataZarautz irratsaioan, Barcelona Käos Compilation bildumari egingo diogu errepasoa. Bilduma hau, Kremon Records zigiluak kaleraturiko 12 hatzbetekoa da.

barcelona-kaaos

Bertan, Bartzelonako talde ezberdinen abesti bana irteten da. Hala nola, Mass Mierda, Cinder, Holocaust in your head, Habitacion 101 edota Disputa bezalako taldeak entzun ahalko ditugu gaurkoan. Honez gain, disko bilduma hau aurrera eraman duten lagunekin elkarrizketatxo bat egiten ere saiatuko gara.

Azken aldian arazo teknikoak ditugu irratian eta ez dakigu internet bidez emititzerik izango dugun. Badaezpada, HEMEN duzue internetez entzuteko helbidea, gaur arratsaldean lortzen badugu.